ELA: «Nafarroako 2023ko aurrekontuak legealdiko okerrenak dira»

Sindikatuaren arabera, ez diote egungo egoera ekonomiko zailari aurre egiten eta behar sozialei erantzuten: Europako funtsak kenduta, %1,6 baizik ez dira handitu, «KPIaren eta BPGaren oso azpitik»

Iñaki Zabaleta, Saioa Urriza eta imanol Pascual, ELAren Iruñeko egoitzan. ELA SINDIKATUA
joxerra senar
2022ko azaroaren 28a
12:59
Entzun

Oso kritiko agertu da ELA sindikatua Nafarroako 2023ko aurrekontuaren lege proiektuarekin, «antisozialak» direla ondorioztatu baitu. Sindikatuaren arabera, gizarte eragile eta sindikatuen parte hartzerik gabe egin dira, eta ez dute nahikoa diru sarrerarik egoera ekonomiko zailari eta handitzen ari den pobreziari erantzuteko.

Uneotan, aurrekontuen lege proiektua eta zerga neurrien inguruko beste lege proiektua parlamentuan bide egiten ari dira, eta espero da abenduaren 22ko osoko bilkuran onartzea. Azaroaren 4an, Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin akordioa erdietsi zuen aurrekontuen eta zergen inguruan, eta haren abstentzioarekin gehiengoa ziurtatuta dute gobernuko bazkideek bi legeak aurrera ateratzea.

EH Bilduk hamabost milioi euroren ekarpenak egin ditu 2023ko aurrekontuetan. Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzailearen arabera, «%0,26 baizik ez du aldatu». Akordioaren testuan «aberastasuna banatzeko eta trantsizio energetikoa bultzatzeko» konpromisoa hartzen dute bi aldeek. Pascualen arabera, «bereziki ulertezina da hitzok idaztea, gezurra baitira. Gobernuak ez du borondaterik enpresei zergak igotzeko, eta adierazten du AHTaren lanek edo Erdizko meategiak ez dutela konpromisorik trantsizio energetikoan».

Pascualek gogora ekarri du Europan «gehien dutenei zergak igotzeko» eztabaida puri-purian dagoela orain, eta PSOEren barruan zenbaitek bat egiten dutela ideia horrekin. Alta, «Maria Txibite PSOEren eskuinean kokatzen da, adierazi baitu ez dagoela prest enpresei zergak igotzeko». Jarrera hori ikusita, Pascualen arabera, «ezkerrak beste funtzio bat jokatu behar du, eta ezin da mugatu aurrekontuak apaintzera».

Hamar eurotik bat, zorra

2023ko aurrekontua 5.749 milioi eurokoa izango da, eta aurkezpenean gobernuak nabarmendu zuen %9 handitu zela aurtengoen aldean. Alta, MRR Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismoaren 185 milioi euroak hortik kendu behar direla uste du ELAk, Europako funts horien araudiak zehazten duelako ezin dela gastu arrunterako erabili. Inbertsio horiek kenduta, aurrekontua %1,6 baino ez dela hazten gaitzetsi du sindikatuak; aldiz, aurten BPGa %4 eta inflazioa %8,9 handitzea espero da —datorren urtean, berriz, %1,8 eta %4, hurrenez hurren—. ELAren arabera, aurrekontuak aurreikuspen horien «oso azpitik» handituko da.

Iñaki Zabaleta Ikerketa bulegoko arduradunak nabarmendu du ez duela gizarte premiei erantzuteko adina diru sarrera. «Zor publikoari esker itxiko da aurrekontua». Zor publikoaren pisua handia dela nabarmendu du, hamar eurotik bat zorra finantzatzera bideratzen baita. Zabaletak gogora ekarri duenez, gainera, interes tasa handiagoak ordaindu behar dira egungo jokalekuan: hala, legealdian 442 milioi eurotik 628 milioira handitu da zorraren finantzaketaren tamaina.

Atal horretan, UPNren garaian erabilitako itzalpeko bidesarien ereduaren lorratza sakona dela azaldu du ELAk, %800 handitu baita 2008an ezarri zenetik: egun, 111 milioi euro ordaintzen dira Pirinioetako eta Bideko autobideen edo Nafarroako Ubidearen kanonen bidez.

Pascualen arabera, zerga erreforma egin ezean, baliteke «murrizketak» etortzea. Berez, Iñaki Zabaletak salatu du sektore publikoak indarra galdu duela eta zerbitzu publikoek «okerrera» egin dutela. ELAk kalkulatzen duenez, Europako Batasunaren batezbestekora heltzeko, 850 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke.

Zehazki, 2023an Osasun departamenduak 1.324 milioi euroko aurrekontua izango du, BPGaren %5,6koa, baina bi puntuko tartea falta zaio EBren %8ko batezbestekora heltzeko. Hezkuntzari dagokionez, inbertsioa 909 milioi eurokoa izango da (BPGaren %5,6) —2020ko erreferentzia aintzat hartuta, 1,6 puntu falta zaizkio EBren esfortzu mailara iristeko—.

Gainera, ELAk gaitzetsi du errenta bermatuan 8,5 milioi euro gutxiago ordainduko direla 2023an. ELAren arabera, aurreko legediak errenta ordaintzeko lanbide arteko gutxieneko soldata hartzen zuen aintzat, eta, LGS 1.000 eurora igo zenez gerora Madrilen, gizarte arloko inbertsio hori %51 handitu beharko litzatekeela deritzo. Alta, 2016an legedian egin zen aldaketaren ondorioz LGSren erreferentzia kendu zen, eta norbanakoentzako errenta 658 eurokoa da egun. Sei urtean errenta hori 58 hori baino ez dela igo salatu du sindikatuak.

Azkenik, sindikatuak irmo salatu du aurtengo eta 2023ko aurrekontuetan gizarte elkarrizketaren finantzaketa berreskuratu dela eta CCOO eta UGT sindikatuei eta CEN enpresaburu elkarteari diru publikoa emango zaiela. Enplegu planari lotutako ekintzetan 182 milioi euro jasotzen dira berez. ELAren arabera, enplegu politika horiek «lehendik ere» administrazio publikoak kudeatzen zituen, eta, hori orain enplegu planaren bidez eginda, «politika publikoak pribatizatzen dira»; lana, osasuna, enplegu politika aktiboak eta enpresentzako diru laguntza jakin batzuk.

Saioa Urriza ELAren eskualdeko arduradunak salatu du, gainera, aurrekontuak gizarte eragileen parte hartzerik gabe egin direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.