Albistea entzun

Espazioa

Bosgarren saiakeran, abiatu da Artemis I misioa

NASAren helburua da bidaia bat antolatzea Ilargira, emakume baten zuzendaritzapean. Horretarako, 'SLS' espaziontziaren eta 'Orion' ontziaren gaitasunak neurtu behar dira, eta hori eginen da gaur abiatu den misioan.

'SLS' suziria eta 'Orion' ontzia, gaur, aireratzeko unean.
'SLS' suziria eta 'Orion' ontzia, gaur, aireratzeko unean. NASA Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena - Paulo Ostolaza -

2022ko azaroak 16

Oraingoan, bai. Aurreko lau saiakeretan ez zen posible izan, baina bosgarrengoan bai: abiatu da NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren Artemis I misioa. Izatez, herenegun zen abiatzekoa, baina «langileek lanera itzultzeko baldintza seguruak izan arte itxaroten» dute. Izan ere, Nicole izeneko «ekaitz tropikala» herrialdera iritsi zela iragarri zuten joan den astean. Eta, antza denez, urakan bilaka zitekeela uste zuten. Misioa atzeratzen zuten laugarren aldia zen: bitan arrazoi teknikoengatik izan zen, eta bertze bitan, arrazoi meteorologikoengatik.

Euskal Herrian 07:48ak zirenean aireratu da Orion ontzia, aurreikusi baino 44 minutu beranduago. Aurreko orduetan atzemandako arazo batzuk konpondu behar izan dituzte aurretik.

Artemis misioaren helburua da Ilargira bidaia bat antolatzea, emakume baten zuzendaritzapean –bidaia tripulatua 2024. urterako aurreikusita dago–. Baina, ibilaldi hori egin baino lehenago, SLS suziriaren eta Orion ontziaren gaitasunak neurtu behar dira, eta hori eginen du gaur abiatu den misioak. Sei aste iraungo du.

Lehenbiziko saiakera horretan hiru bidaiari doaz Orion ontzian, benetako astronautekin eginen diren misioetako informazioa biltzeko. Lehenbiziko bidaiaria Moonikin Campos izeneko maniki bat da, eta komandantearen lekuan dago. Hegaldian tripulazioak zer sentituko duen aztertzeko balioko du maniki horrek. Bertze bi eserlekuak Zohar eta Helga izeneko bi gorputz enborrek bete dituzte. Emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginak daude. Zohar manikiak erradiazioaz babestuko duen elastiko bat darama, baina Helgak ez. Ikerketa horren bidez, astronautek aurre egin behar dieten erradiazio mailen inguruko informazioa lortzea espero da.

Ikusi gehiago: NASA: emakumeei neurria hartu ezinean

NASAk zabaldutako informazioaren arabera, Orion ontzia propio diseinatuta dago astronautak espazio sakonera eramateko. Ontzi bakarra da hori egiteko gai dena, baita Ilargitik abiadura handian itzultzeko gai dena ere. Hiru elementuz osatuta dago: tripulazioaren modulua, non tripulazioa bizi den; zerbitzu modulua, zeinak indarra, propultsioa eta kontrol termikoa eskaintzen dituen; jaurtiketako ihes sistema, zeinak larrialdi egoera batean tripulazioa atera dezakeen. SLS suziria, berriz, Orion ontzia Ilargira arriskurik gabe bidal dezakeen suziri bakarra da. 30 solairuko eraikin bat baino altuagoa da: 98 metro baino gehiago ditu. Gainera, eurite handiak jasateko prestatuta dagoela adierazi du NASAk, eta ateak ura ez sartzeko diseinatuta daudela. 136 kilometro orduko haizeak jasateko ere gai da.

NASAk adierazi duenez, misioan bazkide komertzialekin eta nazioartekoekin lan eginen dute, eta lehenbiziko aldia izanen da Ilargian egonaldi luze bat eginen dena. Bidaia horretan ikasitakoa hurrengo pausoa emateko erabiliko dute: Martera lehenbiziko astronautak bidaltzeko, zehazki.

Misioa Kennedy Space Center kokalekutik irten da. SLS suziria eta Orion ontzia duela bi aste mugitu zituzten hango 39B jaurtiketa plataformara, Vehicle Assembly Building kokalekutik. Ia zazpi kilometroko ibilbidea izan bazen ere, bederatzi ordu behar izan zituzten lekualdaketa egiteko.

