Albistea entzun

Frogatu dute lurraren %30 eta itsasoaren %24 kontserbatzeak eragin positiboa izanen lukeela giza ongizatean

Unai Pascual Ikerbasqueko ikerlariak parte hartu duen ikerketa batean, mundu osoko aktibo natural kritikoak identifikatu dituzte. Giza ongizatean eragiten duten ekosistema natural eta erdi naturalak dira aktibo horiek.

Mexikoko koral arrezifeak kaltetuta daude turismoarengatik, artxiboko irudia
Mexikoko koral arrezifeak kaltetuta daude turismoarengatik, artxiboko irudia Oceanus Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena -

2022ko azaroak 30 15:40

Giza ongizatean laguntzen duten tokiko ekosistemak kontserbatuko balira, errazagoa izanen litzateke biodibertsitate, klima eta garapen helburu globalak lortzea. Hori ondorioztatu dute Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batean, non, bertzeak bertze, Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu duen.

Basque Centre for Climate Change (BC3), Ikerbasque eta Minnesotako Unibertsitateko Natural Capital Proiektuko adituek egin dute ikerketa, eta, hartan, mundu osoko aktibo natural kritikoak identifikatu dituzte. Giza ongizatean eragiten duten ekosistema natural eta erdi naturalak dira aktibo horiek. Dokumentuaren arabera, eremu horiek desagertzeak ondorio nabarmenak izanen lituzke gizakiaren ongizatean. Beraz, ikerketak erakusten du natura kontserbatzea lagungarria litzatekeela giza ongizateari eusteko, bai tokian toki bai mundu osoan.

Ikerlariek eremu horiek kontserbatu behar direla diotenean, ez diote erreferentzia egiten eremu horiek babesteari bakarrik. Eremu babestuak tokiko aktibo natural kritikoen %15 soilik baitira. Hortaz, adituek diote gainerako eremuak ez direla zertan zaindu giza erabilera eta sarbidea mugatzen duten neurriekin, badirela bertze alternatiba batzuk. Hala nola tokiko komunitateen eta komunitate indigenen gobernantza sistemak edo itsasoaren eta lurraren erabilera jasangarria.

Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena (CBD) Montrealen (Kanada) elkartuko da hemendik aste batzuetara, alor hauetan helburu berriak finkatzeko: biodibertsitatearen kontserbazioa, leheneratzea eta kudeaketa. Orain arte ekosistema eta biodibertsitatea babesteko finkatu diren helburuak, ordea, kritikak piztu dituzte, komunitate indigenen eta tokiko bertze komunitateen beharrak kontutan ez hartzeagatik, bertzeak bertze.

Gabezia horri aurre egiteko garatutako txostena da Nature aldizkarian argitaratutakoa. Izan ere, giza ongizatean eragiten duten aktibo natural kritikoak identifikatzeak nabarmen errazten du natura babesteko erabakiak modu egokiagoan hartzea.

Dokumentuak azaltzen du lurraren %30 eta kostaldeko uraren %24 kontserbatuz gero naturak gaur egun gizakiari egiten dizkion ekarpenen %90i eutsi ahal izanen litzaiokeela. Becky Chaplin-Kramer Minnesotako Unibertsitateko ikerketagile nagusia: «Deigarria da zenbat jendek ateratzen dion onura mundu osoko lurrazalaren zati txiki samar bati. Eremu horiei egungo egoeran eutsi ahal izanen bagenie, gai izango ginateke jendearentzako onura horiek urteetan bermatzeko, bai tokian toki eta bai mundu osoan».

Aktibo natural kritikoak

Pascualek parte hartutako ikerketan hamalau aktibo natural kritiko identifikatu dituzte, eta mundu osoko mapa batean kokatu. Gainera, eremu horietan zenbat pertsona bizi diren eta horietaz zenbat pertsona baliatzen diren ere neurtu dute. Aktiboetako hamabik tokian tokiko eragina dute, eta bik eragin globala.

