Trans legea

Monterok ziurtatu du PSOEk ez duela trans legearen inguruko akordiorik nahi

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak esan duenez, PSOEk jakinarazi die ez dituela bere zuzenketak erretiratuko. Trans legearen etorkizunaz «kezkatuta» dagoela aitortu du Monterok.

E28 koordinakundearen manfestazioa Bilbon, ekainean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 28a
12:59
Entzun

Trans legeak arrakala sortu du Espainiako Gobernuan. Lege hori hasiera-hasieratik izan da PSOE eta Unidas Podemos alderdien arteko talka eremuetako bat, eta, gaur- gaurkoz, ez dirudi gobernuko bi bazkideen artean akordiorako zirrikiturik dagoenik. Ez bederen Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak gaur goizean egindako adierazpenei erreparatuz gero. TVE Espainiako telebista kate publikoan elkarrizketatu dute Montero, eta hark baieztatu du haustura formala dela PSOEren eta Unidas Podemosen artean: «PSOEk jakinarazi digu ez duela akordiorik nahi eta bere zuzenketekin aurrera egingo duela».

Adingabeen genero autodeterminazioan dago gobernuko bi bazkideen arteko desadostasunaren muina. Zehazki, sozialistek proposatutako aldaketa nagusietako bat da 16 urtetik beherakoek eta 12 urtetik gorakoek baimen judiziala behar izatea erregistroan sexua aldatzeko. Jatorrizko arauan, ordea, adingabeek eska dezakete aldatzeko, epaile baten onespenik gabe. Horrez gain, PSOEk beste zuzenketa batean proposatu du sexu aipamenaren aldaketa lehengoratzeko onespen judiziala izatea. Lege proiektuaren arabera, berriz, itzulgarritasun hori baimen judizialik gabe eskatu ahal izango dute 14 urtetik gorakoek.

Montero «oso kezkatuta» agertu da trans legearen etorkizunarekin, eta esan du beldur dela sozialistek ez ote duten PPrekin bat egingo transen eskubideak murrizteko «Guk ezin diegu huts egin pertsona transei, esan baitiegu gizarteak eta estatuak zor bat dutela haiekin, eta erantzukizuna dugula haiekin», azpimarratu du.

Berdintasun ministroak gaineratu du sozialisten zuzenketen helburua ez dela akordioa lortzea, baizik eta Kongresuko tramitazioa katramilatzea. Hala ere, Monterok uste du egoera hurrengo orduetan bideratu ahal izango dela, eta testu bat adostuko dutela. Lege proiektua tramitatzeko Kongresuko lantalde biltzera ez da oraindik formalki deitu, baina aste honetan biltzekoa da, ziurrenik asteazkenean.

Ministroen Kontseiluak ekainean onartu zuen transen eskubideen lege proiektua, gobernuko kideen artean aldez aurretik zenbait liskar izan ondoren. Legea kostata tramitatzen ari dira: Unidas Podemosen nahia zen urtea amaitu aurretik onartzea, baina nahi baino askoz motelago doa tramitazioa. Izan ere, PSOEk hainbat oztopo juridiko eta politiko aurkitu ditu, eta 37 zuzenketa aurkeztu dizkio egitasmoari. Berdintasun ministroak eta Unidas Podemoseko zuzendaritzak publikoki esan izan dute ez dutela «atzerapausorik» onartuko transen eskubideetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.