Euskararen urtekaria

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

jarraia221511.jpg
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 2a
16:36
Entzun

Euskararen erabileran «jauzia» egiteko baldintzak inoizko onenak direla uste du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak (Berango, Bizkaia, 1970), ezagutzari buruzko azken datuetan oinarrituta. Urte hasieran argitaratuko den inkesta soziolinguistikoak urte honetan beste ikerketek ezagutarazitako emaitzak berrestea nahi luke, eta horien argitan egin datozen hamar urteotako bide orria.

Zer iradokitzen dizute euskararen egoerari buruz kaleratutako azken ikerketek?

Datu eta inkesta guztiek esaten digute gaitasunean eta ezagutzan aurrera goazela. Hori ez da txarra. Gertatzen dena da gaitasun maila hori oso plurala dela. Behin eta berriz ikusten ari gara gero eta hiztun berri gehiago ditugula, hiztun berri horiek bizi direla oso eremu, hiri eta herri handietan, eta eskoletan ari direla euskalduntzen. Euskalduntzen ditugu eskolan, baina ez daukate aukera nahikorik euskara erabiltzeko. Datuak nik era positibo batean interpretatzen ditut, ikusten delako, gaitasunaz aparte, hautu sendo bat dagoela lehen hizkuntza euskara ez duten guraso gazteen partetik. Lehen hizkuntza ez duten horiek eta eskolan euskaldundutakoek transmisioaren aldeko hautua egin dute, eta horrek erakusten du badagoela gizartearen hautu bat, euskararen alde. Herritar horiek ez diote euskarari bizkarra eman. Egin behar duguna da euskararentzat esparru gehiago irabazi. Hori da gure obsesioa orain. Ari gara kirolarekin, aisialdiarekin eta eremu sozioekonomikoarekin, guretzat estrategikoak dira.

Elebidunak sortzen asmatu bada ere, horrek ez du bermatzen hiztun horiek euskara baliatuko dutenik, ordea.

Oso garbi daukagu gure aldetik eskaini behar ditugula gaitasunean hobetzeko erraztasunak. Behar duguna da espazioak eskaini etengabe erabil dezaten euskara. Eta hizkuntza ohitura horiek nola sortzen eta trinkotzen dira? Bada, gazte-gaztetatik praktikatuz. Aisialdian egiten dituzten eskolaz kanpoko guztiak euskaraz eskaintzen bazaizkie, era natural batean jasoko dute euskara.

Batuz Aldatu akordiotik talde eragilea osatu dute, adostasun politikoak erdiesteko. Harekin lankidetzan aritzeko prest zaudete?

Kontseiluarekin daukagun lankidetza oso ona da, eta beti esan dugu zenbat eta adostasun handiagoa izan gizartean, orduan eta errazago egiten direla gauza hauek. Guk uste dugu badagoela adostasun nahikoa, bai politikoa ere, eta Hezkuntza Legearekin ikusi da. Legebiltzarraren %90 hor badago, gizartearen %90 hor dago. Hezkuntza munduan adostasun hori egonez gero, nola ez da egongo aisialdian eta kirolean? Orduan, guk ondo ikusten dugu egiten ari diren lana, eta esploratzea ahalik eta adostasun politikorik zabalena, esparru horiek irabazi ahal izateko arinagoak eta eraginkorragoak izateko.

Agerikoa da sintonia, baina, lankidetzatik harago, gobernantza partekatua ere eskatzen dute euskalgintzako eragileek. Posible al da?

Guk egiten duguna da etortzen zaizkigun ideiak lagundu. Gobernantza horretan sinesten dugu, zeren, azkenean, sektore bakoitzean dabilenak daki ondoen nola eraiki euskaratik. Eta alde dugu eragileak egituratuta daudela, ezagutzan eta erabileran sinesten dutela eta motibatuta daudela. Gure estrategia izan da egitura horiek, eragile sozialen egitura horiek, indartzea; jendea pozik izatea eta talentua mantentzea. Horretarako, soldata duinak behar dira, jendea mimatu behar da. Uste dut gobernantzan azken sei urteotan egon dela aldaketa moduko bat. Guk konfiantza osoa jartzen dugu, eta, gure programak aurkezten ditugunean, beti dago euskalgintzako ideia hori garatuta eta guk diruz lagunduta. Eta, funtzionatzen ez badu, lasaitasunez esan dezakegu beste zerbaitetan pentsatzeko. Zer behar duzue? Liberatu bi pertsona eta egin behar duzuena, komunitate honek aurrera egiteko. Gobernantza horretan sinesten dut.

