Albistea entzun

Eskozia

Gorenak ebatzi du Eskoziak ezin duela independentzia erreferendumik egin Erresuma Batuaren baimenik gabe

Epaileek aho batez argitu dute Eskoziako Parlamentuak ez duela eskumenik bigarren galdeketara deitzeko lege proiektua onartzeko, Erresuma Batuaren batasunarekin zerikusia duelako.

Robert Reed Erresuma Batuko Goreneko presidentea, gaur, erabakiaren berri ematen
Robert Reed Erresuma Batuko Goreneko presidentea, gaur, erabakiaren berri ematen BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2022ko azaroak 23

Kolpe gogorra hartu dute Eskoziako Gobernuak eta Eskoziako independentistek: Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Eskoziako Parlamentuak ez duela eskumenik Londresen baimenik gabe independentzia erreferendum bati buruzko legeak egiteko. Edinburgok aurkezturiko lege proiektuak Erresuma Batuaren batasunarekin zerikusia duela argudiatuta, bost epaileek aho batez adierazi dute soilik Westminsterrek ahal duela afera horretaz erabaki eta, hortaz, Eskoziako diputatuek ezin dutela bozkatu bigarren independentzia galdeketara deitzeko testu horretaz.

Robert Reed Goreneko presidenteak eman du erabakiaren berri, eta argudiatu du Eskoziak, bere autonomia estatusaren bitartez, eskumen «mugatuak» dituela; hau da, ezin duela egin erreserbaturiko auzien inguruko legerik. Erreserbaturiko auziak soilik Erresuma Batuko Parlamentuaren esku dauden eskumenak eta aferak dira; batasuna, defentsa, atzerri politika eta moneta, esaterako.

Hori zen, hain justu, eztabaidaren funtsa: Eskoziako Gobernuak aurkezturiko lege proiektuak zerikusirik ba ote zuen Erresuma Batuaren batasunarekin. Kontsulta moduko eta ondorio legalik gabeko erreferendum batera deitzeko proposamena eginda, Edinburgok argudiatu zuen baiezkoak irabazita ere galdeketak ez zuela ondorio legalik eragingo, eta, hortaz, Erresuma Batuaren batasuna bere horretan mantenduko litzatekeela.

Goreneko epaileek, ordea, uste dute baietz, lege proiektu horren «asmoa independentzia erreferendum bat egitea eta batasuna amaitzea» dela eta, hortaz, batasunarekin zerikusia duela; hau da, erreserbaturiko auzi batekin. «[Galdeketak] Ondorio politiko garrantzitsuak izango lituzke erreserbaturiko auzi batean», Reedek epaileen izenean azaldu duenez.

Hori baitzen eztabaidako beste gakoetako bat: kontsulta moduko galdeketa horrek zer ondorio izango zituen. Erresuma Batuko Gorenarentzat, ezinbestekoa zen, «ondorio legalak» aintzat hartzeaz gain, «ondorio praktikoak» ere aztertzea, eta horregatik erabaki du Edinburgok aurkezturiko lege proiektuak ezin duela aurrera egin Eskoziako Parlamentuan.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak Twitter sare sozialaren bidez eman du lehen erantzuna, eta esan du erabakia «etsigarria» dela, baina «onartzen» duela. Hori bai, adierazi du Goreneko epaileek «soilik legedia interpretatu» dutela: «Westminsterren baimenik gabe Eskoziari bere etorkizuna aukeratzen uzten ez dion legeak agerian utzi du mito bat dela Erresuma Batua elkartze boluntario bat delako nozio oro, eta hori independentziaren aldeko argudio bat da».

Gerora, agerraldi batean, baieztatu egin du iragan ekainean jakinarazitako bide orria: Gorenak ezezkoa eman duenez, Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeak —printzipioz, 2024 amaieran edo 2025 hasieran egitekoak direnak— independentziari buruzkoak bilakatuko dituztela. Hau da, «de facto erreferendum bat» izango direla, «Eskoziak herrialde independente bat» izan behar duen edo ez duen erabakitzeko.

SNPren ezohiko kongresu bat 2023 hasieran

Eskoziako lehen ministroak esan du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak ezohiko kongresu bat egingo duela 2023 hasieran, eta horretan erabakiko duela nola joko dituzten boz horiek de facto-ko galdeketatzat: «SNP ez da erreferendumaren bidea abandonatzen ari. Westminster ari da blokeatzen».

Hori bai, bien bitarterako, Sturgeonek esan du oraindik ere prest dagoela Erresuma Batuko Gobernuarekin erreferendum adostu bat lortzeko, eta berretsi du hori dela lehenesten duen bidea; halere, azaldu du jakitun dagoela zein den Londresen jarrera, eta horregatik prestatuko dutela bozen hauteskundeen araberako bide hori.

Gehiengo independentista bat nork eta zenbat botok osatuko luketen galdetuta, Eskoziako lehen ministroak ez du erantzun argirik eman, argudiatuta hori SNPk erabakiko duela ezohiko kongresuan. Eskoziako Parlamentuan Alderdi Berdeak ere ordezkaritza du, eta Eskoziako koalizio gobernuaren parte da, SNPrekin batera; horiez gain, Alex Salmond Eskoziako gobernuburu ohi eta Alba Alderdiak jasoko lukeen babesa ere kontuan hartu ala ez erabaki beharko du Sturgeonen alderdiak.

