Euskaraldia

Hizkuntza ohituretan eragiten

Eroski kooperatibak eta Euskaraldiak lankidetza hitzarmen bat egin dute, herritarren hizkuntza ohituretan eraginez, euskararen erabilera sustatzen duen egitasmo hau bultzatzeko.

Aurten ere, Eroskik lankidetza hitzarmena egin du Euskaraldiarekin. MITXI
2022ko azaroaren 24a
16:04
Entzun

Eroski kooperatibak konpromiso sendoa eta iraunkorra du euskararekin, eta haren ezagutza eta hedapena sustatzen ditu.Horrela, aurten ere Euskaraldiarekin lankidetza hitzarmen bat sinatu du, herritarren hizkuntza ohituretan eraginez euskararen erabilera sustatzen duen ekimen hau bultzatzeko. Atxikimendu horren bitartez, Eroskik Euskaraldiarekin duen konpromisoa berritu du, eta bigarrenez egin du bat azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango den euskararen erabilera sustatzeko ekimen honekin.

Eroskiren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako saltokien sarean, Euskaraldiko banderatxoak izango dira. Antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte banderatxo horiekin «kaleak, balkoiak eta erakusleihoak apaintzera, hizkuntzarenganako atxikimendua eta aldekotasuna agertzeko», Kike Amonarrizek azaldu duenez, Euskaraldia bultzatzen duen Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak. Euskaraldiko Banderatxoen salmentarekin bildutako dirua osorik joango da antolatzaileentzat.

Euskararen zabalkundea

Izan ere, Eroskik euskara sustatzearen aldeko apustua egiten du. «Eroskik konpromiso sendoa eta jarraitua izan du euskararen zabalpenean. Kooperatiba fundatu zeneko aktan, euskararen koofizialtasuna jasotzen da, eta hala bultzatu izan dugu bai langileok eta bai kontsumitzaileek arlo guztietan. Era berean, zenbait ekimen garatu ditugu bezeroekin, langileekin eta hornitzaileekin dugun harremanean euskara normalizatzearen alde», azpimarratu du Eroskiko zuzendari sozialak, Iñigo Eizagirrek.

Eroskik hainbat ekinbide eta proiektu aurrera eramaten ditu —hala nola Euskara Plana—, ingurune elebidunak lortu eta euskararen erabilera erakunde barnean handitzeko. Kooperatiba aitzindaria izan zen bere markako produktuei euskarazko etiketa jartzen, eta banaketa arloko enpresetan hori egiten duen bakarra da gaur egun ere.

Arigune ugari

Partaidetza indibidualaz gain, aurten, Euskaraldiak berriz proposatuko du ariketa taldean ere egitea. Ariguneekin gauzatzen da hautu hori. Ariguneak, izenak dioen bezala, euskaraz lasai aritzeko guneak dira: enpresetan, elkarteetan, taldeetan, erakundeetan eta abarretan euskara erabiltzeko gune erosoak ahalbidetzeko. Eroskik arigune ugari eratu ditu bere saltokietan, plataformetan eta egoitzan, langile bazkideek beren borondatez ekimenarekin bat egiteko modua izan dezaten, eta lan eremuan ere ariketa masiboa burutzeko aukera izan dezaten.

Era berean, Eroskik aspalditik laguntzen du Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, euskara sustatzearen arloan egutegian seinalatuena izaten den ferian. Hala, iaz, antolatzailearekin, Gerediaga Elkartearekin , bost urterako hitzarmena sinatu zuen. Ildo berean, hezkuntzaren sektorean euskara sustatzen duten jarduera nagusiekin kolaboratzen du lurraldez lurralde (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez).

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.eroski.es

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.