Gatazkaren konponbidea

Egia bera lubaki denean

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko presidente Juana Balmasedak Donostian adierazi du batzorde horren lanak «urrats kualitatiboa» eragin duela biktima horien aitortzan. Lan hori «auzitan jartzeko» mekanismoak martxan direla ohartarazi du.

Foro Sozialak antolatutako mahai inguruko partehartzaileak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 24a
15:49
Entzun

«Aitortzarako bide bat» zabaldu du Eusko Legebiltzarreko Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak, Juana Balmaseda presidentearen arabera. «Urrats kualitatiboa» izan da, alde horretatik, harentzat lege baten babespean ari baitira lanean batzordean, eta horrek «egitura formalagoa» ematen baitio orain arte alor horretan egindakoari. Eusko Jaurlaritzaren Poliziaren Biktimen Legeak zedarritzen du lege markoa. Haren helburua da 1978 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Biktimen eskaerak baloratzen dituen batzordea gidatzen du Balmasedak, eta lan horrek egiaren eta aitortzaren bilaketan duen garrantziaz aritu zen atzo Donostian, Foro Sozialak eta Paz con Dignidad erakundeak antolatutako Egia bilatzeko tresnak jardunaldian.

Legea 2016an onartu zuten, baina batzordea lau urte geroago hasi zen lanean. Horrek ematen du, Balmasedaren arabera, hari jarritako «oztopoen» neurria. Traba horiek «konstanteak» izan direla azaldu zuen. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion, lehenik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Gero, Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu zuen zentsura mozioaren ondoren, helegite hori atzera bota zuten, baina, hala ere, Konstituzionalak artikulu batzuk aldatzeko agindu zuen. 2019an moldatu egin zuten legea, agindu hori zela eta, baina Balmasedak gogorarazi zuen lege berriari ere helegiteak jarri zitzaizkiola. Eta, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean nabarmendu zuenez, gerora ere, behin batzordearen lana hasita, helegite administratiboak jarri izan zaizkio. «Etengabeko ahalegin bat dago lan hau auzitan jartzeko», salatu zuen.

Batzordeak emandako azken datuen arabera, 1.220 kalte-ordain eskaera jaso ditu denera. Hala ere, batzordeak ekainean azaldu zuen 573 espedienteetatik 523 ez zituztela onartu, eskatzaileak ez direlako Poliziaren eta estatu indarkeriaren biktimak. Espedienteetatik 473, esaterako, polizia agenteek aurkeztu zituzten, eta, horrez gain, ETAren zenbait biktimak ere eskatu zuten lege horrek kontuan har zitzan. Batzordearen lanari balioa kentzera bideratutako mekanismoak indarrean direla ohartarazi zuen Balmasedak, eta hala jarraituko dutela, saiatuz, besteak beste, biktimak «zatitzen», «elkarren aurka jartzen» eta eurek haizatutako diskurtsoek ondorio judizialak izan ditzaten.

Trabak traba, beharrezkotzat jo zuen batzordeak egiten duen lana: «Hau ahanzturaren kontrako borroka da, eta memoriaren aldeko lana. Ez dago duintasunik memoriarik gabe. Memoria beharrezkoa da, ez soilik hura guztia jasan zuten horientzat, baina baita gizarte osoarentzat ere».

Entzute ariketa

Isildutako ahotsak eta isiltasunean egotera ohitutakoak dira batzordean jaso dituztenak, Balmasedak nabarmendu zuenez: «Urte luzez ezin izan dute hitz egin, horrek izan zitzakeen ondorioak oso handiak zirelako». Geroago eta egun ere ondorioak izan ditzaketela ñabartu zuen.

Baina beste ezaugarri bat ere zamatzen dute biktima horiek, azaldu zuenez: instituzionala eta ofiziala den aitortza ororekiko konfiantzarik eza. «Batzuek jo dituzte beste ate batzuk ere, baina ez dira entzunak eta aitortuak izan». Oraingo prozesuan ere badute zalantza, azaldu zuenez, zerbaitetarako balioko ote duen, hortik zerbait jaso ote dezakeen ala instituzioak «zerbait egiten ari dela» erakusteko mekanismo bat baino ez ote den izango.

Eta zer jaso nahiko luketen, hori ere aipatu zuen: «Eskatzen dutena da gertatu zena ezagutzea». Haren arabera, gehiengoak ez du «erreparazio ekonomikorik» edo ibilbide judizialik abiatzea nahi, gertatu zena ezagutzea baizik, zeina, kasu askotan, eurek ere ez baitakite.

Aipamen berezia egin zien torturei, eta irmo defendatu zuen «inongo kasutan» ezin dela justifikatu: «Oso garrantzitsua da mezu hau barneratzea». Baita estatuaren indarkeria jasan duten emakumeei ere, eta nabarmendu zuen euren kasuan indarkeria «gehigarria» jasaten dutela. Horri lotuta, beharrezkotzat jo zuen euren lanean «genero perspektiba» txertatzea.

Borondate politikoaren menpe

Euskal Herritik kanpoko esperientziak ere eraman zituzten atzoko jardunaldira. Guztiek ere lotura zuten gatazka politikoen ondoren egia ezagutarazteko egindako ahaleginekin. Kolonbian garatutako Colombia nunca mas proiektuaren berri eman zuen Ivan Forero soziologo eta giza eskubideen aldeko ekintzaile erbesteratuak. Herrialde horretako hainbat erakundek giza eskubideen urraketak dokumentatzen egindako lanaren berri eman zuen, baita hori aitortua izan zedin egindako ahaleginak ezagutarazi ere. Brasilgo diktaduran izandako krimenen inguruan egiten ari den bilketa lana azaldu zuen, bestalde, Juliana Dal Piva kazetariak. Herrialde horretan egiaren batzordea eratua dute, baina azaldu zuen botere politikoak etengabe trabak jarri izan dizkiola horri. Indar harremanek eta borondate politikoak egiaren eta aitortzaren bidean duten garrantzia agerian utzi zuten haren hitzek. Besteak beste, gogora ekarri zuen Brasilgo diktadura militarrean parte hartu zutenen ondorengoen esku egotera iritsi zela egiaren batzordea. Egun, Lula da Silvaren agintaldian, duela hamarkada bat hasitako prozesua berrabiatzeko aukerak egon daitezkeela adierazi zuen. Halakorik ez egiteak dakartzan arriskuez ere ohartarazi zuen: «Ahanzturak arriskuan jartzen du demokrazia. Dena gerta daiteke berriz».

Begirada orokorragoa eskaini zion gaiari Felix Reategi Peruko egiaren batzordearen txostenaren egileetako batek. Biktimek egia jakiteko duten eskubidea bermatzeaz aritu zen, horretarako argudio mota desberdinak erabilita. Horretarako zer mekanismo diren eraginkorrak ere azaldu zuen, baita zein baldintza ere: gizartearen aldetik eskaera egotea, baliabide ekonomikoak eta intelektualak izatea, borondate politikoa eta hitz egiteko aukera egotea. Azken horri lotuta, gehitu zuen egiaren jabe den horrek esango duenaz «beldurra» duen bitartean ezingo dela ariketa hori egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.