Qatarko munduko kopa

Kanpoan da Kanada, eta estualdian Alemania

Kopako E taldeko bi partida eta F taldeko beste bi jokatu dira igandean. Gaurko emaitzak aintzat harturik, dagoeneko kanporatua da Kanada, 4-1 galdu baitu Kroaziaren aurka.

jarraia221281.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko azaroaren 27a
21:53
Entzun

Euskal Herrian eguerdia zelarik jokatu da Japoniaren eta Costa Ricaren arteko neurketa, E taldeari dagokiona. Partida laua izan da oso, aparteko bizitasunik gabea, eta jokalariek inoiz gutxitan izan dute aukerarik golik sartzeko. Izatez, Japonia izan da gehiagotan markagailua itxuraldatzeko zorian. Ez du erdietsi, ordea. Kontrara, Costa Ricak neurketa osoan izandako aukera argi bakarrenetako batean sartu du baloia atean. 81. minutuan izan da, eta Fuller izan da golegilea.

Puntu oso inportantea eskuratu du Costa Ricak. Izan ere, Espainiak aise hartu zuen mendean joan den jardunaldian, eta irabazi besterik ezin zuen egin, baldin eta bizirik segitu nahi bazuen. Japonia garaituta, selekzioa lehian da oraindik ere. Dena dela, lehian da Japonia ere. Hiruna puntu dituzte biek, eta datorren jardunaldian erabakiko da txapelketan aurrera eginen duten edo ez.

Espainia eta Alemania lehiatu dira E taldeko beste partidan, eta ados bukatu (1-1). Selekzioak hutsean egin dute partida atsedenaldira arte. 62. minutuan aldatu da kontua: Moratak gola sartu du Espainiaren alde. Ordea, grinez segitu du Alemaniak, markagailua irauli nahian, eta berdindu egin du 83. minutuan (Niklas Fullkrug). Hala, lau puntu ditu Espainiak, eta bat Alemaniak. Alemanek aurrera egin nahi badute, ezinbestean irabazi beharko diote Costa Ricari.

Halaber, F taldeko bi neurketa izan dira gaur. Kroaziak 4-1 hartu du mendean Kanada, eta, beraz, bigarren hori kanpoan da dagoeneko. Gainera, ustekabekoa eman du Marokok, Belgikari irabazita (Belgika 0 - 2 Maroko). Fin aritu da Maroko, eta, berriz, Belgika bere lekua ezin aurkitu aritu da norgehiagoka osoan. Romain Saissek 72. minutuan egin du lehenbizikoa, Courtoisen huts nabarmen baten laguntzaz, eta Belgikak ez du jakin markagailua iraultzen. Etsita jokatu du taldeak, are nabarmenago ordutik aurrera. Luzapenean, aldea zabaldu du Marokok. Zakaria Aboukhlalek egin du bigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.