BOLIVIA - TXILE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. MARTIN ALIPAZ / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 2a
12:09
Entzun

Boliviako presidente Luis Arcek nabarmendu duenez, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Silala ibaiko aferari buruz atzo emandako epaiak bide emango dio Txileko ubide artifizialak desegiteari. «Justiziak berretsi egiten ditu Silalako uretan ditugun eskubideak eta kanal artifizialak eraisteko subiranotasuna», esan du Arcek. Haren hitzetan, «ikerketa zientifikoen lanari eta aldebiko harremanei esker» konpondu dute «herri senide batekin izandako eztabaida», eta erantsi du «herrien onurarako lan egiten jarraituko» dutela. Hagako epaiak, hein batean, Latinoamerikako bi estatuen arteko urak baretu ditu. Silalak Boliviako Potosi departamenduan du iturburua, eta muga zeharkatzen du Atacamako basamorturantz, Lur planetako eskualderik idorrenetako baterantz, Txileko beste ubide batean itsasoratzeraino.

Nazio Batuen Erakundeko organo judizial nagusiak atzo ebatzi zuenez, «ez dago zalantzarik» Silala ibaia «nazioartekoa» dela, bi herrialdeetako administrazioek onartu duten gisan. Halaber, berretsi du Boliviak bere lurraldean dituen azpiegiturak «mantentzeko edo kentzeko eskubidea» duela. Hori bai, Nazioarteko Justizia Auzitegiko presidente Joan Donoghue epaileak bi estatuetako gobernuei eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko, Silalako uren eskubideak eta babesa bermatzeko, ABI agentziak jasotakoaren arabera.

Auzitegiko magistratuak ez du herrialde baten aldeko edo aurkako epairik eman, baina atzera bota du Txilek Boliviaren aurka aurkeztutako auzi eskea. Izan ere, Santiagok La Pazi leporatu zion uraren erabileraren betebeharrak ustez ez betetzea. Era berean, Hagak ez du onartu Boliviaren beste auzi eske bat. Adierazi duenez, Txilek uraren «bidezko eta zentzuzko erabilera egiteko eskubidea» du, herrialdeak baliabide hidrikoak «behar bezala» erabiltzen dituelako. Horiek horrela, Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Ebazpenaren berri izan ostean, Txileko presidente Gabriel Boricek esan du epaia «sendoa, oinarria duena eta kategorikoa» dela, eta auzitegiaren erabakia txalotu du. Aldiz, azpimarratu du Santiagok «elkarlanean jarraitzeko borondatea» duela: «Bolivia bizilagun garrantzitsua da Txilerentzat».

Boliviako Senatuko presidente Andronico Rodriguezek, berriz, azaldu duenez, Txilek urak modu artifizialean bideratu zituela onartu ostean, La Pazek ubideak «bere horretan mantentzeko edo desegiteko erabaki subiranoa» izango du. Hori bai, zehaztu du erabakia ez dutela «berehala» hartuko. Gisa horretara, herrialdeko talde juridikoko bozeramaile Sebastian Michelek iritzi dio Txileko agintariekin solastatzea «beharrezkoa» dela; zehazki, datorren urteko urtarrilean bilera bat egitea proposatu du, ABI Boliviako berri agentziak jakitera eman duenez.

Morales, kritiko

Hagako ebazpenak baretu egin du nolabait 2016an bi herrialdeen artean areagotutako tentsioa, Silala ibaiko aferaren harira. Zehazki, urte hartan, Evo Morales presidente ohiak (2006-2019) mehatxu egin zion Txileri auzitara eramango zuela, Altiplanoako urak «lapurtzeagatik». Akusazio horri erantzunez, Txileko orduko presidente Michelle Bacheletek (2014-2018) auzi eske bat aurkeztu zuen 2018an.

Bada, Hagak emandako epaiari erantzun dio Moralesek, eta Txilek izan duen erreakzioa kritikatu du, Santiagok «garaipentzat» hartu baitu. «Nazioarteko Justizia Auzitegiak errefusatu egin ditu Txilek Silalako urak erabiltzeagatik dituen bost asmoak, eta onartu egin du Boliviak baliabide natural horren gainean duen subiranotasuna eta haren kanalizazioa. Halere, Heraldo Muñoz Txileko kantziler ohiak garaipenaz hitz egin du», adierazi du Boliviako agintari ohiak.

Moralesek Muñozi leporatu dio «azpijokoan» aritzea «etekin politikoa ateratzeko», eta gogorarazi du auzitegiak Boliviaren subiranotasuna onartzen duela: «Txilek, aldiz, ez du eskubiderik lortu». Nabarmendu duenez, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ere uraren erabilera «zuzena eta arrazoizkoa» zehazten du, bi herrialdeen arteko etengabeko lankidetzaren esparruan. «Silalako uren gaineko gure subiranotasuna aitortzen duen epai hau estatu politika baten emaitza da», aitortu du.

Bi herrialdeen arteko gatazka 1879an hasi zen, Boliviak Ozeano Barerako irteera galdu zuenean, Txileren aurkako gerra galdu ostean. Guda hori 1904an sinatutako itunari esker amaitu zuten; hitzarmen horren bitartez, Boliviak eskubidea lortu zuen ozeano horretako portuetatik aske igarotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.