Horien artean daude, bertzeak bertze, nitrogenoaren edo sedimentuen atxikipena, uraren kalitatea erregulatzeko; ganaduarentzako bazka; etxean eta merkataritza arloan erabiltzeko egurra; aisialdirako lurreko naturara sarbidea; itsasoko aisia –koral arrezifeen turismoa–, eta ekosistemen karbono erreserbak.

Ekosistema horiek munduan barrena banatuta daude, eta, dokumentuaren arabera, herrialde guztietan aurkitu daitezke mundu zabaleko biodibertsitateari eusteko ezinbertzekoak diren eremuak. Horietako batzuen balioa jakina da –Kongo ibaiko arroetako basoena, adibidez–. Bertze zenbait, ordea, ez dira hain ezagunak, baina ezinbertzekoak dira tokiko komunitateendako.

Agintarientzako laguntza

Pascualen erranetan, ikerketak egindako identifikazio lanak ziurtatzen du «aurrerantzean ere ur garbiaren hornidura, elikagaien segurtasuna, ekaitzen aurkako babesa eta naturaren gainerako onurak tokiko komunitateetara eta gizateria osora iritsiko» direla. Gainera, identifikazio eta kartografia horrek agintariei informazioa emanen die martxan jartzen diren kontserbazio eta inbertsio politikek tokiko komunitateetan izan ditzaketen ondorioak kontuan hartzeko.

«Mota honetako ikerketei esker, zubi lana egitea espero dugu kontserbazioari eta garapenari dagozkien ahaleginak optimizatzeko interesa duten mundu osoko profesionalen eta arduradun politikoen natur balioen artean», azaldu du Pascualek.

Izan ere, naturak gizakiari egiten dizkion ekarpenen inguruan orain arte mundu osoan egin den maparik osatuena sortu dute ikerketan. Landu den ikuspuntua hainbat erabaki mailatan erabil daiteke, eta tokian tokiko adituen ekarpenekin osa daiteke. «Mapa globalek ikuspegi globala eman dezakete, eskala handiko patroiak agerian utzi, baina tokiko testuingurua behar dute erabakiak hartu ahal izateko», dio Chaplin-Kramerrek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lege proposamenaren bozketaren emaitza. ©Iñigo Uriz / Foku

Mañeru eremu mistoan sartzeko lege proposamena atzera bota dute PSNk eta Navarra Sumak

Joxerra Senar

Proposamena babestu duten lau taldeek ez dute ulertzen sozialistek nolatan baztertu duten Mañeruko Udalak aho batez onartutako eskaera, eta eskuinaren beldur izatea aurpegiratu diote.

Lezetxikiko aztarnategian eginiko indusketa lanak, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / FOKU

Lezetxikiko hagin bati esker baieztatu dute neandertalak oso berandu arte bizi izan zirela inguruan

Edu Lartzanguren

Diego Lopez-Onaindia ikertzaileak adierazi du kezkatuta dagoela AHTren lanek kobazuloan eginiko kalteekin. Arrasateko Udalak azalpenak eskatu dizkio Lezetxikin eginiko kalteen «kausen eta erantzukizunen» inguruan

AEBetako Amadako M-113 motako blindatu bat, maniobratan, Hohenfelsen (Alemania) 2015. urtean. ©Spc. Tyler Kingsbury

Madrilek «diskrezioa» eskatu du astelehenean Bilbotik Ukrainara bidaliko dituzten ibilgailu blindatuen inguruan

Edu Lartzanguren

Armen bidalketa NATOko herrialdeekin «erabat koordinatuta» egingo da, Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak gaur esan duenez.

Gaindegiaren webgunea, artxiboko irudi batean. ©

Munduko batez besteko gas emisioak halako bi isurtzen da Euskal Herrian

Iosu Alberdi

Gaindegiak '2022ko adierazle galeria nagusia' txostena osatu du, lan publikoaren eten baten ostean. Datu demografikoak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak landu ditu. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.