Lan gatazka

Bizkaiko metalgintzako grebak %85eko erantzuna izan du goizean, antolatzaileen arabera

Piketeen goiza Trapagaranen hasi da, Productos Tubularesen, eta ez da langilerik sartu lantegira. Ondoren, bat egin dute Amazoneko logistika zentroko langileen grebarekin

Metaleko langileak, goizean goiz, mobilizazioetan bilduta. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Imanol Magro - Iker Aranburu
2022ko azaroaren 28a
07:15
Entzun

Bizkaiko metalgintzak astebeteko greba du. Gaur da lehen eguna. lanuztera deitu dute LABek, CCOOk eta UGT, eta, horien arabera, Bizkaiko metalgintzako grebak %85eko erantzuna izan du goizeko txandan.

Ikusi gehiago:Langileak pobretzen ari dela leporatu dio ELAk patronalari

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Portugaleten deitu dute manifestaziora, eta jende asko bildu da. Negoziatzeko prest daudela nabarmendu dute, patronalak «eskaintza duinak» egiten baditu.

Piketeen goiza Trapagaranen hasi da, Productos Tubularesen, eta ez da langilerik sartu lantegira.

Ondoren, piketea Amazonek alboan duen biltegira mugitu da. Hango langileek ere greba dute gaur.

Azken negoziazioak huts egin ondoren, grebarako deia egin zuten joan zen ostiralean Bizkaiko metalgintzan.

Sindikatuek ez zuten onartu FVEM enpresaburuen azken proposamena. Patronalak salatu du CCOOk, LABek eta UGTk ez dutela Bizkaian onartu nahi Araban sinatu zuten ituna hobetzen duen eskaintza.

FVEM enpresaburuen elkartearen deiari erantzunez, ostiralean Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzan elkartu ziren eguerdian patronala eta lau sindikatu nagusiak, baina gutxi iraun zuen bilerak: FVEMek esan zien bere azken proposamena besterik ez duela eztabaidatu behar, eta sindikatuek erantzun zuten ez dela nahikoa.

Beraz, Bizkaiko metalgintzako 56.000 langileak grebara deitu dituzte ostiralera arte. Urteko hirugarren greba sorta da, eta aurreko biek erantzun zabala izan dute.

Berez, bi deialdi daude datorren asterako, lan hitzarmenaren negoziazioan bi taldetan banatu direlako sindikatuak: batetik, ELA, (ordezkarien %40ekin) eta, bestetik, CCOO, LAB eta UGT (%59ekin).

ELAk salatu du FVEMek ez duela haiekin negoziatu nahi, ordezkari gehien dituen sindikatua izan arren, eta, aurreko bileretan bezalaxe, FVEMek CCOO-LAB-UGT hirukoari soilik erantzuten diola. Baina horiekin ere ez da gustura azaldu patronala. «Arduragabe» deitu die bere azken proposamenari ezezkoa emateagatik eta «justifikaziorik ez duen» greba bati eusteagatik. «Akordioak lortu ahal izateko, sindikatuek eskaera errealistak egin behar dituzte, eta erreferentzia gisa aurkeztu dutenari eutsi». Erreferentzia hori Arabako metalgintzako lan hitzarmena da, aste honetan bertan CCOOk, LABek eta UGTk SEA Arabako patronalarekin sinatutakoa. FVEMek argudiatu duenez, bere azken proposamenak, ostegun arratsaldean iragarritakoak, hobetu egiten du Arabako ituna.

Enpresaburuen elkarteak auzitan jarri ditu horri uko egiteko arrazoiak. «Benetako helburua akordioak lortzea bada eta ez bada interes elektoral hutsa, ezin da ulertu nola esaten duten Bizkaiko proposamena ez dela nahikoa, Arabakoa baino hobea baita, eta han historikotzat jo dute». Haren arabera, soldatak %6,5 handituko lirateke 2022an, %3,5 2023an, %2,5 2024an, eta %1,5 2025ean.

%19ko erantzuna, FVEMen arabera

Metalgintzako patronalaren arabera, eguerdian, %19koa da grebaren erantzuna, eta lanuzteak batez ere Ezkerraldean kontzentratu dira.
Ohar batean, FVEMek azaldu du ezin duela onartu lanera joan nahi duten pertsonen kontrako biolentzia ekintzarik, ezta enpresen kontrakorik ere. Piketeek kalte materialak eragin dituztela esan du. Eta, era berean, salatu du asteburuan zehar hainbat pintaketa egin dituztela. «Dianak agertu dira, erakundeak eta pertsonak seinalatzen. Halako ekintzek iraganean utzita zeudela uste genuen momentuak gogorarazten dizkigute».

Metalgintzako enpresen jarrera negoziatzailea azpimarratu du, haien proposamena hainbatetan moldatu dutela gogoratuz. FVEM ustez, bost eguneko greba «erabateko zentzugabekeria» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.