Gerra Ukrainan

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 2a
17:05
Entzun

Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak atzo adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin «hitz egiteko prest» dagoela, «Ukrainako gerra amaitzeko interesa adierazten badu». Gehitu zuen «oraindik» ez duela interesik adierazi. Gaur, Errusiako Gobernuak erantzun egin dio Bideni. Putin «negoziatzeko prest» dagoela nabarmendu du Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak, baldintza batekin: «Gure interesak bermatzeko».

Peskovek gaineratu du AEBek «oztopatu» egiten dutela gerraren amaiera, «ez dutelako aitortzen» Ukrainako Luhansk eta Donetsk eskualdeak «Errusiaren esku daudela». Biden eta Putin ez dira elkartu otsailaren 24an Ukrainako gerra hasi zenetik.

Ordutik hona, Ukrainako armadako 10.000-13.000 soldadu hil dira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari nagusi Mikhailo Podoliakek gaur adierazi duenez. Nabarmendu du Ukrainako armadaren «estimazio ofiziala» dela, eta gehitu du 6.000 zibilek galdu dutela bizia gerra hasi zenetik. Abuztutik lehen aldiz plazaratu du gaur Ukrainako Gobernuak hildako kopuruaren estimazioa.

Hildakoez gain, giza eskubide ugari ari dira urratzen Ukrainako gerran. Hala nabarmendu izan du Ukrainaren inguruko Ikerketaren Nazioarteko Batzorde Independenteak. Martxoan sortu zuen batzorde hori NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak, Ukrainako gerran gerta litezkeen giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketak ikertzeko. Batzordea hamargarren misioa ari da egiten Ukrainan azaroaren 28tik. 2023ko martxoan emango dute ikerketaren ondorio guztien berri, baina gaur Kieven egin duten prentsaurrekoan nabarmendu dute haurren eskubideak urratu egiten dituztela Ukrainako gerran. Ohartarazi dute egunetik egunera haurren osotasun fisikoaren bortxaketak areagotzen ari direla Ukrainan.

Gerra ikasgelara heldu da

«Hainbat amak esan digute beren haurren hezkuntza eskubidea urratuta dagoela», adierazi du Jasminka Dzumhur Ukrainaren inguruko Ikerketaren Nazioarteko Batzorde Independenteko kideak. Batetik, adierazi du hainbat ikastetxe suntsituta daudela operazio militarrak egiten dituzten eremuetan, eta, ondorioz, haurrak ezin direla eskolara «fisikoki» joan.

Bestetik, Dzumhurrek ohartarazi du ikaskuntza mantentzeko alternatibak ere oztopatuta daudela. COVID-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako ikaskuntza prozesua izan da —online bidezkoa— ikastetxea suntsitua duten haur askok eskolara joateko izan duten modu bakarra, baina sistema hori ere «arriskuan» dagoela salatu du batzordeko kideak. Ukrainako hainbat eremutako —Kieveko, esaterako— elektrizitate eskasiak zaildu egiten du haurrek ikasten jarraitu ahal izatea, Dzumhurrek azaldu duenez.

Bestalde, batzordeak salatu du Errusiaren jarrera ez dela lankidetza bultzatzekoa. «Errusiako Federazioarekin kontaktua izaten ahalegindu gara, baina ez dugu erantzunik jaso. Horregatik, frogak biltzea zaila da», adierazi du batzordeko kideak.

Ukrainako gerran sexu indarkeria jasan duten emakumeen testigantzak jasotzeko «zailtasuna» izan dute batzordekoek, Dzumhurrek nabarmendu duenez: «Askok ez dute publikoki kontatu nahi bizi izan dutena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.