Finantza publikoak

Estatuak 138 milioi itzuliko dizkio Nafarroari abenduan

Hitzarmen Ekonomikoaren koordinazio batzordean Madrilek eta Iruñeak 2020rako 431 milioiko ekarpen garbia itundu dute, eta aurreko bi urteetako likidazioa Nafarroaren aldekoa da; aurtengoa ere «aldekoa» izatea espero da

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Maria Jesus Montero Ogasun ministroari begira. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko abenduaren 2a
12:01
Entzun

Nafarroako finantza publikoek hauspo handia izango dute aurki. Zehazki, 137,8 milioi eurokoa. Zifra hori azkenik hitzartutakoaren eta aurretik ordaindutakoaren arteko diferentzia da.

Izan ere, hiru urteko atzerapenarekin baina Nafarroako eta Espainiako gobernuek 2020-2024 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu dute: 2020an, Nafarroak estatuari ordaindu beharreko ekarpen garbia 431 milioi eurokoa izatea finkatu dute. Epe horretako lehen urtea ezarrita ondorengo urteetako zifrak eguneratu dituzte eta 2021ekoa azkenik 580,3 milioi eurokoa izango da.

Bi urtetako likidazioa Nafarroaren mesedetan izan da, eta abenduaren 30ean jasoko du. Aurtengoa egitea falta bada ere,behin doikuntzak eginda, «aldekoa» izatea espero du Nafarroako Gobernuak.2023koari dagokionez, aurrekontuetan emandako 635 milioi euroko zifratik «gertu» egongo delaaurreratu du.

Dena den, ez diete kazetariei xehetu zertan oinarritu diren saldoa Nafarroaren aldekoa dela esateko: izan ere, 2021ean 535 milioi euroko ekarpena ordaindu zuen Nafarroak eta aurtengo aurrekontuetan, 573 milioi euroko ekarpena zegoen jasota. Teorian, 2021ean eta 2022an hitzartutakoa baino 93 milio euro gutxiago pagatu du Nafarroak. Zergen doikuntzek egoera irauli dutela esatera mugatu dira.

Zifra dantza

Goizean Iruñean bildu da Hitzarmen Ekonomikoko Koordinazio batzordea, bi gobernuek izendatutako seina ordezkariz osatutakoa. Bilera amaitutakoan, zifra dantza egon da Espainiako Ogasun Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren artean.

2020-2024 epeko lehen urteko ekarpena 510 milioi eurokoa izan zela azpimarratu zuen Madrilek; 2021ekoa, 687 milioi eurokoa, eta aurtengoa, 754 milioi eurokoa. Nafarroako Gobernuak, aldiz, 2020ekoa 431 milioi eurokoa; iazkoa, 580 milioi eurokoa eta aurtengoa, 637 milioi ingurukoa.

Zeri erantzuten dio diferentzia handi horrek? Gobernu bakoitzak bere iritzi publikoarentzat egokien den zenbakiari erreparatu dio, baina egiazki ez dago diferentziarik. Madrilena ekarpen gordina da eta Iruñekoa ekarpen garbia. Egiazki, Nafarroako altxortegiarentzat bigarrenak du garrantzia, likidazioa egiteko hori hartu behar baita oinarri gisa.

Zertan datza aldea? Ekarpena kalkulatzeko metodologian hainbat konpentsazio daude —hala nola, hitzartu gabeko zergak, zerga bidezkoak ez diren estatuaren diru sarrerak, defizita eta itundutako zuzeneko zergak—. Alta, kapital higiezineko irabazien eta Nafarroan estatuarentzat lan egiten duten langile nafarren zerga atxikipenak ere hor sartzen ziren, baina bi gobernuek hitzartu dute atal hori ekarpenaren kalkulutik ateratzea. Hemendik aurrera diru mugimendu horiek doikuntza gisa zenbatuko dira.

Kontabilitate arloko mugimendu horrek ekarriko du ekarpen gordina handituko dela, baina doikuntzaren ondorioz Nafarroaren diru sarrerak handituko direla. Kontuan hartu behar da diru kopuru handia dela: 2020an, atxikipen horien zenbatekoa 79 milioi eurokoa izan zen; 107 milioi eurokoa iaz eta aurten 110 milioi eurokoa. Alta, kontabilitate arloko aldaketaz harago, altxortegiarentzat azken emaitza da garrantzitsuena. .

