Albistea entzun

Hilberria

Jakes Abeberri hil da, abertzaletasun mugimenduan erreferentea

Enbata mugimenduaren sortzaileetako bat eta izen bereko aldizkariaren zuzendari izan zen Abeberri. 92 urterekin zendu da.

Jakes Abeberri hil da

Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki-Ainize Madariaga -

2022ko azaroak 30

Jakes Abeberri (1930, Miarritze, Lapuri) zendu zen bart gauean, 92 urte zituela. Ipar Euskal Herrian pertsonaia ezaguna izan da, bai politikan eta bai kultura arloan izan duen jardunagatik. Mugimendu abertzalearen bultzatzaile eta erreferente nagusietako bat izan da urteetan. Abertzaleen Batasuneko bozeramaile, Enbata aldizkariaren zuzendari eta Oldarra dantza taldearen buru izan zen, besteak beste.

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak haren ibilbidea goraipatu du. «Borroka guzietan parte hartu zuen; herri honek anitz zor dio», adierazi du. Herriaren zerbitzura ezarritako «sineste sendoak, inteligentzia eta talentua» azpimarratu ditu. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere mezu bat zabaldu du sare sozialetan. «Euskalduna, abertzalea, eta betiere konprometitua eta solidarioa. Ohorea izan da niretzat zurekin bidearen zati bat elkarbanatzea». EH Baik «militante politiko handi baten galtzea» aipatu du. «Enbatako sortzaile, hautetsia, kultur arloan militantea… Ekarpen ikaragarria egin zion Ipar Euskal Herriari». ELA sindikatuak «Ipar Euskal Herriko abertzaletasunaren erreferente handia aipatu du. Ipar Euskal Herriko lurraldeari egindako ekarpena azpimarratu dute Iñaki Etxaniz eta Vincent Bru diputatuek eta Frederique Espagnac senatariak ere. «Monumentu bat» zen François Alfonsi Korsikako eurodiputatuaren hitzetan.

gehiago: Jakes Abeberri: «Bera dira egungo abertzaleen estrategia eta 63ko Enbatarena»

Miarritzen jaio zen Jakes Abeberri, 1930. urteko apirilaren 25ean. Abokatu ikasketak egin zituen, baina beste arlo batzuetan egindako lanagatik izan da ezagunagoa. Hego Euskal Herriko errefuxiatuekin harreman handia izan zuen, eta haiekin izandako harremanekin sortu zitzaion kontzientzia abertzalea. «Telesforo Monzonen gisako pertsona batzuk biziki garrantzitsuak izan ziren harentzat», esplikatu du Ellande Duny-Petre historialari eta Enbata aldizkariko kronikariak. Enbata mugimenduaren eta aldizkariaren sortzaileetarik izan zen Abeberri 1960an, eta 1963an Itsasuko Agiriaren sinatzaileetarik bat izan zen. Urte hartan Enbata aldizkarian idatzi zuen artikulua gogoratu du Duny-Petrek, eta adierazi gaur egunerako ere balioko lukeela. Gauza bera zion Abeberrik berak 2015ean BERRIAn: «Bera dira egungo abertzaleen estrategia eta 63ko Enbatarena».

Abeberrik Jean Luis Davant idazle eta euskaltzaina izan zuen bidelagun Enbata sortzeko. Hala, «belaunaldi bateko azken haritz gisa» definitu du Davantek Abeberri, Jean Haritxelar, Mixel Labegueri eta hainbaten pare. Gogoan hartu du Enbatako sorrerako bilkuretan elkarrekin zirenekoa, 1960ko apirilean: «Euskal Herria, Euskadi, euskaldunen aberria. Hori zen gure lema. Itsasuko lehen Aberri Egunak, 1963koak, asko zor dio Abeberriri. Batzuek, Abeberri eguna deitu zuten». Borrokalari eta estratega gisa du gogoan: «Gizon sutsua zen, baina beti plaza gizona; arrunkeriarik gabea. Boxeolari baten gisan. Behin ere ez diot entzun hitz itsusirik, etsaien aurka ere». Ipar Euskal Herriko abertzaleek asko zor diotela uste du. Davantek azpimarratu du Abeberrik kulturgintzarekin zuen lotura ere: «Dantzari luzea eta kantaria. Luzaz Oldarra taldeko burua eta elegantzia hori atxikitzen zuen borrokan ere».

