Bonba-gutunak

AEBen enbaxadakoei eta Pedro Sanchezi ere bidali dizkiete lehergaiak

Sei dira guztira atzemandako bonbak; horietatik bost azken orduetan atzeman dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioan, AEBen eta Ukrainaren Madrilgo enbaxadetan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Pedro Sanchezen aurkako bonba bat atzeman zuten azaroan. Antzeko ezaugarriak dituzte, eta agian gehiago egongo direla ohartarazi dute.

Espainiako Polizia Ukrainaren enbaxadaren ingurumarietan, atzo. CHEMA MOYA, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abenduaren 1a
10:39
Entzun

Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, sei dira guztira azken egunetan atzeman dituzten bonbak. Azken 24 orduetan bost atzeman dituzte. Espainiako Defentsa Ministerioan, Ukrainak Madrilen duen enbaxadan, AEBek Madrilen duten enbaxadan, Zaragozako Instalaza arma lantegian eta Torrejon de Ardoz herrian den aire basean jaso dituzte lehergailuak; ez aldi berean. Aurretik, azaroaren 24an, Pedro Sanchez presidenteari zuzenduriko beste lehergai bat atzeman zuten Moncloan. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu du ikerketaren ardura.

Publiko egin zen lehena Ukrainaren enbaxadan jaso zuten, atzo, 13:00 aldera. Eztanda egin zuen arte ez zuten detektatu bonba, eta gutuna ireki zuen langilea zaurituta dago leherketaren ondorioz. Gutuna Sergei Pohoreltsev enbaxadoreari zuzendua zen.

Enbaxadako leherketatik ordu gutxira atzeman zuten Zaragozako arma lantegira ailegatutako bonba-gutuna –lantegi horretan ekoizten dira gerran Espainiak Ukrainiari bidaltzen dizkion granada jaurtitzaileak–. Polizia iturrien arabera, segurtasun zerbitzuek susmagarritzat jo zuten jasotakoa, eta, hortaz, erdietsi zuten bonba kontrolatzea. Berdin gertatu da gaur goizaldean Espainiako Defentsa Ministerioan eta Torrejongo aire basean atzemandakoekin: garaiz detektatu dituzte, eta ez da izan zauriturik. Atzeman duten azken bonba AEBek Madrilen duen enbaxadakoa izan da; eguerdian detektatu dute. Gutun guztiek «antzeko ezaugarriak» dituzte, eta kaligrafiak ere bat egiten du.

Horien berri izan ondotik jakinarazi du Espainiako Gobernuak azaroaren 24an Moncloan jaso zuten lehergaiaren berri. Bost bonben artean loturarik den argitzeko ikerketa abiatu du Poliziak. Plazaratutako informazioaren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionala terrorismo delitu gisan ari da aztertzen kasua. Halaber, Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albares Ukrainako Gobernuko ordezkariekin jarri da harremanetan, azken orduetan gertatutakoari heltzeko. Barne Ministerioak ohartarazi du balitekeela kasu gehiago izatea datozen orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.