EUSKAL ELKARGOA

Etxelekuk Etxegarairengana joko du, taldearen sorrera gauzatzeko

Gutuna bidaliko diote talde politikoaren sorrera formalizatzeko, eta abenduaren 10eko batzarrerako osatua izatea espero dute. «Kontra» joateko borondatea ukatu dute.

Elkarrekin Herriarentzat talde politikoaren aurkezpena. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko azaroaren 30a
20:07
Entzun

Bazuen izena; orain badu argazkia. Eta baita pixkanaka emendatzen ari den hautetsi zerrenda ere. Peio Etxelekuren inguruan bildu den Elkarrekin Herriarentzat talde politikoaren aurkezpena egin dute Baionako Trinkete Modernoan. Heldu den astean bildaliko diote Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari taldea sortzeko eskaera formala, eta abenduaren 10eko biltzarrerako osatua izanen da. Taldeak izan litzakeen baliabideei buruzko solasa izan nahiko lukete orain lehendakariarekin.

42 izen aurkeztu dituzte prentsaren aitzinean, duela bi aste baino sei gehiago. Baina Etxelekuren hitzetan beste 30 inguru balirateke taldea integratzeko prest. Ondoko asteetan ikusiko da urratsa egiten duten ala ez. Baina, hala bada talde gotorra izanen da Kanboko (Lapurdi) hautetsi, Errobi lurralde eremuko erreferente eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakariaren inguruan.

Aurpegiak erakusteaz gain, zer diren eta zer ez diren zehazteko momentua izan da agerraldia: alderdien ordezkaritza ukatu dute: «Gure herrien ordezkariak gara; gure biztanleena». Kostaldeko hirien «kontra» diren barnealdeko taldea izatea ukatu dute; «lurraldearen interesa lehenesten duen sentsibilitate anitz» batzen dituztela erran dute.

Sorreratik Euskal Hirigune Elkargoaren alde agertu badira ere, funtzionamendua «deszentralizatu», inbertsioei «oreka» eman, eta hautetsiei leku gehiago emateko beharra nabarmendu dute. «Hautetsi anitzek deskonektatu dute, eta hori kaltegarria da», adierazi du Etxelekuk. Hautetsiak «erdigunean» emateko elkartzea garrantzitsutzat jo zutela erran zuen «proposamenak eta zuzenketak egiteko».

Bere bizipena kontatu du Guillaume Barucq Miarritzeko (Lapurdi) hautetsiak. Besteak beste EH Baik eta EAJk babestu zuten zerrenda zabal batean aurkeztu zen, eta oposizioko kide da gaur egun. «Anitzetan iruditzen zait elkargoan ez dudala ezertarako ere balio. Batzarretara heltzen gara, eta bost eta sei ordu artean egoten gara bertan; ateratzean irudipena dugu ez dugula ezer egin». Kostaldeko auzapezen «klub txiki bat» dagoela erran du, eta marmarrak entzuten direla kostaldeak dena bereganatzen duelako. Talde politikoen bidez «zinezko eztabaidak» izateko aukera ikusten du.

Ildo beretik jo du Laurent Intxauspe Donibane Garaziko auzapezak ere. Kontseilu exekutiboaren eta lehendakariaren inguruan «zentralizazio handia» dagoela erran du. «Ez dut ezer Etxegarairen kontra, baina posible ote da berekin eta bere egiteko moduekin osoki ados ez egotea?». Haren hitzetan, Ipar Euskal Herriari buruzko «politika global» bat pentsatu behar da, ondoren lurralde eremuetatik gidatuko dena.

Taldearen barnean dagoen aniztasunaz, eta, beraz, koherentzia politikoaz galdetuta, onartu dute gai guzietan ez dutela bat egin; gai batzuei buruz ez dute oraindik hitz egin. «Ez gara denean ados, baina badira batzuk alderdi berekoak direnak eta ez direnak haien artean ados», moztu zuen Ximun Akozeberri Larraineko (Zuberoa) hautetsiak. Taldearen barnean «hitza librea» izanen dela baieztatu zuten.

Baliabideen eskaera

Oraindik ez dute talde politikoa formalki sortzeko urratsik egin; heldu den astean bidaliko diote gutuna Etxegarairi eta bilkura eskatuko diote. «Mintzatzeko beharra» aipatu du Etxelekuk. Talde politikoak izanen dituen baliabideei buruz mintzatu nahi dute, besteak beste.

Baliabide materialez gain, kolaboratzaile bat edo gehiago izateko aukera ukan dezakete talde politikoek. Horretarako atxikitako diru zama elkargoko hautetsien urteko sarien %30 izan daiteke gehienez ere. Beraz, 300.000 euro inguru, talde guzien artean banatzeko. Elkargoko batzarraren esku da erabaki hori, baina, lehendakariaren iritziak pisu handia du. Denbora osoz arituko litzatekeen kolaboratzaile bat izateko aukera nahiko luke Etxelekuk, gutxienez. «Mila eta 1.500 orri arteko txostenak izaten ditugu batzarretarako. Abenduaren 10ekoa ez dugu oraindik eskuratu», deitoratu du, batzarrak aitzin erabakiak lantzeko beharra azpimarratuta.

Elkarrekin Herriarentzat taldekoen hitzetan, oraingoz ez dute Etxegarairen lekua hartzeko asmorik. Hala ere, interesgarria izan daiteke kalkulagailua ateratzea. Aurkeztutako 42 izenei, integratzear diren 30 inguru horiek batuta, 70 baino gehiago dira; talde politikoan zenbat izanen diren jakina ez bada ere, 40 bat hautetsi inguru biltzen dira EH Bairen inguruan. Horri Frantziako ezkerreko alderdien inguruko hautetsiak gehituta, 232 hautetsien erdia baino gehiago ere izan daitezke. Baina, hori, fikzioa da oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.