Alderdiak

EH Bildu kalera atera da gaur, «etsipena esperantza bihurtzeko»

«Ongizate Hitzarmena modu masiboan gizarteratzeko», jendearekin komunikazio zuzena izaten ari dira alderdiko kideak hiri eta herri askotan.

Nerea Kortajarena legebiltzarkidea (erdian), azaroko agerraldi batean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2022ko azaroaren 19a
12:57
Entzun

EH Bilduk bere mezuak «modu zuzenean» helarazi nahi dizkio jendeari, kalean, eta, xede horrekin, alderdiko kide ugari helburu horretan daude gaur, kalean. Koalizio abertzaleko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak azaldu du Donostian «etsipena esperantza bihurtu» nahi dutela, eta beren politika egiteko modua «masiboki» komunikatu nahi dutela.

Eta zein diren EH Bilduk gauzatu nahiko lituzken politikak? Koalizioak uste du «aberastasuna banatu» behar dela, «energia merkatuan esku hartu, etxebizitza merkatuan bezala, alokairuari muga ezartzeko». Horrez gain, «osasun sistema publikoa indartu» behar dela argi dauka EH Bilduk.

«Erronka bat ezarri diogu geure buruari: 250.000 pertsonari eskuorri baten laguntzaz gure mezua helaraztea, eta, horretarako, EH Bilduren komunitateko kide bakoitzari aktibismora jauzi egiteko eskatu nahi diogu». Herri, auzo eta hiri bakoitzeko «baldintza eta errealitateari egokitutako ekimenak» planteatzen ari da koalizioa.

Madrilen ere bai

Kortajarenak azaldu du Donostiako Bulebarrean «gaur inflexio puntua» izatea nahi dutela, «zerbait berriaren hasiera», «herritarrentzat» lan egitea delako koalizioaren helburua, «baina haien alboan egon da, kalean». Kortajarenak esan du «denen ongizatea» xede duten politikan ari dela koalizio abertzalea, eta, horretarako, akordioak bilatzen dituela, «edukietan oinarriturik».

Aste honetan Madrilen egindako akordioa ekarri du gogora: «EH Bilduk ituna egin du Espainiako Gobernuarekin euskal ogasunek bil ditzaten bankuen eta enpresa elektriko handien zerga berriak. Hori da EH Bilduk politika egiteko duen modua, eta herritarrek jakin behar dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.