Euskararen urtekaria

Antton Kurutxarri. «Aski indarrik ez dugu egin beharrekoa egiteko»

Euskararen Erakunde Publikoak irakaskuntzara bideratzen du indarraren zati handi bat. Lehendakariaren ustez, beste arlo batzuk jorratu beharko lituzkete.

jarraia221520.jpg
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 2a
18:02
Entzun

EEP Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria da Antton Kurutxarri (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1978). EEPren helburua euskararen aldeko politika publiko bat burutzea da. Horretarako, erakundea indartu behar da, hala esan dio Kurutxarrik BERRIAri, azaro hasieran emaniko elkarrizketan. Ipar Euskal Herriko euskararen egoerari buruz ere mintzatu da.

Soziolinguistika Klusterraren arabera, euskararen kaleko erabilera beherantz doa Ipar Euskal Herrian. 1997an, %8,3koa zen erabilera, eta egun, %4,9koa. Zergatik da gero eta txikiagoa portzentajea?

Badira arrazoi batzuk. Hasteko, euskarak ez du estatutu berezirik. Ez du sortzen nehorrentzat beharrik edo obligaziorik. Konstituzioan ondare gisa sartu da, ez dakit zenbatgarren atalean, baina biziki urrun. Ez da kontsideratua beharrezko hizkuntza. Horrez gain, badugu hemen Euskararen Erakunde Publikoa. Estatua, departamendua eta Euskal Elkargoa hartzen ditu barnean, hizkuntza politika bat garatzeko, baina ohartzen gara gaurko egunean EEPren indarrak bukatuak direla. Gaur duen indarra eta finantzabidea ikusita, ezin du eraman politika publiko bat behar lukeen bezala. Ezin du dena bakarrik egin. Gainera, Ipar Euskal Herria bada gune biziki erakargarri bat. Ipar Euskal Herrirat etortzen dira euskaldunak ez diren pertsona asko: aktiboak edota erretretadunak. Aktiboak direlarik, anitzek ez dute denborarik euskararen ikasteko, nahiz eta euskarak irudi on bat izan. Eta erretretadunek ez dute euskararen menperatzearen beharra.

EEPk indarrak bukatuak dituela diozu; zelan aurre egin ahal zaio horri?

EEPren helburua da euskararen aldeko politika publiko indartsu baten eramatea, eta ikusiz zenbat langile ditugun EEPn —hamalau—, eta ikusiz nolakoak diren erronkak, aski indarrik ez dugu egin beharrekoa egiteko. Gure indarren parte handi bat irakaskuntzan joaten da. Eta ez dut erraten ez dela egin behar, egin behar da. Baina arazoa da EEPk energia ikaragarria xahutzen duela horretan, eta beste arlo batzuk ez direla aski sakonki jorratuak. EEP indartu behar da. Ez dut erraten EEPk ez duela indarrik, erraten dut ez duela aski indarrik. Indarra badu, eta irakaskuntzan ikusten da: eskola gehiagotan sartu da euskara, eta murgiltzea zabaltzen ari da. Baina gauza horiek guztiek ez dute euskararen erabilpena betetzen. Beste arloetan behar genuke indartsu izan; ez gara aski indartsu.

Erabilera areagotzeko, nola eragin dezakete administrazioek?

Administrazioak behar ditugu elebidundu, eta hori gure eginbeharretan da, bereziki Euskal Elkargoan. Biztanleekin harremanetan diren bulego guztietan behar da antzeman euskaldun bat; horrela, jendeak erabiltzen ahal luke hori. Badira sistema batzuk. Euskaldun bat badelarik bulego bateko harreran, eramaten du marka bat, erakusten duena berarekin euskara erabil zenezakeela. Hori, lurraldeko administrazioan. Estatuaren administrazioan ez dira behartuak; joaten zara postara edo hegazkin txartel bat erostera, eta nehork ez zaitu behartzen. Hor EEPk badu lan handi bat, instituzio publiko eta pribatuetara joatea, segurtatzeko zerbitzu bat izanen dela euskaraz.

Euskal Elkargoaren webgunean orri batzuk frantses hutsean daude. Hori ez ote da kaltegarria euskararen ikusgarritasunarentzat?

Bai. Euskal Elkargoan euskara zerbitzua txikia eta transbertsala da, eta behar du eragin beste zuzendaritza guztian. Badira bi edo hiru langile. Haien ofizioa da joatea garraioen zerbitzuetarat, garraioak elebiduntzeko, joatea hondakinen zerbitzuetarat, elebiduntzeko. Elkargoan, euskara zerbitzuan, ikaragarrizko urratsak egin behar ditugu zerbitzu horien euskalduntzeko. Komunikazioan sartu behar gara, komunikazio osoa elebiduna izan dadin. Anitz orri frantsesean daude bakarrik, eta hori da beste muga bat. Langileak bikoiztu edo hirukoiztu beharko genituzke , zinez eraginkorrak izateko.