Bingen Zupiriak ekainean adierazi zuen hizkuntza politika berriak finkatu behar direla, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Planean jarri zuen fokua. Zertan da?

Euskara Sustatzeko Ekintza Planak gauza adostu bat izan behar du, eragin ikaragarria duelako. Hor erakunde guztiek egon behar dute, eskumenak oso banatuta daudelako. Momentuz, AMIA [aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahuldadeak: matrize bat da] bat egiten ari gara: zeintzuk diren ahulguneak, mehatxuak eta aukerak hurrengo hamar urteetan, kontuan hartuta ezagutzaren eta erabileraren inguruko datu guztiak. Hori osatu nahiko genuke erakunde guztiekin eta Euskararen Aholku Batzordeko kide guztiekin. Uste dut momentu honetan Euskararen Aholku Batzordean ordezkatuta dagoela ia euskalgintza osoa; nahikoa plurala da. Eta, gero, kontrasteak egiten ari gara gazteekin eta gizarteko gainerako esparruekin. Hortik eraikiko dugu datozen hamar urteotako hizkuntza politika. Hau erakundeok bakarrik ezin dugu egin, baina erantzukizuna ez dugu utziko besteen gainean.

Maila politikoan, hezkuntzan lortutakoaren moduko akordiorik espero daiteke euskararen alorrean?

Gero eta baldintza hobeak daude, baina ESEP izango da froga. Gai bagara, gizartearen aniztasun horrekin kontrastatu ostean, AMIA bat adosteko eta hurrengo hamar urteotan egingo duguna adosteko, hor erakutsiko da gaitasuna. Nik nahi nuke 2023an bide orri bat eraman Legebiltzarrera, adostasun politiko ia erabatekoarekin. Eta datozen hamar urteotan euskarak irabazi beharreko eremuak zehaztuta.

Oraindik ere baliagarria da Euskaraldia, egoerak dituen erronkei erantzuteko?

Guretzat, bi urtean behin egin beharreko entrenamendua da. Frogatzen du estres linguistikoa gutxitzen digula, beste enpatia bat sortzen digula, eta ahaldundu egiten gaituela. Batetik, gai garelako euskaraz leku gehiagotan eta jende gehiagorekin egiteko; eta, bestetik, ariguneetan entrenatutako hamabost egun horietan ikusten dugulako gai garela aurrerapausoak emateko. Ariguneek, gainera, ahalbidetuko dute, behin amaituta, beste eskaintza batzuk egitea, eta erabileraren aldeko beste plan batzuk garatzea.

Euskararen egoeraren zama herritarren bizkar uzten duela ere kritika dakiokeela esango du zenbaitek.

Bai eta ez. Herritarrak urrats hori egin behar du, eta herritarrak erakundeen aldetik behar ditu horretarako baldintza onenak. Ezin dugu erabiltzeko aukerarik eman ez gizarteari, eta gero esan: «Egin, zuk bakarrik, hizkuntzen ohitura aldaketa». Gure ardura da txiki-txikitatik espazio gehiago ematea. Batzuetan zailagoa izango da. Eremu digitalean, adibidez, badakigu, ahalegina egin arren, horko kontsumoak beste hizkuntzetan ere izango direla. Baina hemen bertan egituratu eta bideratu daitezkeen eremuetan ez dugu aitzakiarik. Bide oparoa egin dezakegu hurrengo urteotan, gauzak ondo egiten baditugu.

Lorpen eta erronka jakin batzuetan jarri du arreta Euskaraldiak. Zein dira Jaurlaritzarenak?

