Albistea entzun

Jean-Louis Davant

«Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

Joanes Etxebarria Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza -

2022ko abenduak 5

1975. urteaz geroztik euskaltzain osoa da Jean-Louis Davant (Ãœrrüstoi-Larrabile, 1935), euskara batuaren sortze prozesuan parte hartu zuen idazle zuberotarra. Idatzi dituen liburuen zerrenda luzea da: Zuberoako pastoralak, idazleak, Euskal Herriaren historia publiko zabalari esplikatzeko egin dituenak zenbaitzuk, olerkiak… Hamar pastoral idatzi ditu, horietatik zortzi herritan jokatuak izan direnak, baina segurtzat jotzen du ez duela besterik idatziko, «idazlan luzeak» ez dituelako gehiago egin nahi. Aurten argitaratu du, halere, Allande Oihenartek 1637an argitaratutako Notittia Utriusque Vasconiae lanari oihartzun eginez osatu duen Baskoniako notiziak saiakera.

Arkeologiak historia elikatzen duenez, nola hartu zenuen Irulegiko Eskuaren berria?

Anitz berri harrigarria eta ederra da. Ustekabekoa, egiazki! Iruña Veleiakoa izan zen, eta hor duda handiak badira, polemikak eta… Oraingoan iduri luke seriosago dela; Aranzadik [fundazioak] serios fama handia du. Zernahi gisaz, esku hori hor da, eta erromatarren aitzinako izkribu zahar batean izkribaturik. Eta lehen hitz bat oraino ere bizi dena, zorionari pentsarazten duena. Iduri luke baskoi zaharrek izkribatzen bazekitela, iberiar letra batzuekin eta beren mintzairan.

Esku horren deskubrimenduak ilusioa piztu du, euskararen aztarna zaharra agertu delako. Historian, usu, denbora hartzen da gauzak egiaztatzeko.

Iduri luke afera seriosa dela, funts seriosa baduela, probatzen ahal dena; ez dela dudarik. Jakintsuak ari dira horren inguruan lanean, eta nik konfiantza eginen diet.

Beste zer irakaspen ematen du esku horrek?

Euskal Herrian ere bazirela hiriguneak, euskaldunenak. Euskaldunak ez zirela baserritar soilak, eta, inguruko herrialdeetan bezala, bazirela zibitateak beren hiriburuekin, eta, segur aski, bere buruzagiekin. Eta, segur ere, ez zirela besteak baino gibelago. Euskaldunak usu gibeloi gisa ikusten baitira, eta basa…; horiek ustekeriak eta astakeriak dira, hor proba bat haboro bada. Urrunago eramaten gaitu, beti gauza erromatarrek ekarriak baitira; Philippe Veyrinen liburu bat bada, Les Basques, biziki interesantea, gerla denborakoa, erraten duena laborantza erromatarrek ekarria zela. Aldiz, ogi bihi elibat ediren dira Bizkaian eta Gipuzkoan, Jesu Kristo baino 4.000 urtez zaharrago direnak. Gauza harrigarriak ikasten ditugu arkeologiari esker, eta lehenago ustekeriak zirenak segurtamen bilakatzen dira orain, baina ustekeria horien kontrakoak.

Aranzadi fundazioko ikerlariek, haatik, aurkikuntza horren berri gazteleraz eman zuten.

Erakusten du bide anitz egiteko badugula. Anitz badugu eginik azken bulta honetan, baina oraino anitz baratzen zaigu egiteko.

Nola hartzen dituzu euskararen aldeko kanpainak, Euskaraldian gauden honetan?

Beharra bada, eta aitzina ari behar da, gauza berriak ere asmatuz. Arrakasta handia dute ikastolen batasunek urte oroz antolatzen dituzten bestek, horiek atxiki eta azkartu behar dira, eta besterik asmatu. Baina erakusten dute euskara ez dela normalizatua, ez duela bere leku osoa oraino edirenik, eta aitzina borroka eta lan egin behar dela, ez da dudarik. Aitzinatu gara, baina oraino aitzinatu behar da, prefosta!

Zure herrian zertan da euskaraz bizi nahi duenaren egoera?

