Sumendiak
Hawaiiko Mauna Loa piztu da, munduko sumendi aktiborik handiena
Duela ia 40 urte piztu zen azkenekoz. Oraingoz, sumendiak ez ditu «mehatxatu» inguruko herriak.

1984an piztu zen azkenekoz, eta, ia lau hamarkada ondotik, berriro piztu da Mauna Loa sumendia, Hawaiin (AEB). Munduko sumendi aktiborik handiena da.
Hawaiiko Sumendien Behatokiak jakinarazi duenez, atzo gauean izan zen erupzioa, 23:30 aldera —Euskal Herrian gaurko 10:30 aldera—. Laba fluxuek gailurraren inguruan diraute, eta «ez dituzte mehatxatzen» magalean dituen herriak. Dena dela, behatokiak ebakuatze posible baterako prest egoteko eskatu die herritarrei, laba fluxuen joera «azkar» alda daiteke eta. Horiek sumendi galdaran gainezka egiten badute, litekeena da hegalean behera isurtzea.
Halaber, adituek ez dute baztertzen sumendiak botatako gasak eta errautsa zabaltzea, haizeteen ondorioz. Agintariek abisu gorria ezarri dute aireko nabigaziorako.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.