Albistea entzun

Literatura

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian.
Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. Maialen Andres / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko azaroak 29 09:57

«Rolls Royce auto bat da sonetoa, alajaina./ Errepidean koskarik gabe azkar doa,/ diseinu perfektuena, barru erosoa». Hala abiatzen da Hamalaukoa poema Pozaren erdia liburuan barrena. Eta hala segitzen du pixka bat aurrerago: «Kanpotik ez maite arren molde klasikoa,/ poeta zaharren laztan antigoalekoa/ eta maisu-maistren isuria eta zaina// sentituko dituzu han eseri orduko». Halaxe sentitu zen Harkaitz Cano sonetoen moldean barneratu zenean, idazleak berak aitortu duenez; Rolls Royce batean bezalaxe, aldi berean mugatu eta eramaten zuen egitura batean —«Ni noa gidari, ala neurtitza dut zaldi?», dio poema berean—. 64 soneto bildu ditu idazleak bere poema liburu berrian, eta Susak plazaratu du.

Eite ezberdineko hainbat poema bilduma eman ditu Canok urteotan —besteren artean, Kea behelainopean bezala (1994), Norbait dabil sute-eskaileran (2001), Dardaren interpretazioa (2003) eta Malgu da gaua (2014)—. Sonetoak idazteari nola ekin zion azaltzeko, baina, 2015-2016ko urteetara atzera egin du, Thiago Rodrigues antzerki zuzendari eta aktorearen lan batek «liluratu» zuen garaira. Obra hartan, ikus-entzuleen artean zazpi pertsona gonbidatu, haietako bakoitzari bina lerro ikasarazi, eta antzoki osoa Shakespeareren soneto bat buruz ikasita etxeratzea lortzen zuen Rodriguesek. «Zerbait magikoa iruditu zitzaidan, eta ni ere erori nintzen nire neurriaren eta errimaren zaletasun berantiarrean», adierazi du. Pandemia heldu zen gero, eta, hainbatek sudokuak egiten zituzten bezala, berari sonetoak idazteari ekin ziola azaldu du.

Jendeari sonetoak egiten hasia zela komentatzen zionean, gehienengan molde horrekiko erreparoa sumatu izan zuen. «Kontua da geroztik kolega askorekin hitz egin dudala horri buruz, eta konturatu naiz zaletasun hau askorena izan dela, askotan ezkutukoa, eta gero, adiktiboa ere badela. Poeta adiskideek beti ohartarazten zidaten garaiz uzteko; ondo zegoela sasoi batez sonetoak idaztea, baina komeni zela garaiz uztea».

Zer du, bada, sonetoak adikzioa sortzeko? Hamalaukoa poemak dioenaren bidetik eman du erantzuna idazleak. «Nire sentsazioa hori izan zen, sonetoaren barruan sartu eta sentitzea Rolls Royce baten barruan nengoela». Nahiz eta ordura arte molde klasikoak arretarik ez zion eman, interesa piztu zitzaion, eta probak egiteari ekin zion bi laukok eta bi hirukok osatutako hamalau lerroko egituran, eta hamalauna silabako neurrian sumatu zuen bere burua erosoen. «Hor topatu nuen modu bat, gurpil bat bazihoana». Kantugintzan zortziko txikian maiz topatu izan duen bezala, argitu duenez. «Sonetoetan beharbada ez nago horretatik hain urrun, kontaketari dagokionez; poemaren egikeran bai, oso urrun nago».

Pieza bakoitza desberdina bada ere, bere apustua oro har «narratibotasun pixka bat, halako isuri narratibo bat» lortzea izan dela zehaztu du, eta malgu jokatu duela tarteka hemistikioekin, errimekin zein neurtitz kopuruekin.

Izenburuari buruz, berriz, esamolde persiar bat ekarri du Canok gogora; pozaren erdia pozaz hitz egitea bera dela dio esamolde horrek, eta, haren ustez, «antzeko zerbait gertatzen da literaturarekin». Izenburua jartzeko orduan, Jose Luis Otamendiren Poza eta gero poema liburua zein Landura liburuko Pozaren gelaxka olerkia presente izan zituela gehitu du. «Liburu hau ere bada pozaren bilaketa horretarako zirriborro bat; poz bat norberarena».

Egitura, kortse eta lagun

Haurtzarotik hasita, ibilbide moduko bat proposatzen du lanak, eta aurrez landu izan dituen gaiak ageri direla azaldu du Canok, baina beste era batera. «Forma berri bat hautatzea izan daiteke modu bat berridazteko, jada idatzi dituzun gai batzuk berriro idazteko». Gai berak izan arren, ariketa bestelakoa dela azaldu du, hamalaukoaren «kortsean» sartu behar zuelako, eta «oso hertsakorra» izan daitekeelako. «Zeure burua apurka-apurka paretaren kontra zokoratzen duzu, eta errima horrekin kontatu nahi duzunaren eta ezin duzunaren arteko lehia estu horretan, askotan paretaren kontra geratzen zara, baina batzuetan lortzen duzu Houdinik bezala alde egitea, eta, hori lortzen duzun aldi apur horietan, nik uste dut hor sortzen dela adikzioa».

Kortse estu hori lagun ere izan daitekeela frogatu du, berak lanaren erdia eta egiturak beste erdia egin duela sentitu baitu. «Sentitzen duzu estruktura batek, egitura batek, tradizio batek zugatik lan egiten duela. Batetik daukazu alkandora hertsagarri hori, zoroetxera eraman zaitzakeena, baina bestetik daukazu egitura bat sostengatzen zaituena, lehen aipatzen nuen Rolls Royce hori». Oso «magnetikoa» iruditu zaion egitura horretan mugitzen saiatu da, beraz, idazlea; «solemne, baina ez solemneegi», haren hitzetan.

Leire Lopez Ziluaga editorearen hitzetan, sonetoak idazteak badu zerbait solemnetik eta badu zerbait ironikotik. «Eta iruditzen zait liburuaren izaeraren parte direla biak, solemnitatea eta ironia». Baita bien arteko jolasa ere. Haren ustez, «gonbidapen bat» da Pozaren erdia: «Erdi horrek ez al du beste erdia iradokitzen?».

Maite Larburu musikariak ere parte hartu du liburuaren aurkezpenean, eta kantu bihurtu du Gosari berantiarra sonetoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.