Musika

Hertzainak-en azken kontzertua urtarrilaren 6ean izanen da, Gasteizen

'Azkena gure alde' lelopean eginen ditu Hertzainak taldeak bere azkeneko hiru kontzertuak. Asteartean jarriko dituzte salgai azken kontzertuko sarrerak.

Iñaki Igon Garitaonandia 'Gari', Josu Zabala eta Luis Javier Sainz 'Txanpi' musikariak, Hertzainak taldeko kideak. IBAI ARRIETA
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 24a
12:31
Entzun

Hertzainak taldeak hiru kontzertu emanen ditu publikoari agur errateko. Lehenbiziko biak Barakaldoko (Bizkaia) BECen izanen dira, abenduaren 16an eta 17an. Azkenekoa, berriz, 2023ko urtarrilaren 6ean izanen da, Gasteizko Mendizabalan –karpa klimatizatua jarriko dute–. Azkena gure alde lelopean eginen dute biratxoa, eta ordutegi bera izanen dute hiru emanaldiek: 19:00etan irekiko dituzte ateak; 20:00etan, gonbidatuen kontzertuak izanen dira; eta 22:00etan, Hertzainak-en emanaldia. Lehenbiziko emanaldiko sarrerak amaituak dira, baina abenduaren 17rako badaude oraindik. Urtarrilaren 6rako sarrerak azaroaren 30ean jarriko dituzte salgai, taldearen webgunean.

2019an, Bilboko Kafe Antzokian eta Euskaldunan jo zuen Hertzainak-ek. Bi emanaldiak hain arrakastatsuak izan ziren, ezen bertze emanaldi batzuk antolatu zituzten kanpoan gelditu zirenek kontzertu batez goza zezaten. Kontzertuetako batzuk BECen egitea erabaki zuten, ahal bezainbertze jende sartzeko; Gasteizen zergatik joko zuen, berriz, honela azaldu zuen taldeak: «Bertan hasi zen dena, eta bertan bukatzea zor diogu».

Duela hiru urteko kontzertuekin alderatuta, berrikuntzak izanen dituzte azken hiru emanaldiek: Luis Javier Sainz Txanpi bateria jotzailea bertan egonen da, adibidez. Gainera, Gasteizko kontzertuan gonbidatuak zein izanen diren aurreratu dute: Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabier Amuriza, Juantxo Arakama, Jon Basaguren, Dupla, Iñigo Etxezarreta (ETS), Xabi Igoa, Joseba Irazoki, Miren Narbaiza, Ruper Ordorika, Oihane Perea, Mikel Urdangarin eta Iñaki Viñaspre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.