Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileek lan eskaintza publiko «justu eta gardena» eskatu dute

Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaile izateko bitarteko hautagaien % 95ek ez dute azterketa gainditu. Suhiltzaileek salatu dute erabilitako azterketa eredua ez dela egokia izan eta «irregulartasun juridikoak» izan direla.

Suhiltzaileen protesta, gaur, Arabako Batzar Nagusien aurrean. L.RICO/ EFE
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 30a
12:18
Entzun

Polemika handia sortu da Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaileen lehen lan eskaintza bateratuarekin —joan den asteburuan egin zuten, Irunen (Gipuzkoa)—. Izan ere, lan eskaintza publiko bateratuko hautagaien % 75ek ez dute azterketa gainditu, eta, bitarteko suhiltzaileei dagokienez, % 95ek ez dute gainditu lehen proba hori. Suhiltzaileek protestara deitu dute gaur Gasteizen, Arabako Batzar Nagusien atarian, eta han salatu dute lan eskaintzaren azterketa eredua ez zegoela egokituta lanpostua baloratzeko, eta «irregulartasun juridikoak» egon direla ere salatu dute.

Lehen aldia da Arkautiko Akademiak Gipuzkoako eta Arabako 114 lanpostu betetzeko proba bateratua egiten duela. Ezagutza eta gaitasun probak Irunen (Gipuzkoa) egin ziren, eta aurkeztu ziren 1.170 pertsonetatik 287k gainditu dituzte azterketak, hau da, %24,5ek; horietatik 269 gizonezkoak dira, eta 18 emakumezkoak. Horiek aurrera jarraituko dute Arabako Foru Aldundiak eskainitako 46 lanpostu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako 68 lanpostu lortzeko hautaketa prozesuarekin.

Suhiltzaileek salatu dutenez, lan eskaintza «iluna» eta «opakua» izan da hasieratik; besteak beste, jakinarazi dute langileen ordezkariei ez zitzaiela eman deialdiaren oinarrien berri. Azterketaren ereduarekin ere kritiko agertu dira: «Ezagutzari lotutako galderak eskasak ziren; aldiz, proba psikoteknikoak funtsezkoak izan dira». Bestelako «amarruak» ere salatu dituzte, eta lan eskaintza «justu eta gardena» aldarrikatu.

Sindikatuak ere haserre agertu dira lan eskaintzaren ereduarekin. ESK-k eskatu du Arkautiko Akademiak suhiltzaileen LEP bat berriro ez antolatzeko, «gai horretan trebea ez dela erakutsi duelako». ELAk, bestalde, ohartarazi du behin-behineko suhiltzaile «gehienak» lanposturik gabe gera daitezkeela, eta hori lan eskaintza publikoaren proben diseinuarekin lotu du, aldundiek antolatu beharrean, Arkautiko Akademiak antolatu duelako.<br />
LAB sindikatua ere lan eskaintza ereduaren aurka agertu da. Zehazki, sindikatuak deituta, Gipuzkoako suhiltzaileek elkarretaratzea egingo dute etzi aldundiaren parean, eta Eider Mendoza diputatuaren agerraldia eskatu dute azalpenak eman ditzan.

Arabako Batzar Nagusietan ere hizpide izan dute gaia. EH Bilduren ekimenez, oposizioak baso suteak eragozteko baliabide gehiago eskatu dizkio EAJren eta PSEren gobernuari. Gainera, EH Bilduk iragarri du Lurralde Orekako diputatuaren agerraldia eskatuko duela, suhiltzaileen lan eskaintzaren ondoren sortutako kezka dela eta, langile kopurua egonkortzea zailduko duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.