Zergatik erabaki dute hori metodologiatik ateratzea? Maite Dominguez Hitzarmen Ekonomikoaren zerbitzuburuaren arabera, gainerako konpentsazioek Estatuko aurrekontuetako diru sarrerei edo gastuei egiten zioten erreferentzia baina atxikipenek ez. «Azalpen konplexua du. Etekin eta atxikipen horiek Estatuko Zerga Agentziak biltzen ditu baina guri itzuli behar digu. Kontzeptu hori aurrekontuetatik at zegoenez, ekarpenetik ateratzea erabaki dugu».

Pandemiaren eragina

Akordioan bada beste puntu deigarria. Ekarpena nabarmen handitu da urte batetik bestera. Kontuan hartu behar da ekarpenaren kalkuluaren oinarria estatuaren diru sarrerak direla eta lehen urtekoa pandemiari dagokiola. 2020an diru sarrerak behera egin zutenez ekarpen gordina apalagoa izan da, 2015ekoaren parekoa. Alta, urte batetik besterako eguneratze indizeak estatuko diru sarreren bilakaera oinarri duenez, ondorengo urteek jauzi hori islatu dute.

Ekarpenaren hitzarmenean, zerga doikuntzak berritu dira, eta Foruzaingoaren kostu unitatea hitzartu da: poliziako 56.000 eurokoa. Soldataz gain, gastu arrunta eta inbertsioak sartzen dira zifra horretan, eta aurki Nafarroak bere gain hartuko duen trafiko eskumenaren kostua finkatzerakoan, erreferentzia hori hartuko da aintzat.

Akordioaren nondik norakoen berri emateko agerraldia egingo du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Arratsaldean Txibiterekin batera egindako agerraldian, Saizek zehaztu du %1,6ko egozpen indizea ez dela aldatu —ekarpenaren kalkulurako oinarrizko ehunekoa da, eta Espainiako ekonomiarekiko Nafarroako errentaren eta biztanle kopuruaren arteko pisu erlatiboa hartzen du oinarri; errentak %80 inguruko garrantzia du eta biztanleriak %20koa—.

Txibite, pozik.

2020-2024ko eperako da baliagarri akordioa, baina hiru urteko atzerapenarekin dator, 2020ko ekarpenaren kalkulua 2022 amaieran hitzartu baita azkenik. Pandemia bat tarteko, Txibitek azpimarratu du «egun garrantzitsua» dela. «Pare bat urte daramagu hizketan gure artean, eta akordio honek bi administrazioen arteko harremana sendotuko du. Aurretik ere erlazio hori ona zen, eta lan horren emaitza da akordioa».

Txibitek baliatu du aukera nabarmentzeko aurretik ere Hitzarmen Ekonomikoaren legea berritu egin dela eta bertan zerga berrien eskumena bere gain hartu duela Nafarroak, edo espetxeetako osasun zerbitzuen zein gutxieneko diru sarreren errentaren transferentzia hitzartu dela. Trafiko eskumena «legealdia amaitu baino lehen» itzuliko dela azpimarratu du. «Foru Hobekuntzaren 40. urteurren honetan gaurkoa adibide ona da adierazteko nola egituratzen dugun autogobernua akordioen bitartez».

Bere hitzaldian, Monterok ere bi gobernuen arteko leialtasun instituzionala nabarmendu du. Andaluziako kontseilari zenean Nafarroako foru erregimenarekiko kritiko agertu zenez, akordioa gardena eta Nafarroaren ekarpena elkartasunezkoa ote galdetu zaio. «Inoiz ez dut Hitzarmen Ekonomikoa zalantzan jarri». «Beharbada beti ez da orain bezain gardena izan, baina bi gobernuok argi lan egin dugu akordioa opari gisa ikus ez dadin. Ez da beste lurraldeekiko pribilegioa, eskubide konstituzional horiek Konstituzioan jaso baitziren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.