Albistea entzun

COP27

Kalte ordainetarako funtsa eratzea adostu dute COP27 bileran

Garabidean dauden herrialdeei laguntzeko izango da funtsa, baina Txinak eta Indiak ere egingo dute ekarpena. Berotegi gasen isuriak murrizteko konpromisoetan ez dute akordiorik erdietsi.

Ekintzaile talde bat klima larrialdiari aurre egiteko neurriak exijitzen, atzo, CO27 biltzarra hartu duen Xarm el-Xeikh hirian (Egipto).
Ekintzaile talde bat klima larrialdiari aurre egiteko neurriak exijitzen, atzo, CO27 biltzarra hartu duen Xarm el-Xeikh hirian (Egipto). Sedat Suna / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi - Paulo Ostolaza -

2022ko azaroak 20

Amaitu da COP27 klima aldaketari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen biltzarra. Eta akordio batekin, gainera: «aldaketa klimatikoarekiko zaurgarriak» diren herrialdeen kalte ordainetarako funts berezi bat sortzea adostu dute. Akordio historikoa dela nabarmendu dute Egiptoko Xarm el-Xeikh bildu diren herrialdeetako ordezkariek, eta txalo zaparrada batekin hartu dute ituna.

Bart, azken negoziazioetan murgilduta ibili dira 200 estatu parte hartzaileak, eta aldeek lortu dute eztabaidan geroz eta eremu partekatu handiagoa finkatzea. Estatu aberatsenen eta garabidean dauden herrialdeen arteko jarrerak hurbildu egin ziren egunak aurrera egin ahala. Azken orduan, mahai gainean ziren akordioak josi beharreko elementu guztiak. Bi korapilo ziren askatu beharrekoak, nagusiki: klima krisiak eragindako galeren eta kalteen ordainerako funts bat sortzea, eta berotegi gasen isuriak murrizteko konpromisoetan sakontzea. Askatu dute bat; bestea, ez.

Kalte ordainen funtsa sortzeari dagokionez, hura izan da garabidean dauden herrialdeen lehentasuna COP27n. Lehenengoz lortu dute COP batean estatu industrializatuenen erresistentzia gainditu eta puntu horren eztabaida gai zerrendan txertatzea. G77 blokeak —garabidean dauden estatu ia guztiak biltzen ditu, Txina barne— aste honetan proposatu zuen funts horren oinarriak ezartzea 2023an Dubain egingo den COP28rako, eta argudiatu zuen klima larrialdiaren erantzule nagusiek jarri beharko luketela dirua; hau da, herrialde aberatsenek.

Akordio horren bidez, garabidean dauden herrialdeei berehalako baliabide ekonomikoak ematea adostu dute, «larrialdi klimatikoak sortzen dituen eragin ekonomiko eta ez ekonomikoei aurre egiteko». Bloomberg-ek azaldu duenez, gehien kutsatzen duten herrialdeek ere funtsera ekarpenak egitea adostu dute, tartean, Txinak eta Indiak. Dena den, xehetasun asko zehazteke daude oraindik; besteak beste, zenbat diru bilduko duen funtsak.

EB Europako Batasuna halako funts bat sortzearen alde agertu zen herenegun, nahiz eta hasieran esan egokiago ikusten zuela egun indarrean diren bestelako finantza bide batzuk erabiltzea kalte ordainetarako, laguntza hori azkarrago banatzeko modua emango lukeela argudiatuta. Frans Timmermans EBko klima politiken arduradunak, baina, ohartarazi zuen garabidean diren herrialde horien artean badirela egun planetaren berotzean ardura esanguratsua duten estatuak eta funtsari ekarpena egiteko baliabidea nahikoa dutenak. Horien artean leudeke Txina, Errusia eta Saudi Arabia, besteren artean.

Herrialde garatuen eta garabidean daudenen arteko sailkapena 1992an jaso zuen Klima Aldaketari Buruzko NBEren Hitzarmenak. Bigarren multzoan dago Txina, munduko ekonomietan bigarren handiena izan arren eta atmosferara karbono dioxido gehien isurtzen duen herrialdea bada ere. «[Funtsak] herrialdeen 2022ko egoera ekonomikoa hartu behar du oinarri, ez 1992koa», adierazi zuen herenegun Timmermansek.

Akordiorako azken zirriborroak jaso zuen funtsa «garabidean dauden herrialde guztiei» egongo dela irekia, baina «bereziki zaurgarriak diren herrialdeak» lehenetsiko zituela. Erdibideko formulazio horren inguruan saiatu ziren adostasuna lortzen EB eta G77 blokea.

Xie Zhenhua Txinak COP27 bileran duen ordezkariak The Guardian egunkariari adierazi zion Pekinek ez duela funts horri ekarpena egiteko betebeharrik, garabidean den herrialdea den neurrian, baina nabarmendu zuen bere borondatez ari dela beste herrialde batzuk laguntzen Latinoamerikan eta Afrikan, esaterako. «Ardura herrialde garatuena izango da. Beraien erantzukizuna eta betebeharra da».

Glasgowtik, atzerapausoa

Bestetik, berotegi gasen isuriak murrizteari dagokionez, ez dute akordiorik itxi. EBk atzo goizean salatu zuen akordio proposamena atzerapausoa zela, iaz Glasgowko (Eskozia) COP26 bileran hitzartutakoaren aldean. Glasgown erabaki zen estatuek isuriak murrizteko planak zehaztuko zituztela aurten, mende amaierarako 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko helburua egingarria izan zedin. Estatu gehienek ez dituzte plan horiek aurkeztu oraindik. Herrialde aberatsenek konpromiso zorrotzagoak eskatu zituzten eremu horretan, eta ohartarazi zuten ez zutela kalte ordainetarako funts bat onartuko isuriak murrizteko konpromisoetan sakondu gabe.

Akordio proposamenak ez zion aipamenik egin energia fosil guztiak baztertzeari, eta mugatu zen Glasgown hartu zen konpromisoa berrestera: ikatz energia alboratzea eta energia iturri fosil «ez eraginkorretara» zuzendutako diru laguntzak etetea.

Erregai fosil guztiak baztertzeko proposamena Indiak sustatu zuen —munduko bigarren ikatz kontsumitzaile handiena Txinaren atzetik—, baina hori onartezintzat jo zuten Errusiak eta Saudi Arabiak azken unera arte.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du krisia eragin duen Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»
Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. ©BERRIA

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Gorka Berasategi Otamendi

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.