Ni euskaraz bizi naiz beti, salbu astean bi aldiz etxetik jaisten naizelarik: egun erdi bat behar dut jateko edo beste gauzen erosteko Maulen edo Sohütan; eta katoliko eta praktikantea naizenez, beste egun erdi bat Sohütara edo zenbait aldiz Maulera. Hor parterik handiena frantsesez da, maluruski. Mezetan ere, euskara guti da Zuberoan.

Garai batez, euskaltzain gisa, Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideen aholkulari zinen. Zer kalitate ikusten duzu euskarazko hedabideetan?

Batetik, aitzinamendua, hiztegi berriarekin. Bestetik, gure hitz zahar anitz galtzen da; beharbada, orain laborari gutiago delakoz ere. Laborantzak leku gutiago duelako oraingo munduan, laborantzako hitz anitz galdu dira, baina ez hedabideetan bakarrik. Laborantza ere frantsesez ikasten dute orain eskoletan; hiztegi guztia frantsesez ikasi eta euskarara sartzen dute. Adibidez, instalatu hitz itsusi hori; guk plantatu erraten genuen. Behin euskaltzale bati plantatu erran nion, ez zen hain gaztea ere hura, eta galdetu zidan zer nahi nuen landatu? «Ez naiz horretaz ari, instalatzeaz ari naiz». Lan anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu. Alderantziz ere gertatzen da atzeman hitzarekin: sesitzen edo harrapatzen den zerbait delarik erabili beharko litzateke, eta beste kasuetan, topatu, ediren, aurkitu, kausitu hitzak badira.

Lerratze horiek, partez, hedabideen eraginez zabaldu dira?

Bai, baina jendeen hutsak hedatzen dituzte. Orokorki, irrati eta horietan, jende haboroxea baino hobeki mintzatzen dira, eta behar ere! Baina gauzak berehala hedatzen dira, onak eta ez hain onak ere. Biak ikusi behar dira, ez da behar beti pleinitu. Xiberoko Botza irratian, adibidez, gazteak dira mintzo direnak, baina euskarari ontsa formatuak direnak, eskolan. Haien adinean ez ginen hain onak, onartu behar da. Anitzek utzi dute erlijioa bazter, baina garai hartan euskara ona katiximan ikasten zen, gauza abstraktuen errateko eta. Euskara ona kurri zen. Behin lagun batek pumaterra aipatu zuen, eta erretore zaharrak, Garindaineko Armagnague batek erran zion hori ez zela euskara, euskaraz lur sagarra dela.

Berriki, Allande Sokarros zenarren omenez egin den liburuan parte hartu duzu.

Allande tai gabe ari zen; lan anitz egin du. Hitz zahar anitz arra biziarazi du; bestela, hitz elibat galtzen baitira belaunaldi batetik bestera. Haren mentsa agertuko da, ez dakit nork hartuko duen lekukoa. Tai gabe ari zen euskararen alde, eta euskaraz. Halako jendea behar da instituzioak akuilatzeko, eta lan egiteko ere bai.

Maite Davant zure iloba errejent gisa agertu zen joan den udan Simone Veil pastoralean.

Kontent izan naiz, prefosta! Ontsa joan zaio. Ez nintzen joan ahal izan, baina konplimendu baizik ez dut entzun pastoral horren inguruan, eta bereziki ontsa joanarazirik zela.

Zuk baduzu beste pastoralik idatzirik?

Hamar izkribatu ditut, horietatik zortzi emanik, eta bat ez da sekula eman, Aita Lhandez, baztertua egin zutelako. Beste bat badut, eman nahi duenak emateko, Zuria Nafarroako erreginaz, Euskaltzaindiak agertu berri duena. Hori hor da, baina gero ez dut besterik izkribatuko. Pastoral idazte anitz bada orain. Ez dut idazlan luzerik egin nahi; idazlan ttipiak edo itzulpenak egiten ditut, historian edo literaturan aholkuak ematen ditut… Egun hauetan doktoregai bat jinen zait literaturaz mintzatzeko.

Transmisioa inportantea zaizu?

Gazte batek galdatzen didalarik eta zerbitzua egiten ahal dudalarik, egiten dut. Baina, bestela, ez dut lana xerkatzen…

Korrika 13ren hasiera, Maulen. Jean Louis Davant euskaltzaina.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Norbere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian
Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Erredakzioa

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.