Albistea entzun

Euskararen urtekaria

Hizkuntza eskakizunetan katramilatuta

Izan legedia aldatzeko prozedurengatik, hizkuntza eskubideen kontrako epaiengatik nahiz diskurtso politikoengatik, sarritan euskara hizkuntza eskakizunei lotuta egon da eztabaida publikoan azken ikasturtean. Bada motiborik datorrenean ere hala segiko duela pentsatzeko.

Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioa Iruñean, merezimenduen dekretuaren kontra.
Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioa Iruñean, merezimenduen dekretuaren kontra. Iñigo Uriz/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko abenduak 3 11:11

Administrazio publikoko langileek ba ote duten betebeharrik euskarazko hizkuntza eskakizunei dagokionez, baieztapena bera zalantzan jartzerainoko iritziak eta proposamenak azaleratu dira aurtengo ikasturtean, izan zenbait eragile politiko eta sindikalen adierazpenetan, dekretuetan eta epai judizialetan. Hizkuntza eskakizunen aferak indarra hartu du Hego Euskal Herrian; hein handi batean, Nafarroako Gobernuaren merezimenduen dekretuari eta Eusko Jaurlaritza lantzen ari den eta administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretuari lotuta.

Nafarroako Gobernuak urtarrilean aurkeztu zien sindikatuei administrazioko sarbiderako merezimenduen dekretua, eta, hala, baieztatu egin zen aurrez PSNk aurreratutakoa: euskara ez dela meritutzat hartuko zonifikazioaren arabera eremu ez-euskalduna den horretan.

Euskararen ezagutzak lan deialdi publikoetan zer pisu izango duen arautuko du dekretuak. Ez guztietan, ordea. Izan ere, deialdi publiko guztietan ez da euskara merezimendutzat hartzen, ezta gutxiago ere. Zehazki, hiru deialdi mota arautzen ditu dekretuak: oposizio lehiaketak, lekualdatze lehiaketak eta mailaz igotzekoak. Gutxiengoa dira horiek, hala ere. Gainerako lan eskaintzetan, euskara eskakizuna izan daiteke —lanpostuak hizkuntza soslaia ezarria badu— edo ez.

Gainera, euskara merezimendu gisa hartzeko irizpidea desberdina izango da Euskararen Legearen arabera banatutako eremuetako bakoitzean. Eremu euskaldunean, hautagaiek gehienez ere 11,5 puntu eskuratu ahal izango dituzte oposizio lehiaketetan, eta 4,6 puntu lekualdatze prozesuetan. Eremu mistoan, lehen kasuan euskara jakiteagatik lortu ahalko duten puntuaziorik handiena 6,9 izango da, eta lekualdatze prozesuetan —ez denetan—, 2,76. Eremu ez-euskalduneko eskaintzetan, berriz, euskara ez da merezimendutzat hartuko. Ifrentzuan, Nafarroa osoan merezimendutzat hartuko dira, euskara ez bezala, frantsesa, ingelesa eta alemana.

Egun indarrean dagoen dekretuari egindako moldaketak dira horiek guztiak. 2017koa da jatorrizkoa, Uxue Barkosen gobernuak bultzatutakoa, baina haren eduki nagusia bertan behera utzi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019an, UGTren salaketa bat dela medio, eta, ordutik, eremu mistoko eta ez-euskalduneko deialdietan euskara ez da balioesten. Gobernuak moldatu egin ditu dekretu haren 9. eta 15. artikuluak, eta, horrez gain, bigarren xedapen gehigarri bat gehitu du. Hala, atzera urratsak egin dituela salatu izan du Kontseiluak, bai 2017ko jatorrizko dekretuarekin alderatuta, baina baita UPNren gobernuak 2009an ezarritako dekretuarekin konparatuta ere.

Hain justu, dekretu berriaren kontrako mobilizazioa egin zuen Kontseiluak maiatzean Iruñean. Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean, milaka herritarrek euskaldunen kontrako bereizkeriarekin amaitzeko eskatu zuten. Izan ere, eskubideen esparruan kokatu zuen afera Kontseiluak. «Zirriborroak aurrera eginez gero, ia ezinezkoa izanen da herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea. Ondorioz, administrazioarekin, medikuekin, erizainekin... euskaraz egiteko eskubidea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea larriki urratuko lirateke», ohartarazi zuen, mobilizazioa iragartzeko ekitaldian.

Zaharrak berri

Edonola ere, administrazioarekin euskaraz aritzeko modurik ez izatea ez da berria Nafarroan. Lanpostu elebidunen kopuru urriak arrazoitzen du hori, hein handi batean. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak mobilizazioaren testuinguruan azaldu zuenez, lanpostuen %3 baino ez dira elebidunak, zenbait departamentutan ez da %2ra iristen, eta lau departamentutan ez dago profil elebidunik. Gainera, lanpostu horietako asko eremu euskaldunekoak dira, eta administrazioko lanpostu gehienak eremu mistoan daude.

