Indarkeria matxista

Gasteizen izandako sexu erasoa arbuiatzeko elkarretaratzea egin dute

Gizon bat espetxeratu dute larunbatean Gasteizen emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Gasteizko Udalak deituta, erakunde nagusiek protesta elkarretaratzea egin dute gaur. Asteburuan beste hiru gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxista leporatuta. Gizonezko bat atxilotu dute Tafallan, bikotekideari eraso egiteagatik. Espetxera bidali dute Errenterian sexu eraso bat egin izana egotzita atxilotutako gizona

Gasteizen izandako sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute gaur. IREKIA
2022ko azaroaren 28a
11:14
Entzun

Larunbat goizaldean, Gasteizen emakume batek salatu zuen sexu eraso bat jasan zuela bere etxeko atarian sartzen ari zela. Etxera bidean zela, gizon bat atzetik jarraika zuela ohartu zen emakumea; etxeko atarira iritsi zenean, barruan zokoratu eta sexu erasoa egin zion. Biktimaren bikotekidea etxean zegoen, eta, oihuek ohartarazita, etxetik jaitsi zen bere bikotekideari laguntzeko. Erasotzaileak ihesari ekin zion, baina emakumearen bikotekideak hura harrapatu eta atxikitzea lortu zuen, Ertzaintza iritsi zen arte. Biktima Txagorritxu ospitaleko larrialdietara eraman zuten, zauriak artatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, erasotzaileak polizia aurrekariak ditu. Igande arratsaldean utzi zuten epailearen esku, eta hark behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.

Gasteizko Udalak eraso matxista gaitzetsi du gaur. Udalbatzak deituta, elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian. Gorka Urtaran Gasteizko alkate izan da Gasteizko Udaleko ordezkarien buru, eta harekin batera elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Ramiro Gonzalez Arabako Aldundiko ahaldun nagusia, Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentea, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria.

Gainera, Gasteizko Udalak premiazko bilera batera deitu du gaur goizerako, eta eraso matxistaren aurkako adierazpena onartu du. Sexu erasoa «irmo» arbuiatu du, eta biktimari laguntza eta hurbiltasuna adierazi dizkio. Halaber, kasuaren inguruko informazioa jaso ostean, indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa aktibatu du, biktimaren eta haren inguruaren arreta koordinatzeko xedez. Horrekin batera, mugimendu feministak eta LGTBI kolektiboek deitzen dituzten protestetan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak.

Indarkeria matxistarekin lotutako kasu gehiago izan dira Gasteizen asteburuan. Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, hiru gizonezko atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik. Atzo 20 urteko bi gazte atxilotu zituen. Horietako bat Lakua Arriagako etxebizitza batean atxilotu zuten bere bikotekideari mehatxu eta eraso egiteagatik, eta bestea Olagibel kaleko etxe batean atzeman zuten, eztabaida batean bikotekideari indarkeria erabilita bultza egiteagatik.

Hirugarren atxilotua, aldiz, 35 urteko gizonezko bat izan zen. Larunbatean atxilotu zuten, Domingo Beltran kaleko taberna baten barruan bikotekideari eraso egiteagatik.

Tafallan eta Errenterian atxilotuak

Foruzaingoak 34 urteko gizonezko bat atxilotu du asteburu honetan Tafallan, bikotekideari eraso egiteagatik. Poliziaren arabera, AP-15 autobidean zihoan autobus batean gertatu zen erasoa: gizonak emakumea jo zuen, eta, une horretan, zenbait bidaiarik, altxatu, eta erasotzailea geldiarazi zuten.

Foruzaingoak zenbait bidaiari identifikatu zituen, eta 34 urteko gizon bat atxilotu zuen, genero indarkeriako delitu bat egotzita. Atxilotuak bazuen, gainera, beste atxilotze agindu bat, Burgosko (Espainia) epaitegi batek emana.

Errenterian (Gipuzkoa) ere atxilotu zuten atzo 35 urteko gizon bat, kalean emakume bati sexu eraso bat egin izana leporatuta. Gaur pasatu da epailearen aurretik, eta espetxera sartzeko agindu du hark.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.