Zer egin dezakete udalek herrietan euskara presenteago eta ikusgarriago izan dadin?

Igortzen ahal dituzte langileak euskarazko formakuntzetara, edo euskara munduko elkarteak gehiago diruztatu. Herriko etxeak berak proposatzen ahal ditu ekitaldi batzuk euskaraz, edo lehenesten ahal ditu euskaraz eginen diren antzerki edo kontzertuak. Herriko etxeak baditu anitz manera euskarari presentzia handiagoa emateko, eta plazan eta publikoki leku bat emateko.

Irailean EEP Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bildu zen, euskarazko irakaskuntzaz aritzeko. «Inpresio onarekin» atera zineten. Zein aldaketa igarri dituzue?

Orain ohartzen gara, bi hilabete geroago, inpresioa baizik ez dela izaten. Ez dugu erantzun izpirik. Ez dugu ulertzen. Urrian, berriz ere, nik jo dut ministerioaren atera, bi aldiz. Gutun baten bidez, nire bi lehendakariordeekin. Nire bi lehendakariordeak dira Maider Behotegi Pirinio-Atlantikoetako departamenduko ordezkaria, eta Frederique Espagnac, senataria eta Akitaniako Eskualdeko hautetsia. Elkargoak, departamenduak eta Akitaniak —gainera, Espagnac parlamentarien izenean ere joanen delarik—, berriz dei egin diegu, jakiteko zertan diren haien gogoetak, errana baitziguten erantzunen zutela epe onargarri batean. Brebeta euskaraz pasatzeko aukera eztabaidatuko zutela esan zuten, eta epe onargarri batean emanen zutela erantzuna, baina ez dugu berririk. Sare publiko eta pribatuetan euskara hutsean ari diren ikasgelen irekitzearen inguruan ere gauza bera. Gutunetan horri buruzko galderak berriz plazaratu ditugu.

Joan den ikasturtean, azterketak euskaraz egiteko mobilizazio ugari egin zituen Seaskak. Eragina izan dute protestek?

Mementoan ez. Deus ez da mugitu. Eragina izan du gaia plaza erdira eraman baitu eta Hezkunde Nazionalarentzat gai bat bilakatu baita, baina Hezkunde Nazionalaren jarrera ez da aldatu. Izan karrikan edo izan, gu bezala, parlamentari eta EEPko hautetsien arteko bilkura batean Parisen, deus ez da aldatu.

Zein da EEPk Seaskarekin duen harremana?

Seaska dugu aktore inportante bat populazioaren euskalduntzeko. Seaskak hautatu duen ereduak, murgiltze osoarenak, frogak eman ditu; euskal hiztunak sortu ditu. Euskararen aldeko politika publikorako, Seaska da eragile nagusietariko bat.

Joan den hilabetean AEK-k salatu zuen prekaritatean bizi zirela. Nola hartu zenuten?

Ulertzen dugu haien egoera. Errezibitu ditugu AEK-koak, horren berri ukaiteko. AEK-k erraten diguna da langileen bizi baldintzak onartezinak direla eta lana ongi egitea gero eta zailagoa dela. Hori entzuten dugu eta partekatzen dugu, baitakigu hala dela, eta bat egiten dugu erraten dutenarekin. AEK-k jendearen euskararen erabilera sustatu edo hobetzen du. Eta hor, EEPk baditu mugak. Mementoan ez gara aski langile, eta ez dugu aski dirurik gai horretan ongi lan egiteko, AEKren ongi laguntzeko.

Erakunde publikoei dei egin zizueten. Publikoki behintzat ez duzue erantzunik eman.

Ez, goizegi da erantzun publiko baten emateko, baina eman beharko da noizbait. AEKrekin harremanetan gara. Lan bat abiatu da EEPren barnean, AEKrekin eta beste eragile batzuekin, AEK ez baita bakarra helduen euskalduntzearen inguruan. Lan egiten dugu haiekin, baina eman beharko da noizbait. AEKrekin harremanetan gara. Lan bat abiatu da EEPren barnean, AEKrekin eta beste eragile batzuekin, AEK ez baita bakarra helduen euskalduntzearen inguruan. Lan egiten dugu haiekin, baina orain mementoan erantzun publikorik ezin da eman.

EEPren aurrekontua bikoiztu beharko litzatekeela esan du Euskal Konfederazioak. Posible da?

Ez da dudarik helduen euskalduntzea eta AEK-k eginen duen lan guztia premiatsua dela. EEPrentzat AEK estrategikoa da. Baina hori da instituzioen artean landu behar den negoziazio bat. Horregatik ez dugu erantzun publikorik ematen ahal mementoan, negoziazio hori landu behar delako instituzioen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.