Euskararen urtekaria

Mikel Arregi: «Ziurtasun juridikoa bermatuko duen lege bat behar dugu»

Nafarroako hizkuntza politika kudeatzen du Euskarabideak. Mikel Arregi zuzendariak argi du eskubideak bermatzetik «urrun» direla oraindik, baina «urratsak» nabarmendu ditu.

jarraia221515.jpg
Ion Orzaiz.
2022ko abenduaren 2a
17:02
Entzun

Amaitzear den urtean ez ezik, legealdi osoan ere «argiak eta itzalak» antzeman ditu Mikel Arregik (Iruñea, 1961), Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaileak.

Hordago ekinbideak deituta, ehunka euskaltzalek manifestazioa egin zuten Tuteran urriaren 22an. Alkatearen erantzuna izan zen eremu ez-euskalduna «blindatzeko» mozio bat aurkeztea, «euskararen inposizioaren aurka».

Batzuek uste dute Nafarroaren egoera soziolinguistikoa dela 1986an Euskararen Legea onartu zenean bezalakoa, eta legeak balio behar duela euskararen aldeko iniziatiba oro moteltzeko, mugatzeko edo baldintzatzeko. Ezta hurrik ere: gaur egungo Nafarroa ez da duela 35 edo 40 urtekoa, eta, gainera, legeak berak ez du halako debekurik ezartzen.

Ez?

Ez. Legean ezer gutxi dago arautua eremu ez-euskalduna deiturikoari buruz. Eta legean ezer esaten ez denez, badirudi debeku dela edozer egitea. Zuzenbidean, baina, zerbait arautua ez egoteak ez du esan nahi ezin denik egin.

Epaileek, ordea, 2017ko Euskararen Dekretuko zenbait artikulu baliogabetu zituzten, eta baita udal askoren lan deialdiak ere. Auzitegien oldarraldi hau espero zenuten?

Gai hauek judizializatzen direnean, zaila izaten da bereiztea zer den arrazoizkoa, zer den eztabaidagarria edo zer harrigarria. Ateratzen dugun ondorio nagusia da anabasa handia dagoela. Euskararen Lege honek ezer gutxi zehazten duenez administrazioan sartzeko prozesuen gainean, ez dago segurtasun juridikorik, eta, horren ondorioz, bakoitzak bere interpretazioa egiten du.

Hortaz, ondorioa da Euskararen Legea aldatu beharra dagoela...

Guretzat, oinarrizko pausoa litzateke segurtasun juridikoa bermatuko duen lege bat indarrean jartzea ahalik eta azkarren.

Aukerarik ikusten duzu horren aldeko urratsak egiteko?

Hori futurismoa egitea litzateke. Ez dakit. Uste dut egoera soziolinguistikoa asko aldatu dela azken urteetan. Garai oso itxi baten ostean, aldaketarako aukera suma daiteke, baina ez dut uste haizea alde daukagunik aldaketa horiek gauzatzeko. Are gutxiago hauteskundeetarako sei-zortzi hilabete falta direlarik.

Zer bide egin beharko luke halako aldaketa batek?

Nafarroako Parlamentuak onartu beharko luke lege berri hori, eta, oraingoz, ez dago horretarako gehiengorik. Bigarren gako nagusia da Foru Hobekuntzak —Nafarroako foru erregimena arautzen duen lege organikoak— zonifikazioaren aipamen zehatza egiten duela. Foru Hobekuntza aldatu gabe, ezinezkoa izanen da zonifikazioa erauztea. Niretzat, hori litzateke onena: Foru Hobekuntzatik ezabatzea herritarren arteko bereizketa hori, eta, horren ostean, euskararen lege egoki bat egitea. Hori gertatu arte, ordea, egin daitezke beste gauza batzuk: adibidez, eskubideetan oinarritutako lege berri bat onartzea, zonifikazioari ezinbestean eutsi behar bazaio ere.

Nola egin daiteke hori?

Zonifikazioa planteatu beharrean ikuspegi mugatzaile batetik, ikuspegi soziolinguistiko bat aplika genezake: argi dago neurrien intentsitatea ez dela berdina izanen Baztanen edo Corellan, ezta? Bada, hel diezaiogun horri: berma ditzagun eskubideak eremu guztietan, baina intentsitate ezberdineko neurriak ezarriz.

Arazoa ez da eremu ez-euskaldunera mugatzen...

