Ekialde Hurbila

Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «borborka hastear» dagoela ohartarazi du NBEk

Erakundeak bi estatu sortzeko plana onartu zuenetik 75 urte betetzen dira gaur, baina liskarrak ez du etenik izan ia. Israelgo segurtasun indarrek bost palestinar hil dituzte bart.

Palestinako herritarrak Israelgo segurtasun indarrek hildako palestinar baten hiletan, Ramallahn. ALAA BADARNEH / EFE
maddi iztueta olano
2022ko azaroaren 29a
14:28
Entzun

Panorama goibela aurreikusten du Israel eta Palestinarentzat Ekialde Hurbileko Bake Prozesurako NBE Nazio Batuen Erakundeko koordinatzaile bereziak, Tor Wennesladenek. Gatazka «borborka hastear» dagoela ohartarazi zuen atzo NBEko Segurtasun Kontseiluan, «etengabeko indarkeriaz betetako hamarkaden, negoziazio geldoen eta legez kanpoko okupazioaren zabalkundearen ondorioz».

Haren arabera, bi estaturen konponbidea da gatazkari irtenbide bat emateko «aukera bakarra». Egungo testuinguruak, ordea, ez du hori lortzeko paisaia argia adierazten. Izan ere, azken urteetan, eta, bereziki, azken hilabeteotan «erritmo bizian» egin dute gora Palestinaren eta Israelen arteko liskarrek.

Koordinatzaileak bi aldeen arteko «bake prozesu geldoa» eta Palestinako lurretan «errotutako okupazioa» jo zituen igoera horren erantzuletzat. Are, gehitu zuen okupazioaren zabalkundeak eta indarkeriaren gorakadak «mugatu» egiten dituztela «Palestinako Estatu duin bat eratzeko beharrezkoak diren espazio ekonomikoak eta fisikoak».

Horretarako, PAN Palestinako Aginte Nazionalak «erronka ekonomiko eta instituzional handiei» aurre egin behar lieke. Wennesladenen ustez, zailtasun horiek gainditzen «lagundu behar dio nazioarteak», eta iritzi zion «gatazka izoztea» ez dela posible.

Bi estatu osatzearen konponbidea jarri zuen erdigunean kontseiluan emandako hitzaldian, eta gogorarazi zuen horren alde egiten dutela «palestinar eta israeldar askok». Dena den, horretarako ezinbestekotzat jo zuen «NBEren erabakietan, nazioarteko zuzenbidean eta orain arte sinatutako hitzarmenetan oinarritutako erabakiak hartzea».

Hain justu, duela bi aste NBEko Batzar Nagusiko batzorde batek Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu zion iker ditzala Israelek Palestinako lurretan egiten dituen «legez kanpoko» okupazioen ondorioak. Ebazpen horren alde bozkatu zuen gehiengoak, baina beste bozketa bat egingo dute datozen asteetan.

Horiek hala, Israelgo jarduneko lehen ministro Yair Lapidek gutun bat bidali die gaur nazioarteko 50 agintariri baino gehiagori, NBEk aurkeztutako ebazpenaren aurka bozkatu dezatela eskatzeko. Haren arabera, erakundearen asmoa da Israel «seinalatzea, gutxiestea eta herrialde gisa duen zilegitasuna kentzea». Besteak beste, Erresuma Batuari, Frantziari eta Herbehereei bidali die gutuna.

Gertakizun bat, bi bertsio

Israelgo segurtasun indarrek gutxienez bost palestinar hil dituzte bart, Zisjordania okupatuan. Beste behin, bi aldeek zabaldutako bertsioak ez datoz bat gertatutakoaren inguruan. Israelgo armadak Twitterreko kontu ofizialean idatzitakoaren arabera, bart gaueko ordu txikitan operazio baten erdian «blokeatuta» gelditu ziren bi ibilgailu militar, Beit Umarren (Zisjordania). Antza, handik gutxira zenbait herritarrek eraso egin zien, «harriak jaurtiz eta tiro eginez». Mezuan ez zituzten hildakoak aipatu.

Palestinako Osasun Ministerioak, ordea, gaur goizean jakinarazi du 44 urteko herritar bat tiroz hil dutela Beit Umarren. Handik ordu gutxira, beste bi hildakoren berri eman du: 22 eta 21 urteko Yauad Abdelrahman Rimaui eta Dafer Abdelrahman Rimaui senideak. Kafr Ainen hil dituzte, tiroz.

Urte hasieratik, 205 palestinar hil dituzte Israelgo segurtasun indarrek; horietatik 153, Zisjordania okupatuan eta Jerusalem Ekialdean, eta 52 Gazako zerrendan. WAFA berri agentziak aditzera eman duenez, gertakizunen harira greba egun orokorrera deitu dute gaur Ramallahn. Israelgo armadak, berriz, esan du «gertatutakoa ikertzen» ari direla.

Aurrerapauso gutxi

Ia mende bat egin behar da atzera Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren hasierara iristeko. NBEk duela 75 urte onartu zuen 181. ebazpena, zeinak bi estatu, Israel eta Palestina, sortzeko agindu zuen, eta nazioartearen esku utzi zuen Jerusalem.

Bestelako norabidea hartu du, ordea, 1947ko azaroaren 29an onartutako planak. Zenbait iturriren arabera, erabaki hori «ezinbestekoa» izan zen Bigarren Mundu Gerrak bultzatuta arabiar lurretara iritsitako milaka juduren egoerari irtenbide bat emateko. Egun batetik bestera sortutako mugek, ordea, laster piztu zituzten israeldarren eta palestinarren arteko liskarrak.

Are gehiago harrotu zituen hautsak David Ben Gurionek 1948ko maiatzaren 14an aldarrikatutako Israelgo Estatuaren independentziak. Palestinarrek Nakba izenez oroitzen dute egun hori, hondamendia esan nahi du arabieraz. Hain justu, bi aldeen arteko lehenengo gerra piztu zuen horrek. 700.000 palestinar inguruk utzi zuten beren lurraldea, eta «linea berdea» izeneko muga sortu zuten.

Handik hogei urtera, Sei Eguneko Gerrak berriro aldatu zuen banaketa geografikoa. Israelek Golan, Sinai –1979an, Egiptori itzuli zion–, Gaza eta Zisjordania –Ekialdeko Jerusalem barne– okupatu zituen 1967an.

Ordutik, estatu juduaren okupazioa zabaldu besterik ez da egin, eta, egun, Israelen esku daude Ekialdeko zein Mendebaldeko Jerusalemen kontrola eta kudeaketa. Ia ehun urte igaro dira NBEk bi estatu osatzeko helburuari ekin zionetik, baina, ordutik, indarkeriak ez du ia etenik izan lurralde horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.