Abortu eskubidea Konstituzioan sartzeko lehen urratsa egin dute Frantzian

Ipar Euskal Herria ordezkatzen duten hiru diputatuek, Vincent Bruk, Florence Lasserrek eta Iñaki Etxanizek, lege proposamenaren alde egin dute.

Abortatzeko eskubidearen aldeko elkarretaratze bat, Baionan. GUILLAUME FAVEAU
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2022ko azaroaren 24a
18:08
Entzun

Frantziako Asanblea Nazionalaren gehiengo zabal batek abortatzeko eskubidea Konstituzioan sartzearen alde egin du gaur. Frantzia Intsumisoa alderdiak proposatu du ekinbidea, eta Errepublika Martxan Emmanuel Macronen alderdiarekin adostu du gero. Asanbleako 337 diputatuk eman dute aldeko botoa, eta 32k kontrakoa.

Ipar Euskal Herria ordezkatzen duten hiru diputatuek, Vincent Bruk, Florence Lasserrek eta Iñaki Etxanizek, lege proposamenaren alde egin dute.

«Egun historikoa da, abortatzeko eskubidearen aldeko etapa garrantzitsua, emakumeak beren gorputzaren jabe izan daitezen», esan du Eric Dupond-Moretti Justizia ministroak. Frantzia Intsumisoko buru Mathilde Panotek ere txalotu egin du emaitza, eta adierazi du «omenaldi bat» ere badela, Poloniako eta Hungariako emakumeei begira, «herrialde horietan oso mugatua baita haurdunaldiaren borondatezko etetea».

Konstituzioa aldatzeko prozesu luzea

Frantziako Konstituzioa aldatzeko prozesua luzea eta konplikatua da: beharrezkoa da lehendakaritzaren onespena izatea eta parlamentuko bi ganberek aldaketa babestea —Asanblea Nazionalak batetik, eta Senatuak bestetik—. Horren ostean, gainera, Kongresuak —bi ganberetako diputatu eta senatarien ezohiko batzar batek— hiru bosteneko gehiengo zabal batez berretsi behar du behin betiko testua. Beste aukera bat da erreferendum bat egitea, baina bi ganberek lege proiektuaren alde bozkatu behar dute aurretik.

Horrek esan nahi du testua Asanblea Nazionalak onartuta ere bide luzea egin beharko duela erreformak abortatzeko eskubidea Frantziako Konstituzioan sartu aurretik. Orain arte, hori egiteko mozioak atzera bota izan ditu Frantziako Senatuak.

1958an onartu zenetik, 24 aldiz aldatu da Frantziako egungo Konstituzioa; azkena, 2008an. Besteren artean, moldaketak egin izan dira sufragio unibertsalerako eskubidea legez aitortzeko —1962an—, eta errepublikako presidentearen agintaldiak elkarren segidako bi legealdira mugatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.