Lan gatazkak

Akordiorik eza FVEMen zuzendaritzaren errua dela salatu dute sindikatuek

Bizkaiko metalgintzako enpresa askok lan ituna berritu nahi dutela azaldu dute, eta aginte organoa ari dela negoziazioa blokeatzen. Greba «arrakastatsuen» artean negoziaziorako tarte bat irekiko dute.

CCOOk, LABek eta UGTk Bilbon deituriko manifeazioaren aurre aldea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abenduaren 2a
13:28
Entzun

«Astebeteko greba arrakastatsua izan da, orain FVEMi dagokio mugitzea. Guk egin genuen haien eskaintza, patronalaren txanda da orain». CCOOk, LABek eta UGTk Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioari berrekiteko prest daudela nabarmendu dute, eta denbora tarte bat irekiko dute horretarako. Dena den, nabarmendu dute grebaren «erantzun zabalak» arrazoia ematen diela eta ez dutela borroka alboratuko. Era berean, FVEMen zuzendaritzako enpresei egotzi diete akordioa lortzeko zailtasuna.

Bizkaiko metalgintzako astebeteko greba amaitu da gaur. Ordezkaritzaren gehiengoa osatzen duten sindikatuen arabera, erantzuna %85aren ingurukoa izan da, eta «arrakasta» horren eredu da, esaterako, Mercedes Gasteizen duen plantak bi egunez gelditu behar izan duela hornidura arazoengatik. Erantzun horrek FVEMi zer pentsatua eman beharko liokeela uste dute, eta eskaintza «mamidun» bat egiteko akuilua.

Sindikatuek mezu argia bidali diote FVEMi, abendua abagune egokia izan daiteke gatazka amaitzeko. Jaiegun askotako hilabeteak ez dira aproposak greba deialdiak egiteko, eta tarte hori baliatu behar dute matazaren azken hariak lotzeko. «Azken bileretan aurrerapenak egin dira, baina ez dira nahikoa», nabarmendu du Iratxe Azkuek LABeko ordezkariak. Jose Maria Rojo UGTkoak antzeko analisia egin du: «Iragan ostiralean egin zigun azken eskaintza, azken unean, aztertzeko ia tarterik gabe. Negoziazio eskaintza bezala ulertu genuen, eta gero guk beste bat egin genion, gure eskakizun batzuei muzin eginez. Horrelako negoziazio batean presaka ibiltzeak ez du zentzurik».

CCOOk, LABek eta UGTk ez dute greba berririk aipatu. Ez dirudi jarrera oso urrun daudenik. Bizkaiko patronalari ere ez zaio komeni bere negoziazioa Gipuzkoako lan hitzarmenaren negoziazioarekin elkartzea, eskaintzak alderatu daitezkeelako. Zentzu horretan, sindikatuek nabarmendu dute FVEMen barruan ere jarrera ezberdinak daudela. Azkue: «Enpresari batzuek esan digute gure baldintzak onartzeko prest daudela. FVEMeko zuzendaritzan daudenak ari dira negoziazioa blokeatzen: Artetxe, Ormazabal, Sidenor, Tecuni... Horiek dituzte, gainera, irabazirik handienak».

Manifestazio jendetsua Bilbon

Sindikatuek Bilbon deituriko manifestazioaren aurretik egin dituzte adierazpenak. Jendetza bildu da. Bizkaiko metalgintzak aurten egin duen manifestaziorik jendetsuena. Burua Moyua plaza ia osoa gurutzatu zuenean amaiera oraindik Euskadi plazan zen. Amaiera, gainera, oso nabarmena zen, pentsiodunen talde batek itxi baitu mobilizazioa. Ez da istilurik egon, nahiz eta grebalariek suziri oso zaratatsuak bota dituzten, eta horietako batzuek metalezko paperontzi txiki batzuk lehertu. Istiluen aurkako ertzain asko zebiltzan manifestarien inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.