Etxegabetzeak

Galdakaon bi familia kaleratzeko arriskuan daudela salatu dute

Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak esan duenez, «putre funtsak Euskal Herrira iritsi dira; orain da geldiarazteko garaia».

Galdakaon egindako agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko azaroaren 28a
16:09
Entzun

Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, datozen asteetan bi etxegabetze gauzatuko dira Galdakaon (Bizkaia), eta, horiek eragozteko asmoz, mobilizazioak antolatuko dituzte. Santander bankua, Cerberus inbertsio funtsa eta Kutxabank egin dituzte egoeraren erantzule, eta arazoa konpontzeko negoziazioari uko egitea leporatu diete: «Putre funtsak Euskal Herrira iritsi dira; orain da geldiarazteko garaia».

Lehenengo kasuak 33 urteko emakume bati eta 4 eta 8 urte bitarteko haren hiru seme-alabei eragiten die. Azaldu dutenez, Global Pantelaria izeneko sozietateak gauzatu nahi du etxegabetzea. Sozietate horren %20 Santander bankuarena da, eta %80, berriz, Cerberus inbertsio funtsarena. «Jatorria AEBetan duen putre funts bat da, baina mundu osoan ari da higiezinak eskuratzen eta etxegabetzeak egiten», sindikatuko kideek esan dutenez; «Euskal Herrira ere iritsi da, eta, oraingoan, Galdakaori egokitu zaio txanda».

Bigarren auzia, berriz, erretiratuta dagoen 67 urteko langile bati dagokio. Aspaldi, kreditu bat eskatu zuen gurasoen etxea erosi ahal izateko; geroago lanik gabe eta, beraz, hipotekari aurre egin ezinik lotu zen. Kutxabank etxeaz jabetu da, pilatutako zorra erreklamatzen dio, eta, orain, hura etxegabetzeko asmotan dabil. Indarrean dagoen legeriaren arabera, 60 urte baino gehiago dituzten herritarrak ezin dira etxegabetu hipoteka ez ordaintzearekin lotutako kasuetan, baina agiri bat epez kanpo aurkeztu izana jarri du bankuak aitzakiatzat auzibidean aurrera jarraitzeko.

Sindikatuko kideek esan dutenez, kaleratzea gauzatu nahi duten banku eta sozietateekin harremanetan jarri dira kasu guztietan, irtenbide bat negoziatzeko asmoz, eta erakunde horiek guztiek uko egin diote negoziatzeari. «Gure ustez, irtenbidea erraza eta egiteko modukoa da», azaldu dute, «eta alokairu soziala eskaintzea litzateke».

«Alde batean, krisiak sortu eta hortik etekina ateratzen dutenak daude, eta, beste aldean, herritarrak», esan du sindikatuak. Horregatik, «erasora pasatzeko» garaia dela uste du, eta mobilizatzeko deia egin die herritarrei: «Gure erantzuna izango da elkartzea, sareak indartzea eta kideak babestea». Mobilizazioei ekingo diete, eta lehenengoa abenduaren 15ean izango da, Galdakaon: manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Santi Brouard plazatik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.