Adierazgarria da, besteak beste, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan 1.253tik 39 lanpostu baino ez direla elebidunak, Foruzaingoa kontuan hartu gabe, zeinetan profil elebiduna duten lanpostuak 22 baino ez baitira 1.312tik. Egoeraren neurria ematen du Osasun Departamentuak ere. Profil elebiduna duten lanpostu gehien departamentu horretan badaude ere, ez dira %3ra heltzen (%2,3 inguru dira), eta lanpostu horietatik gehienak eremu euskaldunean daude. Halaber, zerbitzu zentraletan dauden lanpostu elebidun gehienak erizainenak dira —47 inguru departamentu osoan—, eta postu horietako gehienak hutsik daude.

Hain justu, profil elebiduna duten lanpostu publikoen eskaintza handitzeko konpromisoa hartu zuen Maria Txibite Nafarroako lehendakariak azaroan: aurreratu zuen departamentuetan onartu beharreko hizkuntza planak aurtengo lehen hiruhilekoa amaitu aurretik negoziazio mahaira igaroko zirela, baina ez da hala gertatu.

Beste molde batean bada ere, hizkuntza eskakizunen eztabaida bizi-bizi dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere. Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretua lantzen ari da Eusko Jaurlaritza —egun indarrean dagoen 86/1997 dekretua ordezkatuko duena—, eta horretan eragin nahian ari dira hainbat eragile, nork bere aldera.

Martxoan ezagutu zen dekretuaren lehen zirriborroa, eta orain artekoaren aldean aldaketa nabarmenegirik ez badago ere, badira zenbait. Nagusietako bat da euskararen mintzamen eta idazmen maila ez dela berbera izan beharko lanpostu batzuetan. Hizkuntza eskakizunik izango ez duten lanpostuen proportzioa orain arteko bera izatea aurreikusten du, halaber. Dekretuaren beste bertsio bat argitaratu zuen geroago Jaurlaritzak. Ez da aldaketa nabarmenik, baina bada bat esanguratsua: salbuespenezko zenbait egoeratan, «lanpostua bete gabe gelditzeak ekarriko lituzkeen kalteak ekiditeko», lanpostuari dagokion euskara maila baino bat edo bi baxuagoa duen hautagaia praktikaldian hartzeko aukera zabaltzen du —aurreko zirriborroak gehienez ere maila bat baxuagoa onartzen zuen—.

Epemuga: 15 urte

Dekretu proiektuari bederatzi zuzenketa egin zizkioten ELAk, LABek eta Kontseiluak, irailaren hondarrean, eta, horrez gain, epemuga jarri zioten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoa euskalduntzeari: 15 urte. Bost urtean herritarrekiko euskarazko harremana bermatuta egotea eskatu zuten hiru eragileek, eta hamabost urtean sekotre publikoak euskaraz jardutea.

Horretarako, besteak beste, hizkuntza eskakizuna duten lanpostu publikoen proportzioa kalkulatzeko modua aldatzea proposatu zuten. Egun, tokian tokiko errolda edo biztanleria eta etxebizitza estatistikan jasotako azken datuak erabilita eta kalkulu matematiko bat eginda ateratzen da zenbateko hori: euskaldunak + (ia euskaldunak/2). Sistema hori «gainditzea» proposatu zuten Kontseiluak, ELAk eta LABek, «hala egin ezean beti geratuko baita aukera sektore publikora beharrezko hizkuntza gaitasunik ez duten langileak sartzeko. Eta langile horien euskalduntzeak gainkostua ekarriko du». Halaber, derrigortasun data ez betetzearen «ondorioak eta salbuespenerako aukerak» ere jasota daude proposamenean.

Gutxieneko hizkuntza eskakizuna B2 izan beharko dela ere jaso zuten proposamenean: «Ezinbestekoa da lanpostuen deialdi berri guztietan B2 hizkuntza eskakizuna, gutxienez, ezarrita izatea, eta lanpostuaren funtzioari edo betekizunari lotutako proba bat, gutxienez, euskaraz izatea».

Kontrako norabidean ere izan dira proposamenak eta eskariak, ordea; administrazio publikorako sarbidea, euskararekin lotutako eskakizunei dagokionez, malgutzearen aldekoek egindakoak. Euskara Denontzat plataforma sortu berriak, esaterako, euskara eskakizunak apaltzeko eta tokian tokiko errealitate soziolinguistikora egokitzeko eskatu du. Plataformako kideen hitzetan, «gehiegizkoa» da euskararen ezagutza mailaren eskakizuna, eta oztopo bat da administrazio publikoan lanpostuak lortzeko orduan; haien iritziz, horrek hizkuntzaren arbuioa eragiten du biztanleriaren zati baten.

