Euskararen urtekaria

Ezagutza sistema bat, datorrena datorrela ere

2022ko abenduaren 2a
16:43
Entzun

Adierazle soziolinguistikoen bilakaerak beti sortzen digu interesa hizkuntza gutxitu baten egoera kezkaz bizi dugun herritarroi. Euskararen kasuan, 5 urtean behin bizi ohi dugu hizkuntzaren Ā«osasun-azterketarenĀ» mugarria, hizkuntza-komunitate osoaren argazkia eskaintzen diguten ikerketa soziolinguistiko nagusiak horrela sinkronizatuta gauzatzen baitira. 2021ean zehar egin ziren neurketen, behaketen, galdetegien eta inkesten emaitzak 2022an ezagutu ditugu: Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa, Uemako udalerrietakoa, EAEko erroldako datuen eguneratzea... Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ere heltzear daude.

Kaleetako euskararen erabilerari dagokionez, Euskal Herri osoko batez besteko erabilera duela 5 urteko maila berean kokatzen dela jakin dugu. Soziolinguistika Klusterrak datu horren (eta beste askoren) testuingurua azaldu eta interpretazioa argitaratu zuen maiatzean. Ondoren, hamaika izan dira irakurketak, erreakzioak eta balorazioak. Batek erabileraren jaitsiera espero zuela, besteak uste zuen baino altuagoa dela, harridura, egonezina... Sarritan bakoitzaren espektatibek, aurreiritziek, desioek eta aurre-ezagutzek baldintzatzen dute datuen aurreko jarrera eta irakurketa.

Garbi dagoena da gure bizimoduan eragiten duten fenomeno globalen eraginpean daudela gure praktika linguistikoak: digitalizazioa, globalizazio ekonomiko eta kulturala, migrazio mugimenduak, geopolitika eta klima larrialdia, besteak beste. Mundua aurreikusi ezinezko norabidean aldatzen ari denez, aldaketak barneratzen uzten ez duen abiaduran, euskararen erabileran eragiten duten elementu guztiak ulertzea ere oso ariketa konplexua da.

Gertatzen dena ezagutzeko eta modu eraginkorrean esku hartzeko ikerketa zientifikoa eta berrikuntza dira tresna baliagarrienak. Eta zentzu horretan, euskararen soziolinguistikan hamaika ildo interesgarri eta emankor daude zabalik. Proiektuen garapen taldeetan, jardunaldietan, unibertsitateko bulegoetan, lehiaketa eta beketan topo egiten dugu euskara biziberritzeko baliagarria izan daitekeen ezagutza zorrotza sortzen eta zabaltzen ari garenok. Eta euskal soziolinguistika ekosistema hau hazten, aberasten eta saretzen ari delakoan gaude.

Gaur egun, euskal soziolinguistikaren esparruan zalantzan jartzen ari dira orain arte baliagarriak izan zaizkigun sailkapenak eta kategoriak; hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak ulertzeko eta pertsonen arteko rol linguistikoak proposatzeko ahaleginak egiten ari dira; hirigintzak eta espazio publikoaren konfigurazioak izan dezaketen papera aztertzen ari da; genero-rolen araberako praktika linguistikoetan arreta jartzen ari da; artatsuki begiratzen ari zaie gazteen erreferentziei, ideologia linguistikoei eta praktikei; hiztun berrien muda prozesuen analisia egiten ari da; komunikazio publikoaren esparruan eragiteko bideak sistematizatzeko saiakerak martxan daude; hizkuntza-aniztasunak eta migrazioei lotutako kulturartekotasunaren eraginetan eta aukeretan erreparatzen ari da; hizkuntza-teknologiei lotuta helduko diren aldaketak aurresateko saiakera egiten ari da; ikasgeletan ahozko hizkuntza eraginkortasunez jorratzeko bideak zabaltzen ari dira...

Gurean irekitako bide horiez guztiez gain, mugaz gaindiko harremanak ere areagotzen eta estutzen ari direlakoan gaude. Beren hizkuntza gutxituen etorkizuna eraiki nahian dabiltzan herriekin harremanak joan-etorrikoak dira; maila guztietakoak, gainera: herri mugimenduen artekoak, gobernuen artekoak, unibertsitate eta ikerlarien artekoak... Horrez gain, nazioarteko eremu akademikoaren plazara ateratzeko urratsa egin dutenen zerrenda ere hazten ari da; kongresuetan komunikazioak aurkeztuz eta aldizkari zientifikoetan argitaratuz, besteak beste.

Ez dira makalak euskararen biziberritzearen norabidean begitantzen zaizkigun erronkak. Mundu mailako joera horiek lotuta daude Euskal Herrian ditugun korapiloekin. Belaunaldi berriei beharrezko gaitasun linguistikoak bermatuko dizkien hezkuntza-sistemaren eraikuntza, informazioaren, entretenimenduaren eta komunikazioaren ardatz bilakatu diren ikus-entzunezko baliabideak, administrazio-erakundeek euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu eta euskarazko funtzionamendurantz urratsak egitea, euskara erosotasun osoz erabili ahal izateko guneak sortu eta biderkatzea... Ezegonkortasun eta ziurgabetasun garaiotan, ez digute balio formula zurrunek. Ezagutza zientifikoa, konponbide berritzaileak eta hausnarketa partekatuak produzitzeko gertu dauden pertsonak eta antolakundeak dira heldulekurik onena. Jarrai dezagun, beraz, bide beretik euskara biziberritzeko behar dugun ezagutza sistema elikatzen eta sendotzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.