Albistea entzun

Literatura

Xabier Leteren obra osoa argitalpen bakarrean bildu dute

Hiru liburukitan batu dituzte idazle eta kantariaren poema eta abesti guztiak. Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi arduratu dira edizioa apailatzeaz —1.000 orritik gora, denera—, eta bost argitaletxek elkarlanean eman dute argitara.

'Xabier Lete. Poema eta abesti guztiak' bildumaren aurkezpena, gaur goizean, Donostian.
'Xabier Lete. Poema eta abesti guztiak' bildumaren aurkezpena, gaur goizean, Donostian. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko abenduak 1

«Lan hau, batez ere, Leteren ondran eta alabantzan egina da; hari eginiko omenaldi bat. Bere obra da 1.000 orri hauen protagonista». Mende erdi baten kantua gordetzen duten orriak, bilakaera baten testigu direnak; egile baten bilakaerarena, eta hura inguratu zuen bizimodu sozial-politiko-kultural guztiarena. Hamabi urte beteko dira igandean Xabier Lete hil zen goiz negutar hartatik, eta, urtemugaren bezperan, haren lirika osoa bildu dute —bai poesia eta bai abestietako hitzak, argitaratuak zein argitaragabeak— hiru liburukiz osatutako kutxa batean. Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxaga Leteren obran aditu eta unibertsitateko irakasleak arduratu dira haren ondare osoa aztertu, oharrez jantzi eta atontzeaz, eta emaitza bost argitaletxek plazaratu dute elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia, Foru Aldundiaren egoitzan, eta Markel Olano diputatu nagusiak gogora ekarri du erakundeak Leterekin izandako lotura —Kultura diputatu izan zen 1980ko hamarkadan—. Han dago, halaber, Xabier Leteren funtsak biltzen dituen artxibategia, eta «ezinbesteko tresna» izan dela azpimarratu du, hain justu, Otaegik. Literatur ondareari buruzko «ikuspegi nazional bat» erakusten duela ere erantsi du, bere ustez, «sendotu beharrekoa».

Sarrera gisara, ehun orri pasako hitzaurrea idatzi dute Otaegik eta Gurrutxagak —bertan oroitu dituzte, besteak beste, aurrez Leteren inguruan egindako ikerlanak—, eta ondotik, hiru adarretan zatitu dute Leteren ekarpen liriko osoa: gazte garaiko hiru liburuak lehenengo liburukian; helduaroko poesiagintza bigarrenean; eta sakabanaturiko poemak, argitaratu gabe utzitakoak, itzulpenak eta abestietako hitzak azkenekoan.

«Edizio honetan eskaini nahi izan duguna da publiko zabalarentzat liburu sorta bat, ez adituentzako edizio kritiko seriosoa; serioa bai, baina irakurle orokorrarentzat egina», azpimarratu du Otaegik. Transmisioak «edizio argituak» behar dituela defendatu du, eta euren egitekoa, hain justu, hori izan dela aipatu; hitzaurreaz gain, testu bakoitzari argibideak erantsi baitizkiote oin-oharretan. «Modu horretan, pentsatzen dugu euskaldun denon ondarea den Leteren poesia hau dastatu, ezagutu eta disfrutatu ahal izango dugula. Hori izan da, behintzat, gure jomuga».

50 urteko bilakabidea

Zehatzago, Egunetik egunera orduen gurpilean (1968), Bigarren poema liburua (1974) eta Urrats desbideratuak (1981) poema bildumak biltzen ditu lehen liburukiak, publikatu zirenetik ez direnak inoiz berrargitaratu; eta Zentzu antzaldatuen poemategia (1992), Biziaren ikurrak (1992) eta egilearen azken liburua izan zen Egunsentiaren esku izoztuak (2008) bigarrenak. Horrek mende erdi bateko ibilia esan nahi duela oroitu du Gurrutxagak, eta erantsi du saiatu direla irakurlea hurbiltzen tarte horretan Letek izandako aldakuntza filosofiko, estetiko, linguistiko eta bestelakoetara.

Lehen bien aldean, hirugarren liburukia da desberdinena, «balio erantsi» aipagarriena ematen diona edizioari, Gurrutxagaren esanetan. Lehen apustua poemen ondoan kantuak biltzea izan dela aipatu du, eta defendatu ezin zela bestela izan, ezin dela Lete partzialki ulertu. «Aniztasun hori da bere ezaugarrietako bat. Ez dago Lete poeta ulertzerik Lete abeslaria gabe, eta alderantziz».

Abestiak, oro har, kronologikoki antolatu dituzte, argitaratuak zein argitaragabeak, eta bakoitzaren iturria ere zehazten ahalegindu dira, ahal izan dutenetan; diskoetako erreferentziei segituta batzuetan, eta artxiboko pistei jarraituta besteetan. «Kontzertuetan banatzen ziren esku-orrietan begiratuta, adibidez».

Argitaratu gabeko poemen multzoa antolatzea ere lan «konplexua» izan dela aitortu dute, eta garbi utzi ez dituztela «zirriborroak» aintzat hartu, soilik amaituta antzeman daitezkeen testuak baizik. Bi dira argitaratzeko prestatu baina azkenean argitara atera ez ziren Leteren poema sortak: Arrastoak eta itzala (1968) —«Juan San Martinek aipatu ere egin zuen publikoki Letek prest zeukala testu hori»— eta Itsaso eragotziaren kanta gogoetatsuak (1976). «Oso poemario ederra», Gurrutxagaren hitzetan, «biltzen dituena garaiko kezka kulturalak, Leteren kezka estetikoak eta kezka soziopolitikoak».

