Ingurumena

Bardeako sutea Espainiako armadaren bonba batek piztu zuela baieztatu du Madrilek

Bardeako Europa mailako kontserbazio bereziko eremuari eragin zion suak, eta lau hektarea erre zituen.

Bardeako tiro poligonoan eginiko ariketa militar batzuen irudia, 2017an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 24a
18:12
Entzun

Susmoa baieztatu da: Poligonoaren Aurkako Asanbleak urrian 5ean salatu zuen Espainiako armadak lehergailuekin eginiko maniobrek sortu zutela Bardean hiru egun lehenago pizturiko sua. Nafarroako agintariek ez zuten esan nola piztu zen sua, baina Espainiako Gobernuak baieztatu egin du Espainiako armadako hegazkin batetik botatako bonba batek eragin zuela sutea.

EH Bilduko diputatu Jon Iñarriturik emaniko erantzun laburrean ez dute ia beste informaziorik eman. Suteak lau hektarea erre zituela azaldu du Madrilgo Gobernuak, «tiro eremuaren mugen barruan».

Urriaren 3ko astean, tiro eta bonbardaketa praktikak programatu zituen Espainiako armadak Bardean.

Egun horretan bertan piztu zen sua, eta, arratsaldean, haizea aldatu egin zen, eta horrek sua zabaldu zuen. Orduan, beste helikoptero bat jarri behar izan zuten itzaltzeko lanetan. Azkoiengo (Nafarroa) suhiltzaileekin indartu behar izan zuten taldea. 22:00etarako amatatutzat eman zuten sua. Besteak beste, zuhaixkak erre ziren sutean.

«Hauek dira Europa mailako kontserbazio bereziko eremu batean tiro poligono bat edukitzearen kalte larriak», adierazi zuen taldeak orduan, gertaera salatzeko zabalduriko agiri batean. Horien arabera, ez da ulertzekoa kontserbazio bereziko eremu batean tiro ariketak egitea. Suteak ingurumenean eragin dituen kalteak azaldu zituen. Gogoratu zuten ingurune horretan dagoela Portugalgo pirripioa (Chersophilus duponti) hegaztiaren Nafarroako populazio bakarrenetako bat. Horrez gain, adierazi zuten landarediak, intsektuek eta anfibioek kalteak pairatuko zituztela.

Espainiako armadak benetako munizioa erabili izana salatu zuten. «Leherkaririk gabeko maniobrak arriskutsuak badira, are arriskutsuagoak dira benetako munizioarekin eginikoak». Horrez gain, erakunde militarraren «erabateko isiltasuna» deitoratu dute, ez baitu informaziorik edo azalpenik eman gertatutakoaren inguruan.

Konponbidea eskatu zieten Bardeako batzarrari eta Espainiako Defentsa Ministerioari, eta lan gehiago egiteko Nafarroako Gobernuari eta Aragoikoari (Espainia), «populazioak pairatzen duen arriskuarengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.