Sail guztietan ariguneak sortzea, euskara planetarako eraginkorragoak izateko. Gurean, esaterako, 40 bat izan dira, eta horietan ibili dira 80 langile. Horrek jauzi bat dakar gero lan egiteko orduan. Bestalde, gure xedea izan behar da %100 lortzea herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea, idatziz zein ahoz. Baina erronka nagusia da euskaraz lan egitea. Guk traktore lana egin behar dugu, eta eredugarri izan, eremu pribatuari eskatu behar badiogu hori egiteko. Une honetan ez daukagu inolako arazorik. Udaletan, adibidez Udal Legeari esker, eta garatu genuen dekretuari esker, segurtasun juridiko osoa daukagu euskaraz lan egiteko.

Oraingoz…

Momentuz, bai, baina hori baliatu behar dugu. Zeren bide hori ez du epaile batek suntsituko, baldin eta guk martxa hartua badaukagu.

Hizkuntza eskubideak bermatuta egongo dira, kontuan hartuta hizkuntza eskakizunen dekretuak aurreikusten dituela salbuespenezko zenbait egoera, zeinetan langileak ez duen lanpostuari dagokion hizkuntza gaitasuna izan beharko?

Dekretuak dio formula baten arabera jarriko direla derrigorrezko hizkuntza eskakizunak, baina gauza bat argia da: hizkuntza eskubideak herritar guztiek dituzte. Eremu soziolinguistiko guztietan eskubideak berberak dira. Beraz, erakundeek aldatu beharko dutena da antolamendua. Hizkuntza ofizial bietan zerbitzu eraginkorra eman beharko dute.

Zenbait sektore ari dira eskakizunak jaistea eskatzen. Diskurtso horiek sortzen duten beldurrak eraginik izan du dekretuan?

Kontrakoa. Nik uste dut eraiki dugula nahikoa adostasun. Ehundik gora bilera egin ditugu eragileekin, eta guri indarra ematen diguna gizartearen jarrera da. Bai soziometroan eta bai orain arteko inkesta guztietan gizarteak argi eta garbi uzten du herri langileek euskaraz jakin behar dutela. Hori da bultzadarik handiena. Gizartearen kontrako politikak eraikitzen dituzunean, jai duzu.

Gutxiegizkoa dela dioenik ere bada.

Bai. Arinago egin nahi dituzte gauzak, baina guk uste dugu, hamar urteko epean aldaketak datozenez, eta herri langileak euskaldunak datozenez, arazoa ez dela gaitasuna izango. Nik uste dut asmatu behar genukeela erabileran, motibazioan... Ez nuke nahi jendea derrigortu, baizik eta herri langile horiek ere ikustea kide diren erakundearen hautuarekin bat datozela. Horrek sekulako indarra emango liguke. Adostasuna badago, euskaraz era natural batean egingo dute eta listo. Uste dut dekretua hurrengo hamar urteetarako tresna eraginkorra izan daitekeela.

Euskarazko «eredu orokor eta inklusiboa» eskatu dute hezkuntzako eragile nagusiek. Izango du kabidarik hezkuntza legean?

Gu oso pozik gaude legearen hizkuntzen atalari dagokionez, eta horretaz mintzatuko naiz batez ere. Argi genuen lege honek, nahitaez, irteera profilak ezarri behar zituela; hau da, klaustro batek eta ikastetxe batek jakin behar duela zein den helburua hizkuntzei dagokienez. Eta orain ikusten dut onartuko dela eta ardura handia daukagula. Baina, era berean, planteamendua egokia dela. Eskolaz eskola egin beharko dira ebaluazioak, ikusteko etapaka zelan doazen ume horiek, eta aldatzeko, zerbait aldatu behar bada, eta gizarte berdintasunari erreparatuta. Gauza katastrofikoak esaten dira hezkuntzari buruz, baina ni irakaslea naiz, nire ikasleak hiztun berriak dira asko eta asko, baina helburuak lortzen dira. Behar da proiektu sendo bat, baliabideak jarri baina ibilbidea ia-ia tokian-tokian eta eskolaz eskola eraiki, joan ebaluatzen. Posible da, bai, eta baditugu ereduak.

