PSE-EEren eta PSNren zuzendaritzek bilera egin dute, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Maria Txibite Nafarroako lehendakariaburu izanik, eta aukera baliatu dute bi alderdien artean dauden «lotura estuak» nabarmentzeko. Bi buruzagien arabera, sozialistek Hego Euskal Herriko gobernuetan ardurak izateak erraztu egiten du «politikak koordinatzea eta kudeaketan eraginkorragoak izatea». Esan dutenez, sozialistak «ongizatearen eta suspertze ekonomikoaren berme» dira.
Bileraren ostean, Andueza eta Txibite elkarrekin agertu dira hedabideen aurrean, eta hainbat gai jorratu dituzte. Anduezak, esaterako, EAEko aurrekontuak izan ditu hizpide, eta garrantzia kendu dio oposizioko indarrek horien harira erakutsitako desadostasunari: «EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuak gehiengoa du, eta, hortaz, ez dugu beste talde parlamentarioen beharrik aurrekontuak onartu ahal izateko».
Garraio publikoaren prezioei 2023an aplikatuko zaizkien hobariak ere ahotan hartu ditu Anduezak. Hasieran, EAJk zalantzak agertu zituen kenkari horiei 2023an ere eusteko erabakiari buruz, eta, adibidez, Bizkaiko Batzar Nagusietan abstenitu egin zen horren inguruko bozketan, baina Eusko Legebiltzarrean bat egin zuen neurria babesten zuten gainerako taldeekin. Anduezak onartu du gobernuko bi bazkideen artean desberdintasunak egon direla gai horren inguruan, baina ez du uste «desleialtasunik» egon denik: «Izatekotan, EAJ izan da herritarrekin desleial jokatu duena».
Txibite, berriz, trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku uztearen inguruko polemikaz mintzatu da. Gogorarazi du eskaera hori aspaldikoa dela eta horren inguruan «erabateko adostasuna» egon dela beti Nafarroan, eta berretsi du eskumena eskualdatzeak ez duela esan nahi Guardia Zibilak Nafarroatik alde egin beharko duenik. Auzi horren inguruan EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak lorturiko akordioari dagokionez, esan du eskualdatzea gauzatzeko emandako «bultzada politiko» guztiak «ongi etorriak» direla, baina zehaztu du Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko negoziazioak finkatuko dituela eskualdatzearen nondik norakoak.