Sexu erasoak

Bortxaketa bategatik jarritako zigorra lau urtetik hirura apaldu dute Bizkaian

Iragarria zuten Bizkaiko epaileek berrikusketa eskeak aztertzeko asmoa, eta lehen ebazpena eman dute

arantxa iraola
2022ko azaroaren 30a
17:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak zigorra urritu dio bortxaketa batengatik kondenatutako gizon bati, Espainian sexu erasoen inguruan onetsi duten Soilik baietz da baietz lege berriaren irizpideen arabera zigorra berrikusita. Lehen, lau urte eta erdiko kondena zuen; orain, hiru urtekoa. 2019ko uztailean ezarri zioten zigorra gizonari, eta egun ja baldintzapean aske dago.

Hego Euskal Herrian bide horretatik murriztu duten lehen zigorra da. Jakina zen berrikusketa eskeak eginda zeudela hainbat auzitegitan, baina hau da murrizketa bat egitearen alde eman den lehenengo ebazpena. Joan den astean iragarri zuten Bizkaiko Probintzia Auzitegian heltzen zitzaizkien berrikusketa eskeak aztertzeko asmoa, eta horri atxikita heldu da orain erabakia.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak atzera bota zuten zigorra apaltzeko eskea, baina haien irizpidea ez du aintzat hartu auzitegiak. Fiskaltzak argudiatu zuen baldintzapean aske dagoela egun zigortutako gizonezkoa, eta, Zigor Kodea oinarri, kondenaren aldaketarik ezin dela egin orain. Baina irizpide bateraturik ez dago. Horra: Nafarroako auzitegiek, adibidez, zigorrak ez murriztea erabaki dute, baldin eta ezarritako zigorrak lege berriarekin ezarri ahal badira.

Bizkaiko Auzitegiak plazaratu duen autoaren arabera, ordea, ezar zekiokeen «zigor tartearen erdialdean» utzi zuten kondena epaitu zutenean berrikusketa eskatu duen gizonari. Orain, «proportzionaltasun» irizpidea aintzat hartuta, ezar dakiokeen «zigor tartea» apaldu egin denez, aldaketa egin behar da.

EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak lehengo astean aitortu zuenez, kopuruan «garrantzitsuak» izan daitezke apaltzeen inguruko «ahalezko» eskabideak auzitegietan. «Baina beste gauza bat da berrikusiko diren prozedurak zenbat izango diren eta, kondenatuarentzat mesedegarriagoa delakoan, lege berria horietako zenbati ezarriko zaien», zehaztu zuen.
Ebazpenak bateratze aldera, Espainiako fiskal nagusi Alvaro Garcia Ortizek herenegun ebatzi zuen epaiak ez direla berrikusiko baldin eta bere garaian ezarri zen kondena, lege berriarekin ere, Zigor Kodean indarrean badago. Aditu askoren arabera, horrek asko urrituko ditu berrikusketarako onetsiko diren eskabideak.

Gorenaren erabakia

Zigorrak murriztu, baina ez era orokortuan, kasuan-kasuan baizik. Hori ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak asteon zigorren berrikusketaren harira.«Legea auzipetuaren mesedetan aplikatu ahalko da, orain zigor txikiagoa ezartzea dagokien kasuetan», adierazi du, ohar batean. Ñabardura egin du, hala ere: arau berria «kasuan-kasuan» aplikatu behar da, «kasu bakoitza aztertuz, eta ez era orokortuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.