Hauteskundeetara aurkeztu zen Enbata, eta Abeberri izan zen hautagai 1968an, baina ez zituzten lortu nahi bezalako emaitzak. «Garaian Enbata zen abertzaleen ahotsa Ipar Euskal Herrian, baina 1970eko hamarkadatik aitzina beste mugimenduak ere agertzen hasi ziren», esplikatu du Duny-Petrek. «Hauteskundeetan izandako porrotek ahuldu zuten. Militanteak asko inbertitu ziren». Horren segidan etorri zen Izan mugimendua 1980eko hamarkada hasieran, gogoetarako eta ekintzarako arragoa, Julen Madariagak, Patxi Nobliak eta beste batzuek parte hartu zuten bertan. «Abertzaletasunak gizarte zibilean inbertitu behar zuela uste zuten, herria eraikitzeko», Duny-Petreren hitzetan. Herrikoa sortzen lagundu zuen Noblia Abeberrik, eta baita Sokoa kooperatibaren sorreran ere. Urte horietan euskal departamenduaren aldarrikapena berpiztu zuten.

1981eko Frantziako presidentetzarako hauteskundeei begira PS alderdi sozialistarekin negoziatu zuen Abeberrik, eta François Mitterrand hautagaiak bere ehun proposamenen artean sartu zuen euskal departamenduaren sorrera. Ezohikoa zen Frantziako alderdi baten aldetik, «Ipar Euskal Herriko PSko militanteen iritziaren kontra egin zuten», gogoan du Duny-Petrek. Mitterrandek hauteskundeak irabazi zituen, baina ez zuen hitza bete. 1983an Miarritzeko herriko etxean hautatu zuten hautetsi. Garaian, Bernard Marie zen auzapeza, «eskuineko kazike antieuskaldun bat», Duny-Petreren hitzetan. Didier Borotra zentristak, sozialistek eta Abeberriren Miarritze Bestelakoa taldeak aliantza egin zuten, eta boterea hartzea lortu zuten. «Lehen aldia zen abertzaleak boterera iristen zirela. Anitzentzat kolpe bat izan zen». Kulturako axuant izan zen Abeberri 1991tik 2001era, eta Hiriko Azpiegitura eta Garapenekoa 2001etik 2008ra. Urte horietan euskalgintzako egiturei laguntza eman zien Miarritzeko Herriko Etxeak, besteak beste haren bultzadaz.

1996an, Enbata eta Ekaitza aldizkariek GAL erakundea laguntzen ibili ziren Frantziako polizia batzuen izen-deiturak argitaratu zituzten, eta Abeberri epaitua izan zen, Ekaitzako zuzendari eta Herriaren Aldeko Jakes Bortairurekin batera—polizia horiei «ustel» deitzen zien afixak kaleratzeagatik— difamazioagatik. Ekaitza-k ez zuen zigorrik jaso prozedura akats baten ondorioz, baina Abeberri eta Bortairuri isuna ezarri zieten. Enbata aldizkariak 210.000 libera ordaindu zituen estatuak Abeberriren ondasunak ez bahitzeko.

Euskal Batasuneko militantea izan zen Abeberri, eta Abertzaleen Batasunaren bultzatzaileetako bat ere bai. Urteetan izan da ezkerreko abertzaleen alderdiko idazkaritzako kide, eta bozeramaile lanak ere egin zituen. «Ipar Euskal Herriko indar harremana ikusirik, ezinbestekoa zitzaion abertzaleen arteko batasuna», Duny-Petreren aburuz. 2001eko zatiketan ABren hautua egin zuen. «ETAren sortzaileei biziki lotua izan zen hasieratik, eta Hego Euskal Herriko borroka armatuaren alde zegoen. Gregorio Ordoñezen erailketarekin hartu zituen distantziak. Ez zuen onartu hautetsi baten kontra jotzea». Enbata-n editorial bat idatzi zuen atentatua gaitzesteko.