Era berean, soilik ahozkoa den hizkuntza eskakizuna sortzea ere galdegin du plataformak, zenbait lanbidetara hobeto egokituko delakoan. Euskara ikastaea doakoa izatea eta langileek euskara ikasteko ordu gehiago izatea ere proposatu dute. Halaber, sinadura bilketa bat abian jartzeko asmoa ere badute, ondoren Eusko Legebiltzarrean herri ekinbide legegile bat aurkezteko.

Epaileak tartera

Euskara Denontzat plataformaren eskariek beste zenbait eragile eta sindikaturenak ere gogorarazten dituzte. Izan ere, batzuetan euren salaketak medio eta beste batzuetan epaileen beren ekimenez, hizkuntza eskakizunen zenbait aferek epaitegietan amaitu dute, eta, kasu askotan, hizkuntza eskubideen kaltetan.

Irungo udaltzainekin gertatutakoa da adibide nagusietako bat. Auziak 2021ean izan zuen sorburua: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta. Alabaina, jarraipena izan du aurten. Ebazpenari helegitea jarri zion Irungo Udalak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian bertan eta Espainiako Auzitegi Gorenean, baina auzitegi horrek irailean ez zuen onartu helegitea, idatziak legez bete beharreko exijentziarik ez duela bete iritzita. Modu horretan, itxitzat eman zuen auzibide hori. Auzitegiak ez zion mamiari heldu, ordea, eta ikusteko dago antzeko kasuetan zer gerta daitekeen.

Eta egon badago saltsa udaltzaingoei eskatu beharreko euskara mailarekin. 2021eko deialdi publikoan jasota zegoen hautagaiek euskarazko B2 maila ziurtatu beharko zutela, baina puntu horren kontrako helegitea jarri zuten CCOOk eta UGTk, eta azken horren helegitea onartu zuen irailean Gasteizko Administrazio Auzitegiak. Ebatzi zuen ez dela beharrezkoa B2 maila eskatzea, hautagaiei, eta, gainera, UGTk eskatu moduan, onartu egin zuen 2019aren aurretik egindako ikastaroak —Arkautiko Ertzaintzaren akademian (Araba) egindakoak— aurkeztu ahal izatea. EAEko Poliziaren Legea aldatu zuten 2019an, eta udaltzaingoen lan poltsarako deialdian aldaketa hori epemugatzat jarri zen, ikastaroak euskarazko gaitasunen frogagiritzat aurkezteko orduan. UGTk, ordea, argudiatu zuen deialdia ez zetorrela bat lege horrek dioenarekin eta, beraz, deialdiaren xedea legea bera aldatzea dela.

Botere judizialak administrazioen eskumenetan esku hartzeko duen gaitasunaren tamaina ematen du udaltzainen lan poltsarekin gertatutakoak, eta, halaber, erakusten du epaileek izan ditzaketen irizpideen menpe dagoela, hein batean, hizkuntza politika. Udaltzaingoaren lan poltsa inpugnatu zuen epaile berak, esaterako, hilabete batzuk lehenago eman zuen beste epai polemiko bat: Arrazoia eman zion hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean lanpostua galdu zuen langile ohi bati, eta udal horri agindu zion langilea berriro har dezala, lehen zuen lanpostuan edo antzeko batean.

Epaiak berak bainoago, hura arrazoitzeko erabilitako argudioek eman zuten zeresana. Epaileak euskararen zailtasuna erabili zuen argudio gisa. Izan ere, haren arabera, administrazioak «ahaztu» egin zuen euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena dela», eta zenbait zerrendatan, «lehena». Arrazoibide horrek dioenez, «hizkuntza honen zailtasun nagusia da ez duela inolako loturarik beste ezein hizkuntzarekin; izan ere, bilakaera bakana izan du, eta horri gehitzen zaio haren egituraren konplexutasuna; hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatu egiten da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean».

Nafarroan, berriz, azken hilabeteetan Navarra Sumak gogor egin du hizkuntza eskakizunak ezarriak dituzten eta eremu mistokoak diren zenbait udalen kontra: Lizarra, Orkoien, Antsoain… Tokian tokiko udalbatzak onartutakoari helegiteak jarri dizkie, eta helegite horietako zenbait onartu egin ditu Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Hala, zenbaitetan udal horiek kendu egin behar izan dituzte hizkuntza eskakizunak, eta beste batzuetan euskara meritu moduan ez aitortzera behartu dituzte.