Lete bat eta kontrakoa

Hitzaurrea luze gelditu zaien jakitun, momentuak hala eskatzen zuela argudiatu dute ikertzaileek, «barkamena» eskatu arren, umorez. Mende erdiko ibilbidearen bilakabidea askotarikoa izan dela eta horrek ohar bibliografiko eta biografiko asko gehitzea eskatu diela esan du Gurrutxagak, eta nabarmendu, oroz gain, Leteren «konplexutasuna esplikatzea» izan dutela eurek helburu. «Lete bat eta kontrakoa, eta kontrakoaren kontrakoa izatera iritsi zen Lete bere konplexutasun horretan; horregatik ere luzatu gara».

Otaegi, bestalde, Egunsentiaren esku izoztuak lanera itzuli, eta kasu bitxia dela ohartarazi du. «Gure hipotesia da bere azken liburu hori dela bere emaitzarik umotuena, eta hori poesian gauza harrigarria da. Esaten da poetak gaztetan egiten dituela bere lanik inspiratuenak. Leteren kasuan, gastatuaren gastatuz, jardunaren jardunaz iritsi zen depurazio horretara, tonu orekatu eta neurtu horretara». Irakurlea hori estimatzera heltzea nahiko lukete. Eta, gisa berean, nahi lukete irakurlea jabetzea Leteren literaturak Euskal Herriaren historia hurbileko «argi-itzalez» gogoetatzeko aukera eskaintzen duela. «Obra hunkigarria burutu zuen, disidentziaren, oinazearen eta maitasunaren bidegurutzeetan erroturiko poesia. Modu horretan, euskal lerro nagusietan kokatzen du bere burua».

Bada gai arantzatsu bat Leteren ibilbide gorabeheratsu horretan: 1990eko urteetan, Rainer Maria Rilkeren eta Carles Ribaren dozena bat poema inguru plagiatu zituela jakin zen 2017an. Ez dutela ezkutatu esan du Gurrutxagak, are, hitzaurrean ere jorratu dutela gaia: «Bigarren liburukian daude poema horiek, eta egin duguna da, beste guztiekin bezala, poema horien jatorria non dagoen adierazi. Ez dugu ezer ezkutatu, kontrakoa». Horri lotuta aipatu du, gainera, abestiekin egiteko zegoela azterketa, eta horretan jardun dutela orain. «60ko urteetan oso tipikoa izan zen kantari frantsesen doinuak-eta hartzea, ez Letek bakarrik, garaiko jende pila batek».

Hitz eta doinu askoren jatorria ikertzeko Joxan Goikoetxea musikariarekin aritu dira eskuz esku lanean, eta, hari bezala, Anjel Lertxundiri eta Joxerra Garziari ere esker oneko aipamen berezia egin diete aurkezpenean, bildumaren lehen irakurleei. «Beti da ona begi gehiagoren oharrak izatea».

«Geure buruaren ezagutza eta estimazioa»

Elkarlan baten fruitua izan da bilduma, eta horrek ere egiten du ezohiko. Euskal Editoreen Elkartearen bitartez, Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalapartak hartu dute parte argitalpenean, eta Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak hitz egin du guztien izenean. Gisako bilduma bat sustatzeak «poza eta ohorea» itzuli diela aipatu du —«bai obraren edertasun eta kalitateagatik beragatik, bai egileak euskaldun guztion oroimen kolektiboan duen leku nabarmenagatik»—, eta transmisioaren beharra ere izan du gogoan.

Izan ere, Mendigurenen arabera, Leteren kantu eta poemen «edertasunaren kontzientziak» bizi-bizirik segitzen du adin batetik gorako euskaldunengan; aldiz, mirespen hori belaunaldi gazteagoetan asko apaltzen delakoan da —40 urtetik beherakoak aipatu ditu—. «Alde batetik, normala da, nork bere garaian ezagutu duena miretsi dezake; ezagutzen ez dena, ezin maitatu. Herri bizi batek, baina, behar ditu mitoak, heroiak, belaunaldietan zehar iraungo duten erreferentzia konpartituak», adierazi du, eta Lete mito horietako baten mailan kokatu: «Giza bizitzaren korapiloak norbere barruan sentiarazteko gaitasunagatik, gai sakonenak hurbil egiteko dohain harrigarriagatik, bere karisma izugarri horregatik».

Lete itsasargi batekin erkatu du Elkarreko kideak azkenik, eta ohartarazi du hark argia ematen jarraituko badu, ezinbestekoak izango direla tresnak eta baliabideak aurrerantzean ere. «Ikus-entzunezkoak, komunikabideak, eskolak, argitalpenak... geure esku izango direnak eta geure buruaren ezagutza eta estimazioa bultzatuko dutenak. Horretarako ere kontzientzia sendo bat behar baita, korrontearen kontrako igerian aritu behar dugunontzako».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Norbere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian
Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Erredakzioa

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.