Azken urteetan, EH Bairen alde egina zuen Abeberrik. «Begidarada baikorra» zuen, Duny-Petreren hitzetan. «Erein zituzten haziak fruituak ematen ari zirela iruditzen zitzaion. Poliki, baina aitzinatzen ari garela uste zuen». Bere ibilbidean izan duen «konstantzia» azpimarratu du: «Porrotak gainditzeko gaitasuna izan du, eta inoiz ez ditu bere engaiamenduak eztitu karrera politiko bat egin ahal izateko. Engaiatzeko gogoa ematen zuen, berekin eramaten zintuen. Oldarra eta arnasa ematen zituen; eta, berak ere arnasa luzea izan du».

Kulturgilea

15 urterekin sartu zen Oldarra dantza eta kantu taldean, eta lehendakari ere izan zen 34 urtez. Haren hitzetan, hor sortu zitzaion euskal errealitatearen kontzientzia. Iñaki Urtizbeherea bidelaguna izan zuen urteetan; ez ditu gehiago urteak zenbatzen: «Jende zuzena zen, baina diskurtso interesgarria zuen beti; ez berak zuela beti arrazoi. Pertsonaia garrantzitsua izan da Oldarraren bizian. Nortasunik gabeko Oldarra ginen, baina, lehendakaritza hartu zuelarik, oldar ukaldi handia eman zion elkarteari, baitzituen kontaktu anitz kanpoan. Bera zen euskalduna. Errotik aldaketak izan ziren, eta begiak hetsirik segitu dugu».

Urtizbehereak irriz oroitu du Abeberri ez zela dantzari trebea; kantuari dagokiolarik, berriz: «Bakarrik aritzeko kantu bakarlaria zela erraten nion, bere manera baitzuen kantuz aritzeko!».

Filgi Claveriek aitzinera ezarri du Abeberrik zuen ametsa «kasik» bete zuela; dantzaren profesionalizatzea, hots: «Euskal kulturarentzat maila on baten ukaitea zaila zen, baina berak, Iñaki Urtizbeherea eta Koldo Zabalekin batera, ulertu zuen maila profesionalera eramatea nazioarteko onarpen oso eta unibertsala ukaiteko manera zela. Hain segur, garai hartan ez zen batere modakoa euskal kultura, baizik eta tradizionala eta folklorikoa. Haiek asmatu zuten guk ere euskal kulturan lortzen ahal genuela maila profesionala eta ona».

Claveriek erantsi du kultura politikan Abeberrik ukan zuen eragina: «Pizkundearen sortzaile bat izan da, besteak beste Jean Haritxelar eta Claude Harluxetekin batera, lortu baitzuten EKE sortzea, gauza asko. Miarritzen ere, kultura axuanta zelarik Borotrarekin batera, hiria berpiztu zuten kulturalki».

Ororen buru, Abeberri Ipar Euskal Herriko kontzientzien piztailea izan zela nabarmen du: «Harentzat, kultura ez zen tresna bat politika egiteko, baizik eta sortzeko sentimendua, gure herria bizi dela sentitzeko, euskaltasuna bera, Euskal Herriarena».

Abeberriren «akats» pertsonal nagusia zein izan den salatu du Claveriek: euskara ez jakitea: «Hain segur, min pertsonal handiena zuen hori; ezin transmititzea seme-alabari. Hori litzateke txanponaren beste aldea». Yvonne Poxeluk arrunt bat egiten du honetan: «Euskararekiko sekulako atxikimendua zuen, berak ematen ez bazuen ere. Egitaraua eta antzokiko iragarpenak beti elebiz egiten dira, hola zen eta kito, jende guzia ados ez bazen ere, negozia ezina zen hori».

Urteetan, Euskal Herriko artistak lagundu zituen frankismo garaian, horien artean Mikel Laboa; Goiztiri estudioan egin dituen lehen hiru diskoen grabaketan parte hartu zuen.

Euskal dantzetan aditua zen Abeberri. Aurrerago, 1977an, Euskal Dantzarien Biltzarrak lehendakari ere hautatu zuen.

Thierry Malandain koreografoak azpimarratu du Abeberri dantzaz «errotik maitemindua» zela, usu kontatu bide zuen ttipitan «liluraturik» utzi zuela De Cuevas markesaren balleta ikustera joan zeneko hura: «Uste dut edozein dantzarekiko amodioa landu duela klasikoagoaren aspektua nahasiz euskal dantza tradizionalarekin».

