Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko hitzarmenaren alde borrokatuko da LAB Gipuzkoako metalean

Abenduaren 31n iraungiko da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena, eta LABek prentsaurrekoan adierazi du sektoreak dituen beharrei aurre egingo dien hitzarmen baten alde borrokatuko dela.

Prentsaurrekoaren ostean LABek egindako argazkia, Adegiren egoitzaren atarian. BERRIA
inaut matauko rada
2022ko azaroaren 30a
12:52
Entzun

LAB sindikatua hasi da prestatzen datorren urtean Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena berritzeko. Hilabete eskas barru iraungiko da egungo hitzarmena, eta, baldintza berriak zehazteko, patronala eta sindikatuak ados jarri beharko dira datozen hilabeteetan. Beste sektore edo herrialde batzuetan gertatzen ari den moduan, KPIaren igoera eta langileen erosteko ahalmenaren jaitsiera izango da ziurrenik punturik arantzatsuena, egungo testuinguru ekonomikoak baldintzatuta. Hala, LABek prentsaurrekoa egin du gaur Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearen egoitzaren atarian, eta «hitzarmen duina lortzeko bidean» borrokarako prest daudela adierazi dute

Azken asteetan ordezkariekin eta langileekin lanketa egin duela esan du LABek, hitzarmenaren negoziazioetarako plataforma osatzeko. Akordioa lortzeko bidea zaila izango dela aurreikusi du sindikatuak, baina «datorrenari heltzeko prest» daudela iragarri dute. Hitzarmen berriak langileen erosteko ahalmena bermatu behar dutela nabarmendu dute lehenbizi, eta soldatak KPIa bezainbeste igotzeko neurriak eskatuko dituzte. Bestalde, egun lanpostuak «etengabe» galtzen ari direla adierazi dute, eta, horri aurre egiteko, lana banatzea beharrezkoa dela. Hala, urtean 1.592 orduko jardunaldiaren alde egingo du sindikatu abertzaleak.

Gizartearen bilakaerak «hainbat familia eredu» sortu dituenez, langileei baimen eta lizentzia gehiago emateko neurriak behar ditu, LABen ustez, hitzarmen berriak; izan ere, «zaintza, lana eta bizitza» uztartzea gero eta zailagoa da, sindikatuaren esanetan. Langileek pairatzen dituzten gaixotasun arruntei edo lanaren ondorioz sortzen zaizkien gaixotasunei dagokienez, aldi baterako ezintasunak osatzea ere proposatu dute. Azkenik, emakumeek presentzia urria duten sektorea izanda, eta daudenek lantegietan «jazarpena» pairatzen dutenez, sexu jazarpenaren aurkako protokolo bat adostea ere beharrezkoa da, LABentzat, baita emakumeen presentzia handitzeko diagnostiko berezi baten beharra ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.