Emakumeak espazioan

Artemis misioaren berezitasuna da emakumeek protagonismoa izanen dutela. Arlo horretan emakumeek diskriminazioa jasaten dutela frogatzen duten adibide andana baitaude. 2019an, erraterako, espazio ibilaldi izeneko batean emakumez osaturiko talde batek aritu behar zuen, baina ez zen hala izan, emakumezkoentzako astronauta jantzi bat falta baitzen.

Hautagaiak

2024rako aurreikusita dagoen misioan parte hartzeko, astronauten zerrenda bat argitaratu du NASAk. Honako hauek dira hautagai posibleak:

Kayla Barron Sistemen Ingeniaritzako lizentziaduna da, Ameriketako Estatu Batuetako Ontzigintza Akademian. Astronauta izateko entrenamendua bi urtez egin du, baina oraindik ez da espaziora joan.

Christina Koch Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Zientzietako lizentziaduna da, eta Ingeniaritza Elektrikoko Zientzietan maisutza du. Honako leku hauetan egin du lan: NASAn ingeniari elektriko gisa, Johns Hopkins Unibertsitatean, eta Antartikan eta Groenlandian ikerlari gisa.

Nicole A. Mann Ingeniaritza Mekanikoen Zientzietako lizentziaduna da, eta maisutza bat du arlo berean. Itsas infanteriako teniente koronela da. 2013an NASAn lan egiteko hautatu bazuten ere, oraindik ez da espaziora joan.

Anne McClain Ingeniaritza Mekanikoen/Aeronautikoen Zientziako lizentziaduna da, eta Ingeniaritza Aeroespazialen Zientzietan eta Nazioarteko Harremanen Zientzietan maisutzak ditu. Nazioarteko Espazio Estazioan hegaldi ingeniari izendatu berri dute.

Jessica Meir Biologiako lizentziaduna da, Espazioko Ikasketen Zientzietako maisutza bat du, eta Itsas Biologiako doktoretza. Lockheed Martin ikergunean lan egiten du, eta Harvardeko Medikuntza Fakultatean irakasle laguntzaile gisa ere bai.

Jasmin Moghbeli Ingeniaritza Aeroespazialeko Zientzietako lizentziaduna da, eta arlo berean maisutza bat du. Ameriketako Estatu Batuetako itsas armadako kide izan da, eta duela bost urtetik NASAko kide da.

Kate Rubins Biologia Molekularren Zientzietako lizentziaduna da, eta Minbiziaren Biologiako doktoretza bat du. Astronauta lanetan hasi baino lehenago, baztangagatiko birusak kutsatzeko lehen eredua garatu zuen taldeko kide izan zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo, Tel Aviven. ©DEBBIE HILL / EFE

«Lasaitasuna berrezartzeko» eskatu die Blinkenek Israeli eta Palestinari

Mikel Elkoroberezibar Beloki

AEBetako Estatu idazkariak Tel Aviven adierazi du AEBek «Israelgo segurtasunarekin» daukaten konpromisoa «hautsezina» dela. Israelgo armadak gutxienez 35 palestinar hil ditu aurten

Zelenski eta Von der Leyen, iazko apirilean, Kieven ©EFE

Ukrainak bi urteko epean sartu nahi du EBn

Igor Susaeta

Erdoganek adierazi duenez, Suediarekin eta Finlandiarekin batera negoziatu beharrean, bakarka negoziatuko du bi herrialde horiek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeari buruz.

Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan. ©ERIK S. LESSER / EFE

Poliziak Nicholsi eman zion jipoiak protestak piztu ditu AEBetan

Gorka Berasategi Otamendi

Ostiralean publiko egin zituzten bost poliziak gazte afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak. Grabazioetan ikusten denez, bortizki jo zuten, baita aurre egiteko aukerarik ez zuenean ere

Joan den urtarrilaren 26an Boluarteren aurka Liman egindako manifestazio bat. ©EFE

Bozak aurten egiteko, Boluartek konstituzioa erreformatzea planteatuko du

Igor Susaeta

Kongresuak  ez badu onartzen hauteskundeak aurten egitea, presidentearen lege proiektuetako baten helburua da urriko bigarren iganderako antolatzea.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...