Animalien eskubideak

Zezenketak debekatzeko lege proposamena gaurko saiotik erretiratzea erabaki dute Frantziako Asanblean

Lege proposamenari 566 zuzenketa jarri dizkiote aurkariek, eta onartzeko aukera gehiago zuten gaiak lehenetsi dituzte France Insoumise taldeko ordezkariek

Zezenketen kontrako elkarretaratzea joan den larunbatean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 24a
15:48
Entzun

Zezenketak debekatzeko Aymeric Caron diputatuak sustatutako lege proposamena gaur bozkatzeko asmoa zuten Frantziako Asanblea Nazionalean. Baina, azkenean, gaia erretiratzea erabaki du France Insoumise taldeak, onartzeko aukera gehiago zituzten gaiei lehentasuna emateko. Izan ere, Errepublikanoek eta beste taldetako ordezkariek ahaleginak eta bi egin dituzte lege proposamena onar ez zedin, eta 566 zuzenketa aurkeztuta zituzten, onartzeko saioa zapuzteko.

«Testua ez bada aztertzen edo bozkatzen, lotsagarria izango da», esan du Caronek, aldaketaren berri jakin aurretik. Edonola ere, ohartarazi du «zezenketen aurkako borroka hurrengo egunetik jarraituko» duela, eta iragarri du beste egitasmo bat bultzatuko duela.

Caronek honela azaldu izan du bere lege proposamena: «Zezenketak debekatzea humanitate kontua da; animalia bat sufriaraztea ez da desiragarria gizarte zibilizatu batean». Gainera, nabarmendu du zezenketak ez direla ohitura frantses bat, espainola baizik. «Inkestek erakusten digute duela zenbait urtetik hona gero eta frantses gehiagok nahi dutela zezenketak ezeztatzea. Gaur egun, inkesten arabera, hamar frantsesetik 8-9k zezenketak amaitzea nahi dute», azaldu du Caronek.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, ordea, ez dago ados baieztapen horiekin, eta argi utzi du zezenketak ez direla debekatuko. Haren erranetan, Frantziako «tradizioen parte» dira. Gaur egun, Frantziako Zigor Kodeak animalien kontrako edozein krudelkeria ekintza debekatzen du. Hala ere, legean dagoen zirrikitu batek 50 hiritan zezenketak baimentzen ditu; Ipar Euskal Herrian, adibidez, zezenketak baimenduta daude oraindik. Leku horietan lege proposamenaren kontrako manifestazioak egin zituzten joan den asteburuan. Bertze aldean, zezenketen debekuaren aldekoek kontzentrazioak egin zituzten Parisen eta bertze zenbait hirietan.

Caronek dio lege proposamena onartzen ez bada Frantziako Asanbleak ez diola herriaren hitzari jaramonik egin. Hortaz, hurrengo pausoa herri galdeketa bat egitea litzateke: «Beharbada, erreferendum bat egiten badugu, herria entzutera behartuta egonen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.