Eusko Legebiltzarra

EAJk eta PSEk ez dute ontzat jo arrazakeria instituzionalari buruzko diagnostiko bat egitea

Elkarrekin Podemos-IUren legez besteko proposamenaren alde egin du EH Bilduk, eta abstentziora jo du PP+C’-k. Eusko Legebiltzarrak onetsitako testuak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio landu ditzala «diskriminaziorik eza» sustatzeko analisiak, Ikuspegirekin batera.

Iñigo Martinez (EP-IU), gaur, EH Bilduko legebiltzarkideekin hizketan, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 1a
13:47
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arrazakeria instituzionala egon badago. Horretan bat datoz EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+C’s. Arazoari irtenbidea emateko bidean, aldiz, ñabardurak badira batzuen eta besteen artean, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran gaur agerian geratu denez. Elkarrekin Podemos-IU taldeak eraman du eztabaidarako ekinbidea bilkurara. Arrazakeria instituzionalak hiru lurraldeetan duen garrantziari eta eraginari buruzko diagnostiko bat egitea proposatzen zuen legez besteko proposamenak. Iñigo Martinezek egin du haren defentsa. Gogoratu duenez, 1995az geroztik Espainiako SOS Arrazakeria Elkarteen Federazioak arrazakeriaren eta xenofobiaren egoera aztertzen du, eta urteko txosten baten bidez azaltzen diren tipologiak eta espazioak erakusten ditu. Azken urteotan txosten horiek erakutsi dute salaketen kopururik handiena erakunde arrazismoarekin lotuta dagoela. «Arrazismo instituzionala erakunde publikoetatik datorren praktika da, arau, balio eta jarreren multzoa finkatu, sustatu eta bultzatzen duena», ohartarazi du.

Martinezen iritziz, fenomeno horrek nahitaez behar du «metodologia, arau, prozedura eta ekintzei buruzko ikerketa eta diagnostikoa». Hori hala izanik, bi eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Batetik, sei hilabeteko epean, lkusgune-rekin elkarlanean, arrazismo instituzionalaren irismenari eta eraginei buruzko diagnostikoa egitea. Txosten hori egiteko, migratzaileen elkarteek, arrazakeriaren aurkako elkarteek eta giza eskubideak sustatzen esperientzia dutenen parte hartzea bermatu beharko litzateke, eta ikuspegi intersekzionala aintzat hartuko litzateke, testuak jasotzen duenez.

Diagnostiko hori egin ostean, Elkarrekin Podemos-IUk Jaurlaritzari eskatu dio «berariazko neurri eta baliabideekin» ekintza plan bat egin dezala, administrazioko langile guztiek metodologia eta tresna egokiak erabiliko dituztela bermatzeko eta arraza berdintasuna sustatzeko.

EH Bilduk baino ez du proposamen hori babestu. Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, arrazakeria instituzionala amaitzeko «tresna eraldatzaileak» abian jarri behar dira, eta, besteak beste, arrazaren inpaktuari buruzko txosten bat lantzea funtsezkoa da. «Gu guztiok deseroso egoteko unea da, perspektiba horren falta dugulako». Etxebarrietaren iritziz, gainera, berebiziko garrantzia du komunikabideetan lan horren gaineko «pedagogia» egiteak, migrazioarekin lotutako albisteak emateko garaian «populismotik» aldentzeko. Eskaera hori eransteko zuzenketa aurkeztu dio EH Bilduk EP-IUri, baina hura ere ez da onartu.

EAJren eta PSEren zuzenketa, aurrera
EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketa izan da Eusko Legebiltzarrak onetsitakoa. Bi talde horiek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen tresnak nahikoak direla arrazakeriari aurre egiteko, eta ez dela baliabide berririk behar. Hala, gobernuko kideek ondutako testuak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio jarrai dezala kultura aniztasuna kudeatzeko «euskal ereduan» sakontzen. Hartarako, 2022-2025 Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI.Plana eta 2024 Udaberri estrategia tresna egokitzat jo dituzte. Horrez gain, gobernuari galdegin diote Ikuspegirekin lankidetzan, lanean jarraitzeko «aniztasunaren» eta «diskriminaziorik ezaren» alde, txostenak eta analisiak egiten. EAJren eta PSEren proposamena bozkatzerakoan, abstentziora jo dute EH Bilduk, EP-IUk eta PP+C’s-k.

PP+C’s taldearen izenean, bestalde, Carmelo Barriok «interesgarritzat» jo du arrazakeria instituzionala amaitzeko EP-IUk proposatutako ekinbidea, eta akordiorik lortu ez izana deitoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.