Urraketak, ohiko

Hizkuntza eskakizunak atzera botatzeko erabakiek egun bermatuta dauden hizkuntza eskubideak urratzea ekar lezakeela irudi lezake, baina ez da, inondik ere, hala. Erakunde publikoetan euskaraz artatua izateko eskubidea ez da errespetatzen, ez legeak horretarako betebeharra aitortzen duen eremuetan, eta, zer esanik ez, horietatik kanpo.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtereoko txostena argitaratu zuen martxoan, 1.199 kexa jaso zituen 2021ean. Ertzaintzak, Foruzaingoak eta herrietako udaltzainek egindako urraketak, hezkuntza arlokoak eta udaletan gertatutakoak ere jasotzen ziren txostenean, baita osasungintzan egindakoak ere. Azken alor horretan diharduten profesionaletako askori dagokie herritarrekin harreman zuzena izatea, baina, hala ere, tratu hori euskaraz eskaintzeko ez dira gai haietako asko. Osakidetzak, esaterako, martxoan jakinarazi zuen langileetatik zenbatek duten egiaztatua dagokien euskara maila, eta, duela bederatzi urte halako bi badira ere, erdiak pasatxo baino ez dira: %52,8.

Hala ere, datuak nondik irakurtzen diren, diskurtsoa nolanahi bihurritzeko aukera dago. Hala gertatzen da administrazioaren euskalduntzearen gaiarekin. Batzuentzat hizkuntza eskubideen urraketa dena euskarazko arta emateko gai ez direnekiko «diskriminazioa» da besteentzat, eta, hala, azken horiek defendatzen dute malguago jokatzea euskara eskakizunik, eta eskatutakoa baino maila baxuagokoei administraziorako sarbidea erraztea. Testuinguru horretan koka daitezke Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ekainean egindako adierazpenak, osasun sistemak duen langile faltaz: «Familia medikuen eta beste espezialitate batzuetakoen defizit bat baldin badago, baldintzak egokitu egin beharko dira sendagileak sartzeko. Ezin dugu espero izan Euskadin lanpostuak betetzeko mediku guztiek laugarren hizkuntza eskakizuna izatea, eta eskakizun jakin batzuek asko zailduko dute hori».

Anduezaren hitzetan, «ezin da gauza bat eskatu eta, gero, ziur asko ezinbestekoak edo hain erabakigarriak izango ez diren baldintza batzuen eskakizuna handitu». Gaineratu zuen osasungintza dagoela «jokoan», eta «denek» jarri behar dituztela «beharrezko tresnak hori birbideratzeko».

Pribilegiatua nor den

Gehiegikeria baita batzuentzat euskarazko gutxieneko ezagutzak eskatzea. Hedatzen ari da diskurtso hori, eta, tarteka, baita eskubideen eta botere harremanen ardatza distortsionatzen ere. Hanka judizialak du, momentuz, hizkuntza eskubideetan atzera urrats handienak eragiteko ahala, aspaldian sarritan erakutsi duenez.

Eskubideok zedarritu behar lituzkeen legedia edukiz hustu eta are murriztaileagoa egiteko asmoaz ohartarazi dute euskalgintzako hainbat eragilek, eta horren jatorria azaldu izan du Iñigo Urrutia legelariak. Kataluniako Estatutuaren kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean emandako epaia mugarritzat dauka: «Diskurtso politiko argi bat dago esaten duena urrunegi joan garela; bereziki, katalanaren normalizazioarekin. Maila juridikoan bidea estutzen ari zaizkigula argia da».

Momentuz, aktbibismo hori administrazioaren euskalduntzeari eragiten ari zaio, baina, zabalik diren auzibideei erreparatuta, agerikoa da beste eremu batzuetara ere hedatu daitekeela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

MHLI taldeko ikertzaileak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, gaur, aldundian. ©JON URBE / FOKU

Euskal liburu asko zentsuratu zituzten Franco hil ostean ere

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Torrealdairen lanari «jarraipena» emanez, MHLI taldeak 1975. eta 1983. urteen arteko zentsurari buruzko liburu bat ondu du. Zentsoreen obsesioa «separatismoa» zela nabarmendu du Ana Gandara ikertzaileak.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Iosu Alberdi

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute ©Lezetxikiren Lagunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTak ez duela «inolako kalterik eragin» Lezetxikin

Isabel Jaurena

Ekologistak Martxan taldeak erran du AHTaren obrek «haitzuloko lurpeko ekosistema hauskorrari» kalte egin diotela.

«PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»

«PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»

Joxerra Senar

Ustekaberik ez zen izan atzo Nafarroako Parlamentuan, baina Mañerun «amorruz eta etsipenez» hartu dute albistea, euren nahiari jaramonik ez dietelako egin Navarra Sumak eta PSNk. Alkateak salatu du «bigarren mailako herritar» sentitzen direla.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...