PERU

Peruko Botere Judizialak Castillori eskatu dio estatuko erakundeak bilera batera dei ditzala, adostasuna lortzeko

Gobernuaren eta Kongresuaren arteko tentsioa areagotu egin da azken egunotan; ganberak ezezkoa eman dio presidentearen konfiantza mozioari, eta Ministroen Kontseilua berritu behar izan dute.

Peruko presidente Pedro Castillo (erdian), Ministroen Kontseilua berritu ostea, joan den ostiralean, Liman. EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 28a
12:57
Entzun

«Peruko gobernabide demokratikoa bermatzeko ekintzak abian jartzeko asmoz», herrialdeko erakundeak «premiaz» biltzeko eskatu diote Botere Judizialeko ordezkariek Peruko presidente Pedro Castillori. Justizia jauregian bildu ziren atzo Botere Judizialeko hainbat agintari, tartean erakunde horretako presidente Elvia Barrios. Peru krisi politiko betean murgilduta dago, eta gobernuaren eta Kongresuaren arteko tentsioa areagotu egin da azken egunotan; besteak beste, presidentearen aldeko konfiantza mozioa atzera bota ondotik.

Hain zuzen, Castillo eta Peruko Kongresuko presidente Jose Williams Estatu Kontseilura joatekoak ziren atzo, baina, batzarrera agertu ez direnez, Botere Judizialeko ordezkariek herrialdeko presidenteari eskatu zioten elkarrizketarako gune bat sustatzeko, kaleratutako oharraren arabera: «Errepublikako presidenteari dei egiten diogu estatuko botere guztiak eta konstituzioan autonomoak diren organoak elkarrizketa mahaira premiaz dei ditzan, egonkortasuna eta bake soziala berrezartzeko, eta akordioa lortzeari bide emango dion elkarrizketa gune bat eratzeko, zuzenbide estatu demokratikoan eta indarrean dagoen ordena konstituzionalean oinarrituta».

Dokumentuak dioenez, erakunde judizialetako lau funtzionario publikoak «kezkatuta» agertu dira herrialdeak bizi duen krisi politikoagatik. Halaber, sistema demokratikoaren eta elkarrizketaren aldeko konpromisoa berretsi dute. Hala, sinatzaileek adierazi dute «ezinbestekoa» dela krisiari irtenbidea emateko ahaleginak egitea, «herritarren batasunaren eta demokraziaren defentsarako».

Bilera horretarako deialdia egin ondoren, Peruko Ministerio Publikoak jakinarazi zuen fiskal nagusi Patricia Benavides ez dela batzarrean izango, argudiatuta presidentearen aurkako ikerketa abiatua duela eta, beraz, «ez zela bat etorriko» Estatu Kontseiluan parte hartzearekin. Jarraian, Kongresuak iragarri zuen Williams ere ez zela Estatuko Kontseilura azalduko, «aldez aurreko koordinazioa» beharko zukeelako, parlamentario bakoitzaren proposamenak jasotzeko, RPP irratiaren arabera.

Bestalde, Peruko Gobernuak ez zuen baieztatu Castilloren edo gobernuko ordezkari baten parte hartzea. Presidentetzako bulegoak zehaztu zuen hitzemandako elkarrizketa «gizarteko eragileen bidez bakarrik» egingo zela.

Lehen ministroaren dimisioa

Kongresuaren eta herrialdeko Gobernuaren arteko tentsioa areagotu egin da azken egunotan; izan ere, Anibal Torres lehen ministro ohi eta azaroaren 24 arte Ministroen Kontseiluko presidente izandakoak Castilloren aldeko konfiantza mozio bat aurkeztu zuen azaroaren 17an Kongresuan, baina ganberako mahaiak atzera bota zuen joan den ostegunean, argudiatuta mozioak «indarrean dauden baldintza konstituzionalak eta legalak bete behar dituela». Halaber, mahaiaren arabera, Torresek egindako proposamena «ahalmen esklusibo eta baztertzailea haizatzeko saiakera argia» izan da. Horrez gain, parlamentuak ezezkoa eman zion erreferendumerako deialdien legea erreformatzeko proposamenari ere; zehazki, gobernuak 31399 legea indargabetu nahi zuen 2022aren hasieratik, trabak jartzen baitizkio herri galdeketa bat egiteko deialdiari, gobernuaren iritziz.

Peruko Konstituzioaren arabera, Kongresuak konfiantza mozio bati ezezkoa ematen badio, presidenteak bere ministro kabinetea berrosatu behar du, eta, hori bigarren aldiz gertatzen bada, parlamentua desegin eta hauteskunde legegileetara deitu behar du. Aurrez iragarri bezala, Torresek dimisioa eman zuen, Kongresuak ez zuelako onartu presidentearen aldeko konfiantza mozioa. Horren ondorioz, Castillok Ministroen Kontseilua berritu behar izan du.

Hain zuzen, agintariak Betssy Chavez izendatu du lehen ministro, eta azken horrek Peruko telebista publikoari emandako aurreneko elkarrizketan esan du gobernuaren nahia dela agintaldiak 2026ra arte irautea. Gainera, zehaztu du gobernuak ez duela konfiantzazko bigarren mozio bat egiteko asmorik, ezta legebiltzarra desegiteko ere: «Elkarrizketarako zubiak eraikitzera goaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.