Eskubide Sozialen Gutuna

Bizitzaren garestitzearen aurka batu dira milaka Hego Euskal Herrian

Eskubide Sozialen Gutunak manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak! Pobretzearen aurrean, aberastasuna banatu! lelopean.

Mobilizazioaren irudia. UNAI ETXENAUSIA / BERRIA
unai etxenausia
2022ko azaroaren 19a
17:27
Entzun

Soldaten eta prezioen arteko arrakala gero eta handiagoa da Hego Euskal Herrian. Horretaz jabetuta, langileek eta pentsiodunek gogor kritikatu dute «egungo krisi sistemikoa» Gasteizen egin duten manifestazioan. Milaka pertsona batu dira Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragileek deitutako mobilizazioetara. Gasteizko manifestazioa 12:00etan abiatu dute, Artium museotik. Beste hirurak 17:30ean izan dira; Donostiakoa Bulebarretik hasiko da, Jesusen Bihotzetik Bilbokoa, eta Baluartetik Iruñekoa.

Puntuan abiatu da Gasteizko manifestazioa. Txistulariek eman diote hasiera, eta haien atzetik atera dira mezu nagusia daraman pankartari eusten duten pertsonak. Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak! Pobretzearen aurrean, aberastasuna banatu! da eguneko leloa. Horrez gain, borroka sozial desberdinetako hainbat mezu irakur daitezke: etxebizitza duinaren aldekoak, zerbitzu publikoa defendatzen dutenak... jende gehienak bandera edo kartelen bat darama, gainera.

Arabako Pentsiodunen Mugimenduko kideak dira protestan dauden gehienak. Eta, duda barik, gehien oihukatzen dutenak ere badira. Haiek gidatu dituzte gainontzeko pertsona guztiak. «Terrorismoa hilaren amaierara ez iristea da» edota «Jo eta ke, irabazi arte» bezalako aldarriak entzuten dira.

Protesta oihuen artean iritsi dira manifestariak Maria Sortzez Garbiaren katedralera. Eraikinaren pareko eskaileren inguruan elkartu dira guztiak. Ana Tere Diaz Arabako Pentsiodunen Mugimenduko kideak irakurri du deitzaile guztien artean idatzitako adierazpen bateratua.

Amorruz hasi da hizketan: «Gaitzetsi nahi dugu egungo krisi sistemikoaren aurrean, botere publikoen alternatiba. Langile klasea pobretzen den bitartean, pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzen dute».

«Banaketa justua»

Zerbitzu publikoen murrizketak, «zainketen lan ikusezin eta aitortu gabeak» zein «ekosistemen eta biodibertsitatearen suntsipena» ere gogor kritikatu ditu Diazek, «eskubideen aurkako aurrez aurreko eraso» gisa definituz. Izan ere, horrek, etxebizitzen eta alokairuen prezio «neurrigabeak», «zerbitzu publikoen okertzea» eta «krisi klimatikoaren okertzea» dakarrela salatu du.

Arazoentzako premiazko konponbideak eskatu ditu ondoren. Soldata eta pentsioen erosahalmena berreskuratzea eta hauek KPIaren arabera igotzea; baita soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea ere. «Aberastasunaren banaketa justua» izatea, hain justu. Zifretan, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitu ditu.

Amaieran, protesten garrantzia azpimarratu nahi izan du Diazek: «Hau ez da manifestazio soil bat, gure aldarrikapen premiazkoenak lortzeko aukera historiko bat baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.