Literatura

Toure detektibea, San Frantziskon ostera

Jon Arretxek Toure detektibe afrikarra protagonista duen bederatzigarren eleberria plazaratu du: Lyrica garaia. Bilboko auzo horrek izandako bilakaera erakutsi du haren bitartez. Ereinek plazaratu du.

Jon Arretxe idazlea, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko azaroaren 22a
17:45
Entzun

Dena hasi zen lekura itzuli da Toure sasi-detektibea. Bilboko San Frantzisko auzoan aurkeztu zien jatorri afrikarreko protagonista irakurleei Jon Arretxek, 2012an, 19 kamera nobelarekin. Horixe zen orduan auzoa zelatatzen zuten kameren kopurua, baina hamar urte geroago, Toure «Afrika txikira» itzuli denean, ezin daitezke kontatu ez puntako teknologia duten kamerak, ez egun eta gau auzoaren barruak zeharkatzen dituzten polizien joan-etorriak. Itzuleran detektibeak topatutakoa topatuko du, bada, irakurleak Arretxeren saga famatuaren liburuki berrian, bederatzigarrenean: Lyrica garaia.

«Izenburua entzunda, pentsa daiteke musikarekin zerikusia duela, baina, lyrica y-z eta c-z idatzita, hitz joko bat egin nahi izan dut», hasi ditu azalpenak Arretxek (Basauri, Bizkaia, 1963). «Lyrica da modan dagoen droga berri bat, aurten San Frantziskon jakin dudanez. Farmazietan saltzen dute normalean, piluletan, baina jonkiei ematen zaizkie, eta haiek gero beste batzuei saltzen dizkiete. ‘Ez dira garai onak lirikarako’ idatzi zuen Bertol Brechtek bere poemetako batean, duela urte asko, eta nire nobeletako pertsonaientzat ere ez da inoiz lirikarako garaia». Izatekotan, lyricarakoa. «Drogatzeko garaia, errealitatetik aldentzekoa; aurrera egitekoa, ahal den bezala».

Madrilen utzi zituen Toureren ibilerak Arretxek, Dortokaren begirada aurreko nobelan (2021). Hara heldu aurretik, Parisen ibili zen Mesfidatu hitzez eleberrian (2019); gogotik aberastu zen han, baina dena galdu zuen Madrilen gero, eta hutsetik ekiteko premiaz agertuko da ostera orain Bilbon. Irakurleak oroituko du, akaso, Sake Ne maitalearen bisita izan zuela Madrilen detektibeak, eta marka batzuk ikusi zizkiola neskari gorputzean, ubeldu batzuk. Horien gaineko kezka izango da, hain justu, Toure Bilbora itzularaziko duena eta trama berria martxan jarriko duena.

«Hortik aurrera, beti bezala, existentzia konplikatuko zaio Toureri», adierazi du Uxue Razkin Ereineko editoreak.

Auzoko ahotsak eta auzoko giltzak

Auzora itzultzean, besteak beste, prostituzioa arautzeko lege berriak eta hirian gertatzen ari den gentrifikazio prozesuak eraldatutako ingurune bat aurkituko du protagonistak. Arretxeren nobeletan ohikoak dira prostituzioan aritzen diren pertsonaiak, baina oraingoan inoiz baino hobeto dokumentatu dela esan du: «Askabide elkarteak laguntzen die kaleko prostitutei, eta haiekin ibilita entzun ditut prostituten ahotik euren kezkak. Askok paperik ere ez dauzkate, eta kezkatuta daude oso euren egoeraren gaineko eztabaidarekin». Gentifrikazioari lotuta, auzoan «jatetxe dotoreak» eta kanpoko bisitarientzat pentsatutako lekuak ugaritzearekin batera, bertan bizi direnak botatzeko ahaleginak aipatu ditu. «Bisitarientzat itsusia den hori desagerraraztea komeni zaie; baina berdin du, ze beste leku batera joango dira, berdin-berdin».

Sae Kaenez gain, Toureren aspaldiko lagunak ere azalduko dira bueltan eleberrian. Horiek berreskuratzeko gogoa zerabilela aipatu du idazleak. «Laukote bat ziren hasieran: Sake Ne, Toure, patera-pisuan lekua egiten dion somaliarra eta Berebar tabernako zerbitzaria». Euren arteko harremanetan, hain justu, umorea baliatu duela gogorarazi du editoreak, eta «ezinbesteko» osagaia dela azaldu du idazleak, are gehiago, bazterreko egoerez aritzean. «Nire nobeletan, gauza batzuk oso gordinak izaten dira, baina kontua ez da nobela negarrez pasatzea. Orekatu egin behar da, errealitatean gertatzen den bezala. Toureren profileko pertsonak milaka daude Bilbon, eta ez doaz kaletik negarrez. Gu berehala itotzen gara ur pixka batekin; haiek itsasoa irentsi dute, eta, hala ere, alaitasunez egiten diote aurre».

Kontakizuna oro har San Frantziskon garatuko bada ere, Bordele ere azalduko da. Bilborekin alderatu du egileak. «Bordele ere bada hiri bat gero eta turista gehiago erakartzen dituena, baina, aldi berean, ezkutuan, jende baztertu pila bat daukana; 2.000 etxebakotik gora, diotenez».

Estilo aldetik, Arretxeren lan berria «elkarrizketa biziek» ezaugarritu dutela aipatu du Razkinek —«Jonen marka da»—, eta deskribapenez gozatzeko eta hizpide dituen problemez hausnartzeko tarteak ere utzi dituela uste du. «Eta, kontatuko ez dudan arren, esango dut amaierak oso ongi ixten duela nobela».

Tourerengan ardaztutako lehen nobela idazteko, pisu bat alokatu zuen San Frantziskon Arretxek, baina hura utzi ondoren ere bertatik jarraitu du askotan idazten. «Ondoko pisuko andreak esan zidan bera apenas egoten zela etxean, eta giltzak hartzeko nahi banuen hara idaztera joan». Gaur egun, oraindik, baditu giltza horiek, eta handik idatzi du nobela berriaren parte handi bat ere. «Balkoitik begira egoten naiz, auzokoengana hurbiltzen naiz...». Iruditzen zaio Euskal Herrian ez dagoela parekorik duen tokirik, eta kritiko agertu da agintariek bertan aplikatzen dituzten politikekin. «Partxeak baino ez dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.