Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen alde adostasunak josteko aldarria, aho batez

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta hura ospatzeko ekitaldi eta adierazpen ugari egin dituzte instituzioek, alderdiek eta eragileek. Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateek duela 40 urte Euskararen Legeak lortutako adostasuna goratu dute. EH Bilduk esan du euskararen alde «adostasun berriak» eraikitzeko unea dela.

Eusk Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek Euskararen Eguna ospatu dute Gasteizen. IREKIA
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 3a
13:35
Entzun

Eusko Ikaskuntzaren ekimena izan zen abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatzea. Zehazki, 1948an Baionako batzarrean hartutakoa. Denbora asko igaro da ordutik, baina oraindik euskarak bultzada handien beharrean segitzen du. Gaur, instituzioek, alderdiek eta eragileek hainbat ekitaldi eta adierazpen egin dituzte egun seinalatua ospatzeko. Eta denean izan da mezu bat: adostasunetik izango du euskarak etorkizuna.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio nagusiek Gasteizko Europa Jauregian ospatu dute Euskararen Nazioarteko Eguna. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek Euskararen Eguneko adierazpena adostu dute bertan. Adostasunetik, etorkizunaren giltzarri izenburupean ondu duten agiriak dio duela 40 urte onartutako Euskararen legea «adostasun zabal eta sendo» baten gainean eraikitakoa dela, eta hargatik dela «eraginkorra»: «Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere ez adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasunik eza». Adierazpenaren sustatzaileen iritziz, Euskararen Legearen adostasunaren ildotik jarraitu behar da bidea egiten. «Desberdinen arteko adostasunean bilatuko dugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren puntu kritikoa, giltzarria. Hortik kanpora, euskarak galbide lukeen liskar soziala baizik ez». Gizarte eleaniztasun bat eraikitzerakoan Euskaraldiak biltzen duen «adostasun sozial eta politikoaren neurria» baliagarri eta bide erakuslea ere badela azpimarratu dute.

Ekitaldian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak goraipatu egin du Euskararen Legea, eta hura landu, onartu eta bideratu zutenen «ausardia demokratikoa» ospatzeko eguna dela esan du. Lehendakariak lanari eta konpromisoari eusteko deia ere luzatu du, «erronka berriei ere adostasunez aurre egiteko».

Bestalde, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak ohar bidez gogoratu du Euskararen Eguna. EAJk ere Euskararen Legearen 40.urtemuga gogora ekarri du, azpimarratzeko lege haren benetako indarra dela «adostasun zabal sendo» baten gainean eraikitakoa dela, eta hortik datorkiola «eraginkortasuna».

EH Bildu: «Jauzi politikoak behar ditugu»

EH Bilduk Irulegiko eskuaren aurkikuntza gogoan izan du Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunean. Ohar bidez egin du koalizioak egun seinalatuaren inguruko irakurketa. Hain justu, azpimarratu du Irulegiko eskuaren aurkikuntzak «bizipoz apur bat» ekarri diola hizkuntza gutxituen kontrako «eraso politiko eta judizialak» areagotzen ari diren garaietan.

Euskarak etorkizunean dituen erronkei dagokienez, EH Bilduk azpimarratu du badela garaia «etorkizunera jauzi egiteko» eta eta beharrezko konpromiso eta bitartekoak aktibatzeko. Hizkuntza politika aldarrikatu eta «adostasun berriak» eskatu ditu EH Bilduk. Hego Euskal Herrian «jauzi politikoak» behar direla iritzita, bi proposamen egin ditu. Nafarroan, zonifikazioa gaindu eta euskararen ofizialtasuna ekarriko duen araubide berriaren aldeko urratsak galdegin ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, hizkuntza politika berriaren aldeko «adostasun politikoa» josteko galdegin du, eta hartarako, Euskararen Lege berria osatzeko prozesuari ekiteko.

Euskararen erabilera, behera

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bestalde, adierazpen instituzional batean adierazi dute euskararen alde «ekiteko garaia» dela. Kezkagarritzat jo dute azken inkestek erakusten duten euskararen erabileraren beherakada, batez ere herri euskaldunetan, eta beraz, iritzi diote urratsak egiten jarraitzea ezinbestekoa dela. «Euskarak guztion parte hartze aktiboa behar du».

Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok ere hizpide izan du Euskararen Nazioarteko Eguna. Adierazi du euskarak bizi duen egoera aztertzeko garaia dela, eta baita hemendik aurrera abian jarri beharreko politikak ebaluatzekoa ere. Izan ere, Euskararen Legea onartu zenetik 40 urte igaro direnean, euskararen erabilera lehen aldiz gutxitzen ari dela ohartarazi du. Hori dela eta, erakundeen arteko lankidetzaren alde egitera deitu du, «euskarak epe labur eta ertainean dituen erronkei aurre egin ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.