Yvonne Poxelu hemezortzi urtez egona da Biarritz Culture elkarteko zuzendari lanetan, Abeberriren saihetsean, baieztatu du haurretatik dantzazale amorratua zela, laket zuen Abeberrik ttipitako oroitzapena kontatzen zuelarik: Casino antzokiaren hegaletatik dantzariei so egoten zitzaiela, taula gainerat noizbait iganen zela amestuz, «eta hala gertatu zen».

Amodio horren ondorio zuzenak dira Maitaldia dantza festibala abiatu izana 1991n, bai ere, berantago, 1998an, Malandain Biarritz balleta: «Jakes pindarra izan da balleta Miarritzen instalatzera joateko; instituzio bat da. Ezin da gertatu borondate politikorik gabe. Didier Borotra jende jantzia da, eta, auzapeza zelarik, fidatu zen Jakesen tirriaz. Maitaldia aski anekdotikoa da, festibala baita, baina konpainia bat etxean ukaitea bakanetan gertatzen da, zinez».

Poxelu oraino harritua da nolaz kausitu zuten Miarritzen sortzen koreografia zentroa sortu zen: «Normalean hiri handietan da sortzen holako instituzio bat. Garai hartan ez zen posible, baina Abeberrik borrokatu zuen eta lortu zituen konbentzitzen orduko kultura ministro frantsesa eta Thierry Malandain, erakutsiz horretarako gai zela Miarritze, aski zela ikustea Maitaldia festibalaren maila eta ezagupena».

Monumentu gisa deskribatu du Abeberri Malandainek. Horregatik, lehoi batekin alderatzen du; nortasun handikoa zenez, ez baitzen «beti aise». Dena den, horrela borobildu du Malandainek: «Elkarri errespetu handia genion. Biarritz Culturen gertatu ziren aldaketek kalte handia egin zidaten; harengana joan nintzelarik, elkar besarkatu genuen, eta erran zidan: 'jende ona zara'. Horrekin geratzen naiz».

Oldarra eta Maitaldiaz gain, Poxeluk gogora ekarri du zeinen kultura bultzatzaile handia izan zen Abeberri, batez ere sortu zuen Biarritz Culture elkartearen bidez: «Jakesi zor dizkiogu Besta Musikalak; musika klasiko oso maila oneko festibala, lehen lerroko musikariak heldu ziren mundu osotik. Bi harriz lau xori ere Miarritzen sortu da, euskal kultura eta kanpokoak uztartzen dituen festibala, eta nola ez aipa Maitaldia dantza festibala».

Ohartarazi du Abeberrik euskal kulturaz zuen kontsiderazioa; kalitatea zegoen ber, nazioarteko ospe handiko bertze edozeinen parekoa baitzitzaion, eta tokia eskaintzen zion Miarritzen: «Jakesi berdin zitzaion Xirristi mirrixti edo Pariseko opera, denek behar baitzuten lekua; euskal kultura ona bazen, Pariseko operak besteko tokia bazuen Miarritzen».

Poxelurentzat gizon «handia» da zendu dena: «Berezko adieran zein irudizkoan, hor zelarik jakinean zinen hor zegoela, gorpuzkeragatik baina baita ere erraten zuenarengatik, itzal handikoa zen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dozenaka jende agertu zen atzo Baionako auzitegi aitzinean, auzipetuei sostengua erakustera. ©GUILLAUME FAUVEAU

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' inguruko deliberoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan autobidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte. Ekintza justifikatu dute guziek
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Gure erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin»

Joxerra Senar

Hiru urteko etenaldiaren ostean, Plaza Hutsa egingo du Sortuk Burlatan bihar. Militantziaren bilgune horretan, herrigintzari buruz gogoeta egin eta ildo bat ezarri nahi diete aurretik ezarritako sei eremu estrategikoei.
Iratxe Sorzabalen zauriak, 2001eko atxiloaldiaren ostean. ©Berria

Iratxe Sorzabalen kontrako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, torturak ukatuta

Berria

Euskal preso horrek pairatutako torturen berri eman izanak ez du «egiaztatzen» halakorik sufritu zuenik, Gorenaren arabera.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, iazko azaroan, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Artolazabalek otsailaren 14an utziko du sailburu postua

Mikel Elkoroberezibar Beloki

EAJren Gasteizko alkategaia izango da Artolazabal, eta kanpainaurreari heltzeko utziko du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu postua. Esan duenez, «oso gustuko» izango luke bere ordezkoa emakume arabar bat izatea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.