Iranek ez du NBErekin kooperatuko protestetako errepresioa ikertzeko

NBEk misio independente bat sortu du mobilizazioen aurkako errepresioa ikertzeko. Mahsa Aminiren hilketaren aurkako manifestazioetan 300 lagundik gora hil dituzte, eta 15.000 herritar atxilotu.

Irango emakumeen aldeko protesta, Istanbulen (Turkia), iragan larunbatean. EFE / ERDEM SAHIN
maddi iztueta olano
2022ko azaroaren 28a
12:30
Entzun

Mahsa Amini gazte kurduaren heriotzaz geroztik, Iranen gora baino ez dute egin kaleko protestek. Mobilizazioetan 15.000 lagun atxilotu dituzte, eta 300 inguru hil –horien artean, 40 haur– . Protesta horien aurkako errepresioa eta ustezko giza eskubideen urraketak ikertzeko, misio independente bat sortu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak iragan ostegunean. Irango Gobernuak, ordea, gaur goizean iragarri du ez duela misioarekin lan egingo.

Iranen jarrerak ez du harridura eragin. Izan ere, NBEren erabakiaren berri izan ostean, Naser Kanani Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi zuen Iranek ez duela «inoiz» talde horrekin giza eskubideen inguruan lan egingo, eta «abusutzat» jo zuen neurria.

NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan onartu zuten Irango Gobernuaren ustezko errepresioa ikertzeko talde independente bat sortzea. Horren alde bozkatu zuten 25 herrialdek, abstentzioa eman zuten hamaseik, eta aurka agertu ziren sei. Kuba, Eritrea, Armenia, Pakistan, Venezuela eta Txina izan ziren, hain justu, ezetza eman zuten estatuak.

Kananik Alemaniari egotzi zion proposamenaren sustatzaile nagusietako bat izatea. Are, esan zuen «bi mundu gerra piztu dituen herrialde batek» ezin duela halako aldarrikapenik egin. Mobilizazioak indartu ahala, bozeramaileak herrialdean protestak hauspotzea leporatu die zenbait herrialderi, hala nola AEB Ameriketako Estatu Batuei, Israeli, Frantziari eta Alemaniari.

Dena den, Kananik Teheranen biltzeko deia egin dio gaur Alemaniako enbaxadore Hans-Udo Muzeli, eta enbaxadoreak gonbita onartu du. Mobilizazioak hasi zirenetik bilduko diren hirugarren aldia da.

Amini gazte kurduaren heriotzagatik hasi ziren protestak, Moralaren Poliziak «beloa gaizki jarria» izateagatik atxilo eraman zutelarik eta hura ordu gutxira hil zelarik. Ordutik, 300 lagundik gora hil dituzte mobilizazioetan –horien artean, 40 haur–, eta 15.000 lagun atxilotu. Preso eramandako horietatik guztietatik, seiri heriotza zigorra ezarri diete.

Egunek aurrera egin ahala, bestelako aldarrikapenak egin dituzte kaleetan. Aminiren heriotzak sortutako haserrea adierazteaz gain, manifestariek 1979an sortutako errepublika islamikoaren amaiera eskatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.