Bertsolaritza

Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun gisa onartu du Frantziak

Frantziako Kultura Ministerioak bertsolaritza gehitu du bere kultura immaterialen katalogora. Bertsularien Lagunak elkarteak zuen horretarako galdea egin. Nafarroak jada hala du sailkatua, 2018az geroztik.

2021eko Xilaba txapelketa, Makean. PATXIBELTZAIZ
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 24a
15:13
Entzun

Bertsularien Lagunak elkarteak iragan primaderan galdaturik, kausitu du bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun gisa sailkatzea Ipar Euskal Herrian. Frantziako Kultura Ministerioak du onartu elkartearen galdea, aste honetan berean, eta albistea Aritz Bidegain elkarteko lehendakariari helarazi diote: Ezagutu, praktikatu eta transmititu azpitituluarekin.

Gisa honetan, bertsolaritza bi katalogotan izendatua da ondare immaterialeko kultur ondasun gisa: Nafarroakoan, 2018az geroztik, babes mailarik gorena erdietsiz, eta orain, beraz, Frantziakoan.

Ainhoa Elizondo elkarteko kideak kontent hartu du berria: «Duen garrantzia eman behar zaio izendapenari, ez gehiago eta ez gutxiago: bertsolaritza mugimendu bizia da gaur egun, herriz herri eragile, sortzaile eta pertsona askok egindako lanari esker. Urteetako lanari egindako aitortza gisa hartu behar dugu izendapena». Izan ere, urte guziez 120 bat saio edota egitasmo antolatzen baitituzte, adin orotako 45 bat bertsolari dituzte, 70 bertso eskola dituzte ikastetxe mota guzietan, zeintzuetan 250 ikaslek parte hartzen baitute.

Jaso berri duten arrapostua urtebeteko lanketatik jin da. Izan ere, iaz abiatu baitzuen proiektua Bertsularien Lagunak elkarteak, Beñat Iturralde Agirre antropologoaren gidaritzapean. Thais Boukellak ere lagundu du bertsolaritza Frantziako ondare immaterialaren katalogoan sartzeko beharrezkoak diren ikerketak egiten. Ardura zientifikoa, berriz, Fabien Van Geert Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitateko antropologoak hartu du, zeinak ukan baitu Euskal Kultur Erakundeko Terexa Lekunberri antropologoaren eta inauteri eta euskal tradizioetan aditua den Thierry Truffauten laguntza. Azkenik, Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideen laguntza ere ezinbertzekoa izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.