Lan merkatua

Lan merkatuak ez du asko antzeman geldialdia oraindik

Azaroan behera egin du langabeziak, eta gora langileen kopuruak. Hirugarrenez jarraian, kotizatzaileen marka hautsi du Hegoaldeak.

Inoiz baino langile gehiago daude Hego Euskal Herrian. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 2a
09:20
Entzun

Udaz geroztik, moteldu egin da euskal ekonomia, baina ez lan merkatuari kalte handia egiteko adina. Indar handirik gabe izan bada ere, behera egin du langabeziak aurtengo azaroan ere. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, hilaren amaieran 142.203 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, iaz baino 817 langabe gutxiago.

Langabezia tasa %10,37ra jaitsi da, baina nabarmen handiagoa da emakumeen artean (%12,7).
Azaroa hilabete ona izan ohi da enpleguarentzat. 2013az geroztik, urtero jaitsi da langabe kopurua hilabete horretan. Iaz, esaterako, 1.076 gutxiago zenbatu zituen SEPEk, eta 1.006 gutxiago 2019an.

Berriro ere, Nafarroa izan da salbuespena; lurralde horretan 218 langabe gehiago dituzte. Bizkaian, 602 gutxiago daude; Araban, 319 gutxiago; eta Gipuzkoan, 114 gutxiago. Nafarroarena ez da, gainera, datu bakan bat. Aurreko urteetan datu hobeak izan ondoren, 2022an ifrentzua iritsi zaio Nafarroari: azken urtean 209 langabe galdu ditu (-%0,66), eta 7.069 beste hiru herrialdeen artean (-%6).

Egoera kezkagarria dela ziurtatu dute Nafarroako sindikatuek, baina alde onari begiratu nahi izan dio Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak, «egoera orokorrean positiboa da» esanez. Langabeziari ez baizik Gizarte Segurantzako kotizatzaileen kopuruari erreparatu dio Maeztuk, eta aldagai horretan ez dago alderik Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, guztietan gora egin baitu azken hamabi hilabeteotan: %2,06 Araban, %1,88 Bizkaian, %1,81 Nafarroan eta %1,20 Gipuzkoan.

Mugagabeak, lautik bat

Zenbaki osoetan, azaroan batutako 3.658 kotizatzaileei esker, 1.295.540 langile daude Gizarte Segurantzan kotizatzen, inoiz baino gehiago. Badira hiru hilabete jarraian lanpostuen kopuruaren marka hautsi dela, eta gerta liteke abendua laugarrena izatea, hilabete horretan ohikoa baita afiliatuen kopuruak gora egitea, Eguberrietan merkataritzan eta ostalaritzan izan ohi diren kontratazioen ondorioz.

Edonola ere, epe laburrekoa izan ohi da enplegu hori, urtarrilean berriro milaka kotizatzaile galtzen baititu Gizarte Segurantzak. Horrela urrunduko da 1,3 milioi kotizatzaileen langatik, eta ikusteko dago udaberrian helduko ote den, egoera ekonomikoaren susperraldia ez baita uda arte espero.

Lana lortzen duten gehienek aldi baterako kontratu bat sinatzen dute, baina egia da azken lan erreforma indarrean jarri zenetik handitu egin dela kontratazio mugagabea. Azaroan sinatutako kontratuen %25,2 izan dira mugagabeak, iazko azaroan halako bi (%11,8). Are gehiago, azken lau hilabeteetan iaz bezainbeste kontratu mugagabe sinatu dira Hego Euskal Herrian.

Kopuru horiei ñabardura egin diete lan erreformaren aurka azaldu diren sindikatuek: asko dira aldizkako kontratu finkoak (%34,5, Espainian); beste askotan, langileak bota egiten dituzte sei hilabeteko probaldia amaitu ondoren, eta erdiak baizik ez dira jardunaldi osokoak.

Eta erdiak baino gutxiago dira langabezian egon arren hari lotutako sari bat eskuratzen dutenak: %26,7k dute langabezia sari arrunta, %17,5ek subsidioa, eta ia %2k besteren bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.