Azaroak 25

Gizonei «ardura hartzeko» exijituko die mugimendu feministak ostiraleko mobilizazioetan

‘Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude!’ lelopean aterako dira kalera indarkeria matxistaren aurkako egunean. Olatu feminista geldiarazteko asmoa salatu dute, Bilbon egindako agerraldian.

Bortizkeriak hamaika molde dituela salatu dute feministek gaur. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko azaroaren 21a
13:37
Entzun

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna izango da ostiralean, eta aurten ere kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, gaur Bilbon egindako prentsaurreko nazionalean. Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean, indarkeria matxistaren «hamaika formak» salatuko dituzte azaroaren 25ean, eta autodefentsa feminista aldarrikatuko dute. Gizonei ere mintzatu zazizkie agerraldian: «Dagokizuen ardura hartzeko exijitzen dizuegu. Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen».

Feministek deitoratu dute indarkeria matxistak mekanismo berriak asmatzen dituela «etengabe», eta horren adibide jarri dute udako jai giroan ziztaden inguruan gertatutakoa: «Kontrol sozial etengabea, beldurrean oinarritutako mezuak eta neurriak, Poliziaren presentzia neurrigabea... Eta dena, berriz ere, fokua emakumeongan jartzeko. Sistema heteropatriarkal kapitalista modu gordinagoan azaleratu zaigu; esplizituki, inolako lotsarik gabe». Ildo horretan, salatu dute erreakzio bat izan dela: «Feministok sortzen dugun olatu bakoitzean, sistemak hori geldiarazteko mekanismoak jartzen ditu martxan».

Hori dela eta, ostiralean, indarkeria matxistaren molde guztien aurka mobilizatuko dira: «Indarkeria instituzionala, lan esparruan jasaten duguna, etxean pairatzen duguna, heteroarautik ateratzeagatik jasaten duguna... Aski da! Nazkatuta gaude!». Dena den, ohartarazi dute mugimendu feminista antolatuta dagoela eta bortxa horiei aurre egiten ari zaiela: «Badakigu zein den bidea: gure arteko sareak eraiki, elkar zaindu, borroka komunak martxan jarri, ardurak hartu, gizonak interpelatu eta sistema errotik aldatzeko moduak eraiki. Autodefentsa feminista da tresna eraginkorrena; antolakuntza feministaz boteretuko gara».

Hego Euskal Herrian eta Espainian sexu askatasunari buruzko legearen harira sortutako polemikaz galdetuta, mugimendu feministako kideak ez dira auzi teknikoez mintzatu, baina adierazi dutenez, «zigor handiagoa edo txikiagoa jartzean» baino, «eragindako mina onartzean eta onbideratzean» jarri nahi dute arreta. Aurtengo leloari erreparatuta, «egiazko justizia feminista» aldarrikatu dute: «Kontzeptua eraikitzen ari gara oraindik, baina ez datza soilik bide penalean. Mugimendu feministak beti salatu du indarkeria instituzionala eta legeen aplikazio patriarkala».

Mobilizazioak

Hala, hilaren 25ean mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute, hiriburuetan zein herrietan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 19:00etan abiatuko dira manifestazioak, Jesusen Bihotzetik, Bulebarretik eta San Anton plazatik, hurrenez hurren; Iruñean, 20:00etan aterako da Gaztelu plazatik. Baionan, berriz, larunbatean egingo dute protesta, 19:00etan, herriko etxeko plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.