Lan gatazka

20.000 pakete baino gehiago banatu gabe Trapagarango Amazonen

Langileek salatu dute enpresak edozein negoziazio motari uko egiten diola. Langile talde osoak egin du greba cyber monday egunean

Protesta, gaur goizean Amazonek Trapagaranen duen banaketa zentroen atarian. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 25a
16:03
Entzun

AEBetako marketin egutegiaren arabera, cyber monday da gaur. Gabonen aurretik Internet bidez erosketak egiteko egun apropos gisa saltzen dute, eskaerak aurreratzeko, eta, horren bidez, Eguberriak hurbildu ahalako atzerapenak eragozteko. Eguna ahotsa altxatzeko erabili nahi izan dute Amazonek Trapagaranen (Bizkaia) duen banaketa zentroko langileek, eta 24 orduko greba antolatu dute. LAB sindikatuaren arabera, grebak %100eko erantzuna izan du, eta 20.000 pakete baino gehiago geratu dira banatu gabe.

«Enpresak edozein negoziazio motari uko egiten diola salatu nahi dugu», kritikatu du Fernando Ortega LABeko ordezkari sindikalak. Horrez gain, hitzarmen propioa exijitu dute. Egun, Bizkaiko garraio alorreko hitzarmena ezartzen diete, eta, Ortegak argudiatu duenez, euren «zentro logistikoaren errealitatera eta ezaugarrietara egokituko den» ituna behar dute, soldatak, txandak eta lanaldiak erregulatzeko. Izan ere, hori gidarientzat pentsaturiko itun bat dela, eta biltegiko langileek mailarik apalena dute horretan. 19.400 euro gordineko soldata jasotzen dute urtean, 15.600 garbi inguru. Itun hori, gainera, indarrean egongo da 2024ra arte, eta hurrengo bi urteetan %3,5eko eta %3ko soldata igoerak aurreikusten ditu, KPIaren igoeratik oso urrun. LABek beste akordio bat nahi du, erosahalmena bermatuko duena. Langile gehienek %50eko edo %80ko lanaldia dute, ordea, eta ez dira kopuru horietara iristen, LABek salatu duenez.

Gero eta larunbat eta igande gehiagotan egiten dute lan, eta «nazkatuta» daude. Ez dute inolako pizgarri edo saririk irabazten. Hala ere, multinazional honek urtero izugarrizko etekin ekonomikoak sortzen ditu», leporatu du Ortegak.

Langile askoren lan prekaritatea argitara atera dute. Hala nola banaketa azpikontratetako lankideen egoera salatu dute. «Amazoneko plantillatzat hartu beharko lirateke», azpimarratu du Ortegak. Hirurehundik gora dira banatzaileak: autonomoak eta azpikontrataturiko sei enpresaren langileak. LAB sindikatuak banatzaileei subrogazio eskubidea aitortu diezaieten nahi du. Horrek ahalbidetuko luke gidariak Amazoneko lanari eustea, azpikontrata duen enpresa aldatuta ere.

Mobilizazioekin jarraitzeko prest

2019an zabaldu zuten Trapagaraneko biltegia. Eta gaur egin dute langileek bigarren greba. Aurretik, urriaren 17an lau orduko lanuztea egin zuten. Ortegak gogorarazi duenez, hori ere greba arrakastatsua izan zen. «Sindikatuetara ohituta ez dagoen enpresa bat da. Uste dute nahi dutena, nahi dutenean eta nahi duten bezala egin dezaketela», aurpegiratu dio Ortegak enpresari. Erantzunik jaso ezean, greba egun gehiago ezartzeko prest daude. Bihar dute bilera enpresarekin. «Ikusiko dugu zer jarrera duten, eta gero batzarrean baloratuko dugu», adierazi du Ortegak. Enpresak ez badu «ezer egiten», Gabonetan mobilizazio gehiago egiteko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.