Gorenaren erabakiari buruzko erreakzioen artean, independentisten artean, Salmond bera agertu da kritikoen gertaturikoarekin. Eskoziako lehen ministroari egotzi dio Erresuma Batutik ateratzearen aldekoak «kale itsu batera» eraman dituela, eta ekintzaileak deitu ditu «ekintzarako eta protestarako herri kanpaina bat» abiatzera: «Eskoziaren etorkizuna berriz ere jarri behar da Eskoziaren eskuetan, ez Londresko parlamentu edo auzitegi baten eskuetan».

Horren inguruan, Time for Scotland eta Europe for Scotland independentziaren aldeko taldeek zenbait elkarretaratze antolatu dituzte gaurko; zehazki, Eskoziako hamabost hiri eta herritan —tartean, Edinburgo eta Aberdeen—, eta Europako sei hiriburutan —Bruselan, Parisen eta Berlinen, esaterako—. Gorenaren erabakia jakin aurretik antolatu zituzten, eta, epaileek esandakoa jakin ondoren, are gehiago ugaritu dituzte horietan parte hartzeko mezuak.

Unionisten artean, aldiz, poza da nagusi. Alister Jack Erresuma Batuaren Eskoziarako ministroak Eskoziako Parlamentuari eskatu dio alde batera uzteko independentziaren afera, eta herritarrei «gehien axola zaien» auzietan arreta jartzeko. Zehaztu duenez, Edinburgorekin elkarlanean jarraituko dute «erronka eta helburu komunei» aurre egiteko, gerora Erresuma Batuko Komunen Ganberan Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak baieztatu duen modura. «Gorenaren iritzia argia eta behin betikoa da», adierazi du Sunakek.

Bide beretik, Anas Sarwar Eskoziako Alderdi Laboristaren buruzagiak esan du Eskoziako herritarrek «aldaketa bat» nahi dutela, baina «ez beste erreferendum bat, edo independentzia»; horregatik, argudiatu du orain arazoak konpontzeko garaia dela, eta adibidetzat jarri ditu osasun sistema hobetzea eta bizitzaren garestitzeari begirako erabakiak hartzea.

Edinburgok datorren urriaren 19an nahi zuen galdeketa

Sturgeonek ekainaren 29an eman zuen orain arteko bide orririk argienaren berri independentziaren auzian: bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen, eta argitara atera zuen hori arautzeko eta antolatzeko lege proiektua. Horrekin batera, jakinarazi zuen Gorenari iritzia eskatuko ziotela aferaz, eta horren ondorio izan da gaur jakinarazitako erabakia.

Berez, Eskoziako lehen ministroak 2014ko metodoa erabili nahi du berriz: Londresek baiezkoa ematea 30 Sekzioa aktibatzeari, eta, beraz, Erresuma Batuak behin-behinean ematea Eskoziari bigarren independentzia erreferenduma antolatzeko eskumenak. Baina orain arte ezezkoa eman dio Londresek, Theresa May, Boris Johnson, Liz Truss edo Sunak lehen ministro izanda ere.

Lehen galdeketa 2014ko irailaren 18an egin zuten, eta Erresuma Batuan geratzearen aldeko jarrera gailendu zen, botoen %55,3 bilduta. «Belaunaldi baterako galdeketatzat» jo zuten denek, baina brexit-aren ondorioz egoera aldatu dela argudiatu dute independentistek, unionisten galdeketa hartako argudio nagusietako bat izan baitzen Eskozia Europako Batasunetik aterako zela herrialde independente bilakatuz gero.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pekinen iragan astean egin zuten manifestazioetako bat. ©M. R. CRISTINO / EFE

Txina, konfinamenduen amaierarako bidean

Olatz Urkia

Urumqin hiru lagun hil ziren joan den astean, sute bat hasi eta konfinamendu neurriek suhiltzaileen lana oztopatu zutenean. Haserrea segituan piztu, eta Txina osoan hedatu dira neurri horren aurkako protestak; orain, egoera baretuta, badirudi gobernuak manifestariak lasaitzeko keinua egin duela.
Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Uxue Rey Gorraiz Gorka Berasategi Otamendi

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste
Espainiako Polizia Ukrainaren enbaxadaren ingurumarietan, atzo. ©Chema Moya, EFE

AEBen enbaxadakoei eta Pedro Sanchezi ere bidali dizkiete lehergaiak

Uxue Rey Gorraiz

Sei dira guztira atzemandako bonbak; horietatik bost azken orduetan atzeman dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioan, AEBen eta Ukrainaren Madrilgo enbaxadetan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Pedro Sanchezen aurkako bonba bat atzeman zuten azaroan. Antzeko ezaugarriak dituzte, eta agian gehiago egongo direla ohartarazi dute.

 ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Mikel O. Iribar

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainanan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.