Albistea entzun

Espazioa

Artemis I misioa espero baino «harago» doa

Misioaren «erdian» da 'Orion' ontzia, eta aurreikusi baino emaitza hobeak lortu ditu NASAk. Errekorra ere hautsi dute: bidaiariak eraman ditzaketen ontzien artean, Lurretik urrutien egon dena da.

Artemis I misioko 'Orion' ontzia.
Artemis I misioko 'Orion' ontzia. @NASA_Johnson Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2022ko azaroak 28

Hamabi egun daramatza Orion ontziak espazioan. Azaroaren 16an abiatu zuen NASAk Artemis I misioa: «Ilargiaren esplorazioan kapitulu berri bat». Eta, plot twist-ik izan ezean, ezin hobeki amaituko da atala. Hasi, kostata hasi zen misioa, arrazoi teknologikoak eta meteorolikoak tartean; lau astez geroratu behar izan zuten atzerako kontaketa. Merezi izan du, ordea, bosgarren saiakerara arte itxaron izana. Izan ere, orain arte lortutako emaitzak eta aurrerapenak espero baino «harago doaz», misioaren arduradunen esanetan.

Bi tramankulu espazioratu ditu NASAk: batetik, Orion ontzia; bestetik, SLS suziria. Bi horien gaitasunak neurtu asmo dituzte adituek, etorkizun hurbilean Ilargira joan-etorriko bidaia bat antolatzeko. Emakume baten zuzendaritzapean, gainera.

Ikusi gehiago: Artemis IIko hautagaiak

Sei aste iraungo du Artemis Iek. Misioaren erdia egin dute dagoeneko; 17 etapa ditu denera, eta bederatzigarrenean da ja. Hu Howardek zuzendu du Orion ontziaren programa, eta «itzel eta sekulako» gisa deskribatu ditu orain arteko emaitzak. Misioaren arduradunek ere badute zer esan: «Bidaia honetan egiten dugun urrats bakoitzarekin ikasten ari gara».

Aurrez egin gabeko urratsak dira horiek. Herenegun, hilaren 26an, Orion-ek errekorra hautsi zuen: gizakiak eramateko gai diren ontzien artean, Lurretik urrutien egon dena. 430.000 kilometrora dago, eta are urrutiago ere joango da Ilargiaren inguruko buelta amaitzean (ia 450.000ra). Apolo 13k zuen lehengo errekorra (400.000 kilometro). Orain, orbita atzerakoian da Orion; hau da, Ilargia orbitatzen ari da ontzia, Ilargiak Lurra orbitatzen duen kontrako norazkoan.

Artemis III.ean, ilargiratu

Aurtengo saiakera proba bat besterik ez da, datozen misioetarako informazioa biltzeko. Orion ontzia, baina, ez dute hutsik espazioratu: hiru bidaiari-edo doaz bertan. Lehena Moonikin Campos manikia da —Moon (Ilargia) eta mannequin (maniki) hitzekin egindako hitz jolasa—. Campos abizena Arturo Campos ingeniaritik datorkio: Apollo 13 misioko ontziak arazoak eman zituenean bertan ziren hiru astronautak bizirik ekartzen lagundu zutenetako bat da.

Moonikinekin batera dira Zohar eta Helga; emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginak daude. Zohar manikiak erradiazioaz babestuko duen elastiko bat darama, baina Helgak ez. Ikerketa horren bidez, astronautek aurre egin behar dieten erradiazio mailen inguruko informazioa lortzea espero da.

Misioa amaitzean, beste bi urte itxaron beharko da Artemis II misioa abiatzeko. Hartan, astronauta-astronautak joango dira, eta Ilargia orbitatuko dute. Azkenik, 2025ean, Artemis III misioak ekarriko du 1969 ondotik beste behin ere gertatu ez dena: ilargiratzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Bortxaketa salatzeko erabili dut musika»

Ane Insausti Barandiaran

'Medusa' izeneko EPa sortu du AyVeek, jasan zuen bortxaketa eta ondoren bizi izandakoak kontatzeko. Haren hitza zalantzan jarri zutela salatu du, eta ingurukoen babesari esker egin duela aurrera.
Lurraren barneko geruzak eta barne nukleoa. ©ARGONNE NATIONAL LABORATORY

Lurraren barrunbeak ezagutzen

Iker Tubia

Lurraren barneko prozesuen berri izateko, uhin sismikoak erabiltzen dira. Berriki, ikerketa batek erakutsi du nukleo solidoaren abiadura moteldu egin dela, eta agerian utzi du mantuaren eta nukleo solidoaren arteko abiadura aldea.
ETB1eko <em>Go!azen</em> telesaileko aktore gazteak. ©ETB

Hiru haurretik batek ikusi du aurten 'Go!azen' ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

ETB1eko telesailaren denboraldia gaur amaituko da. Kontzertuek maiatzera arte jarraituko dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.