Memoria

Usurbilgo Sagardia plazaren izena aldatzea exijitu du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak

Joxe Martin Sagardia euskal errefuxiatua BVEk hil zuen 1980an, Miarritzen. ETAko ustezko kideen zerrenda batean dagoela esan dio udalari Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, eta Terrorismoaren Biktimen Legea urratzen duela plazaren izenak.

Usurbilgo udaletxea. NOAUA
xabier martin
2022ko azaroaren 29a
17:19
Entzun

Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrietak jakinarazi du Joxe Martin Sagardia plazak 1982an hartu zuela izen hori, eta gaur arte ez dela inolako arazorik egon horren harira. Denis Itxaso Espainiako Gobernu Ordezkaritzako buruak, ordea, plazaren izena aldatzea exijitu dio Usurbilgo Udalari, izen horrek Terrorismoaren Biktimen Legea urratzen duelakoan.

Sagardia BVE Batallon Vasco Españolek hil zuen 1980ko abenduan, Miarritzen, haren autoan lehergailu bat jarrita. 1973etik zegoen Ipar Euskal Herrian, 1975etik errefuxiatu estatusarekin, eta 30 urte zituen gerra zikinaren atentatuak hil zuenean. Ordezkaritzak dio Sagardia ETAko ustezko kideen zerrenda batean azaltzen dela, eta ezin diola plaza bati haren izena eman.

Jose Pedro Perez Llorca Espainiako Atzerri ministro zen garaian ezagutarazi zuen zerrenda hori Ministerioak, Adolfo Suarezen gobernuan, 1980an, eta 150 izenekin osaturik dago. Hortaz, ETAren biktimak babesten dituen legea urratuko luke, Ordezkaritzaren arabera, Usurbilgo Joxe Martin Sagardia plazak. Sagardia Bilbon jaio zen, baina umetan aldatu zen Usurbilera.

Gogoraren aitortza

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak biktima gisa aitorturik dauka Sagardia, Solabarrieta alkateak (EH Bildu) gogoratu duenez. Uste du aitortza horrekin loturik dagoela Espainiako Gobernu Ordezkaritzak egin duen salaketa. «Zertara dator errekerimendu hau gure herriko bizikidetza nahasteko bada? Estatu indarkeriako biktimek ere behar dute aitortza eta lekua gure herriko memoria kolektiboan», idatzi du alkateak sare sozialetan.

Solabarrietak ezagutarazi du azterketa juridikoa egiten ari dela udala, izendapenaren defentsan. Edonola ere, hilabeteko epea luke Usurbilgo Udalak Ordezkaritzak exijitu diona betetzeko, hau da, Joxe Martin Sagardia plazari izena aldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.