Ezta gutxiagorik ere. Azken boladan, protesta gehienak Erriberatik heldu direnez, badirudi arazoa eurek dutela bakarrik, eta gainerako eremuetan herritarrek hizkuntza eskubideak bermatuta dituztela. Ez da horrela. Altsasuar batek ofiziala du euskara, eremu euskaldunean bizi den heinean, baina, Iruñera etortzen den bakoitzean, bere hizkuntza eskubideak desagertu egiten dira. Zonifikazioaren interpretazio itxi baten ondorioz gertatzen da hori. Altsasuar horren eskubidea da zerbitzu publikoak euskaraz jasotzea, baita bere eremutik kanpo dagoenean ere. Administrazioaren egoitza non dagoen, horrek ez luke baldintzatu behar eskubideen aitortza.

Zer iritzi duzu amaitzear den legealdiaz?

Hizkuntza politikaren kudeaketaren ardura egokitu zait azken bi legealdietan, eta esan dezaket ezberdinak izan direla biak. 2015-2019ko aldian [Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek eusten zioten gobernuari], gobernu barruko kohesioa handiagoa zen, eta oposizioaren erantzuna, berriz, oso bortitza. Orain bukatzear den legealdi hau korapilatsuagoa izan da gobernu barruan, eta gizartean ere ezinegonak piztu dira euskararen aldekoen artean... arrazoi osoarekin. Hala ere, ezberdinen arteko adostasun puntuak bilatzeko ahalegin bat ere ikusi dugu. Aurreko legealdian, PSN egon zen oposizioko jarrera itxietan; orain, gobernu akordio baten bidez, iritsi da euskararen aldeko politika batzuk bermatzera.

Zer urrats nabarmenduko zenuke?

Gobernuko departamentuetako euskara planak. Balio dute idatzizko komunikazioa hobetzeko, web atarian euskarazko eduki gero eta gehiago sartzeko, herritarren eta administrazioaren arteko harreman elebidunak sustatzeko... Hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun gaude oraindik, badakigu, baina ari gara. Beste lan ildo batzuk ere indartu ditugu: hedabideetan euskararen presentzia bermatzea; helduen euskalduntzearen finantzaketa gero eta egokiago bat ziurtatzea; Euskadi- Iparralde-Nafarroa elkarlana garatzea eta proiektu komunak adostea; eta hori guztia gauzatu ahal izateko, aurrekontuetan euskarari ematen zaion dirua handitzea.

Zeintzuk dira legealdiko hutsune nagusiak?

Hiru gai nagusi dira: batetik, Euskararen II. Plan Estrategikoa. Hori onartzeko urrats guztiak egin genituen, baina, berrespen ofizialaren zain ginela, desadostasunak azaleratu ziren gobernukideen artean, eta onartu gabe gelditu da. Bigarren hutsunea da auzitegiek 2017ko Euskararen Dekretutik indargabetutako puntuak nola arautuko diren. Ez gaude ados aurkeztu duten merezimenduen dekretu berriarekin, baina, hala ere, gure kezka harago doa: araua ez da indarrean sartu, eta are okerragoa da hori.

Zergatik?

Merezimenduen dekretua onartu gabe dagoen bitartean, eremu mistoko eta ez-euskalduneko lan deialdietan euskarari meritu gisa ematen zaion puntuazioa zero delako. Hutsa. Araua onartzean, euskara ez da puntuatuko eremu ez-euskaldunean, baina bai eremu mistoan, osasun arloko lanpostuetan. Guk ez dugu hori egoki ikusten, euskara Nafarroa osoan puntuatu beharko litzatekeelako, gutxienez, gainerako hizkuntzen pare. Baina dekretu desegokia izanda ere, bada zerbait. Orain ez daukagu ezer.

Zein litzateke agintaldiko hirugarren hutsunea?

Administrazioko postuetako hizkuntza eskakizunen prozesua burutzea. Hizkuntza planen bidez, identifikatua dugu jada zer lanpostutan ezarri beharko litzatekeen euskarazko profila, eta departamentuekin kontrastatu dugu. Hurrengo urratsa da proposamena aurkeztea sindikatuen mahaian, eta negoziazioari ekitea. Txibite lehendakariak aspaldi iragarri zuen hori eginen zuela, baina hilabeteak pasatu dira, eta ez dugu horren berririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.