Ereduen sistemarekin ere posible da?

Beste agertoki batera goaz. Orain ere A, B eta D ereduak ez dira existitzen bere garaian eraiki ziren moduan. Legeak dio euskara eta euskal kultura ardatz dituen sistema eleaniztun bat egin behar dela, eta helburuak zehazten ditu. Egingarriak dira, baina nola lortu ondo diseinatu behar da; eskolaz eskola eta ia-ia gelaz gela.

Titulua hizkuntza gaitasunaren erreflexu den ere zalantzan jartzeko modukoa da.

Kontua ez da titulua, baizik eta haurrak nahikoa gaitasunekin ateratzea, bai eskolatik eta bai unibertsitatetik. Tituluari dagokionez, ez dut uste arazorik dagoenik. Betikoa da. Esaten denean «badatoz C1eko langileak eta ez dakite euskaraz lan egiten», galdetuko nuke: «Eta gazteleraz badakite lan egiten?». Beti pentsatzen dugu gazteleraz kristoren maila dutela. Baina gure herri langileek gazteleraz ez dakite lehenengo egunean lanera sartzen direnean. Zergatik ikasten dute? Beste erremediorik ez dutelako. Bada, hori da egin behar dena: etenik gabe, euskaraz datorrenari, katastrofistak izan gabe, euskara eman, horrek eragina baitu bakoitzaren pertzepzioan. Jarri euskaraz lan egiten, eman ereduak, gazteleraz egiten den moduan, eta ikusiko dugu nola egiten duen. Abokatu batek bere txosten teknikoa euskaraz egiten duela dioen titulu teknikorik ez dut behar, behar dudana da txostena euskaraz egitea, eta lana egitea euskaraz egunero, maila jaso batean eta normaltasun osoz. Eta, gazteei begira, horrek izan behar da mezua.

Hala ere, tituluen menpe dirau oraindik euskaltegiko ikasleentzako diru laguntza sistemak. Ez al da hori aldatzeko garaia?

Egiaztagintza sistema hori mantendu beharra dugu Europako hizkuntza guztietan dagoelako, baina ez da bide bakarra. Hezkuntza sistematik datozenek ez dute titulitis prozesu horretan sartu beharrik. Bestalde, maila jaso bat eskaintzea da gure helburua, eta, horretarako, doakotasunean beste hiru milioi euro jarri ditugu. Zer ikusten dugu? Antolamendurako, euskaltegietarako-eta, behar dela hori. Dirua aurreratzen duzunean, ardura bat daukazu, eta zure buruari bestelako esfortzu bat eskatzen diozu. Eta esfortzua eta kalitatea behar ditugu. Jendeak, mila gauza egiten dituenez, gero eta gutxiago joan nahi du euskaltegira. Dirua aurreratzeko konpromisoa hartzen ez badu, oso erraza da uztea. Hori ere kontuan izan behar dugu.

AEK-k, hala ere, egungo sistema gainditzeko eskatu zuen Korrikan. Epe labur-ertainean aurreikusten duzue aukera hori?

Jada ari gara doakotasunaren bidea egiten, apurka-apurka gero eta diru gehiago jartzen. Horrek eramango du jendea era masiboan euskaltegietara? Oxala. Nik uste dut euskaltegietakoek ere aitortzen dutela hori ez dela bide bakarra. Egin behar dena da hausnarketa bat jendea nola erakarri euskaltegietara, heldu asko eta asko ditugulako euskaldundu gabe. Diruaz bakarrik gara, eta ikusiko dugu orain jarri ditugun neurri guztiekin zenbatek egiten duen bide hori C1era. Orain ere beherakada izan dugu matrikulazioan, inoiz baino diru laguntza gehiago dagoenean. Dirua bakarrik ez da arazoa. Euskaltegiak ari dira hausnarketa horretan, eta gu ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.